kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Olerkiak / Felipe Arrese Beitia / Euskaltzaindia, 1957

Olerkiak Luis Mitxelena / Egan, 1957

Esku-erakutsi ederra eskeini digute oraingoan Bilbotik. Eta ustekabekoa. Izan ere, gutxi uste genuen gehienok Gipuzkoako bazter honetan, horrelako liburu trinko eta mardulik agertuko zitzaigunik.

Arrese ta Beitiaren olerkiak oso-osorik datoz, dirudienez. Dirudienez diot, ez bainago gai horretan oso trebe. Nolanahi ere, ez dut uste Arresek, zein ere olerkari ugaria zen, bertso sail miragarri hori baino gehiago egin zezakeenik.

Lehen ere, egilea hil ondoren, eman zituzten argitara Arreseren olerki batzu: Arrese eta Beitia’tar Pillipa, Olerkiak. Uzkurtzgayak, Zornotzan, Jaungoiko-Zaleren Irarkolan, 1933, Ibargutxiren hitzaurrearekin. Baina hasiera horrek, dakigunez, ez zuen izan ondorerik. Orain berriz osorik datoz, bederatzi sailetan berezirik.

Esan dezagun lehen bait lehen Aita Onaindiaren hitzaurrea dutela. Hitzaurrea luzea da eta argitasun ugariz hornitua, baina hitzaurreaz gainera ez ote du izan hemen beste egitekorik? Karmeldarra ez ezik, beneditanoa izatea merezi luke langile azkar eta purrukatu honek. Hobeto esan, aurki izango dute gurean karmeldarrek beneditanoek mundu zabalean irabazi duten bezain izen handia.

Ezaguna da gure artean Arrese eta Beitia, eta ez du aurkezpen beharrik: zenbait bertso behintzat, gutxi bederen, buruz dakizkigu gehienok. Bihotz sutsu haren garra ez da oraindik ilaundu: bizi-bizirik daude txingarrak orrialde hotz hauetan.

Gaur, urteen joanak hoztu gaituelako edo, ezin genitzake Arreseren olerkiak ikus orduko euskaltzaleen, eta batez ere Campionen begiz. Ez da Arrese munduari erakutsi nahi zioten poesimirari harrigarria. Bihotzondoa badu, hizkuntza aberatsa ere bai: egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskaraz geroztik agertu den zer berezi hori, falta zaio.

Egia esan, poesiarako baino retorikarako ixuri gehiago zuen. Ez da ikusi besterik zein olerkari euskaratu zituen: Herrera, Valbuena, Caro, Quintana, Zorrilla. Gogokoago zuen, beretarrago nonbait, esate baterako, “Cancion por la victoria de Lepanto” edo “La tempestad”-en hitz-jario eta deadar-zarata Fray Luis edo Becqueren kantu ixilagoa baino.

Esandakoak ez du beheratzen ez gutxiesten. Retorika jatorra du, goitarra, bihotz bero batek indartua. Eta euskara eder, sendo eta ugarian mintzatzen da beti.

Hizkuntzaren aldetik badugu, beraz, zer ikasi Arresegan, eta beste batetik ere bai. Bertso horietan dauzkagu bilduak garai hartako gogoeta, kezka, asmo eta burrukak, euskaltzale gartsu batek ikusiak eta adieraziak.

Gizonki jokatu dute argitaldariek. Izan ere, ezin ziezaiokeen eskeini Bizkaiak bere seme argiari olerki bilduma hau baino esker onaren ageri hoberik. Honela, ez da Arrese ta Beitia izen hutsa izango gaurko euskaltzaleontzat, mintzo bizia baizik.

Goraxeago erdal autoreak aipatu ditugunez gero, esan beharrekoa da “A las ruinas de Italica” delako kantua sasiko-gisa agertzen zaigula. Gainerakoek aurrean dute egilearen izena, baina “jauna” erantsi diote bakoitzari: Herrera jauna, Valbuena jauna, eta abar. Badaiteke Arresek horrela argitaratuak izatea: orduko ohituren berri ez dakit. Gaur ordea, ohi ez bezalakoa delako, bitxi xamarra dirudi izenondoko horrek.

Liburu hau hain lodia (ia 700 orrialdekoa) eta azal eta barren hain ederra izanik, ez dator bakarrik. Zerbait agintzen digu gainera: Len eta orain deritzan sortako lehenbiziko alea omen da. Sorta horretan agertuko dira euskal liburuak, urtean hiru edo lau, bai zaharrak eta bai berriak. Biziro poztu gaitu hori jakiteak, bai baitakigu gainera, Aita Onaindia tartean dabilelarik, ez direla asmo horiek asmo hutsetan geldituko. Gure beharrean dira, ordea, horretarako, harpidedunen beharrean, eta ezin geniezaieke uka geure laguntza. Ea urtetik urtera, ia sinesteko ez den moduan, ugaritzen ari diren euskal liburuak sail berri honen bitartez gehituak ikusten ditugun.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak