kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Pernando Plaentxiatarra / Jon Etxaide / Itxaropena, 1957

Pernando Plaentxiatarra Luis Mitxelena / Egan, 1957

Liburu honetan ageri dira bilduak Plaentxiako Pernandoren xelebrekeriak, hirurogei eta zazpi guztira. Etxaide antolatzailea izan da: biltzailea, berriz, San Martin’dar Yon. Azken hiru ipuiak, gainera, bildu ez ezik, idatzi ere San Martinek egin ditu.

Pernando hau, Etxaidek hitzaurrean dioenez, harako Pernando Amezketar sonatu haren anaia, senidea, gogaidea da. Gaurkoagoa horratik. Baserrikoa izan beharrean herri larri batekoa baita, eta fabrika langilea artzai-nekazaria izan beharrean.

Gogoz, eta batzuetan parre-algaraz, irakurtzen dira ipui guztiak, buru batetik bestera. Zenbaitzu ezagunak dira Plaentxia-Eibarretatik kanpora ere. Baina hori gertatzea noraezekoa zen. Honelako esan eta egin parragarriak, dirudienez, zahar bezain berriak eta berri bezain zaharrak baitira. Agidanean, honelakoak behin eta berriro sortzen ari baita gizajendea, gure aurrekoak lur paradisutik aurrean bidali zituztenez gero. Beste batzuek, ordea, agerian daramate Eibar inguruko marka: euskaraz besterik, eta hango euskaraz hain xuxen, ezin baitaitezke asma.

Korapilo gogorra izan du Etxaidek esku artean. Ipui hauen grazia eta gatza, batetik, hango hizkeran dago gehienetan. Hango hizkera gordez gero, ordea, besteak beste, ez lirateke Gipuzkoako bazter askotan ongi adituko. Etxaidek gipuzkera osatuan ipintzea erabaki du, eta erabaki hori ezin zezaketen guztiek, Pernandoren herritar eta auzokoek batez ere, ontzat har. Agian, nere ustez, elkarrizketetan gehixeago erabili izan balu hango hizkera, asko baretuko ziratekeen errenkurak.

Egileak bere neurriko gaia aukeratu ez duela diotenak ere badira. Hori Etxaideren alde mintzatzea da, nolanahi ere. Euskal irakurleak gehitu eta euskara zabaltzeagatik ekin badio lan apal honi, eta gehiagorako gai dela gauza nabaria da, ez du gutxi egin gure hizkuntzaren alde. Bestetik, gainera, ez da gai ezerezik idazle on batentzako, eta inoiz bezain ongi agertzen ditu Etxaidek bere dohaiak liburu honetan.

Nere ustez, liburuak ez zuen deus askorik galduko ipui bat edo beste kentzearekin (esate baterako, LXIgarrena Begiondokoa), erdaraz ere ezagunegiak direlako. Eta esanak edo eginak kontatu ondoren, ez niokeen nik ia behinere beste oharrik erantsiko. Indarra eta bizitasuna kentzen diote ipuiari maizenik. Irakurleak ere burua nekatu behar izaten du honelakoetan. Ikus bestela gero eta gehiago zabaltzen ari diren hitzik gabeko irudiak.

Saia gaitezen, bada, ongi merezi du eta, Pernando honen izena bestearena adina barrea dadin.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak