kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ilias-ena / Homero (Salbador Barandiaran) / Jesus Obrero, Vitoria, 1956

Ilias-ena Luis Mitxelena / Egan, 1956

Ez da berri txarrik aldamenean gozagarri pittinen bat ez dakarrenik, ezta berri onik ere erabat on esan dezakegunik. Kritika sailean ari denak maiz esan behar izaten du, Axularrek bezala: Eta aldez damu dut, eta aldez atsegin.

Ez ote da berri pozgarria gaur Aita Salbatore Barandiaranek dakarkiguna? Ba-duzu eskuetan, Euzkalduna, dio, nai izan ezkero, beñola izan dan Poemarik onena: ILIASena / Iliada. Poz gaitezke, beraz, euskaldun guziok, dioena zuzen badago.

Ez nauzue euskaraz bertso berriak bakarrik egin behar liratekeela uste duten horietakoa. Aita Barandiaranek dioenez, Euskera’k ere, beste izkuntzak aña, ba-dauka elerti ederraren bearra. Horrelaxe da. Iliada, gainera, oso gogoko dut aspaldidanik. Mutil koxkor ginela, eskuetaratu zitzaigun, ez dakit nola, adiskide batzuei eta neri, Segalaren erdal-itzulpen bikaina. Eta poema zahar hark, artean Buffalo Bill, Wild Bill Hickock eta Billy the Kid’en ibilerak besterik irakurtzen ez bagenituen ere, zeharo bereganatu gintuen. Geroago, apaiz eta praile-gai ez direnek ere batzuetan grekoz ikasi edo erdi ikasi behar izaten baitute Unibertsitatean, lehen bezain gogoko dut, gutxienez.

Iliada, bada, eder-edertzat daukat. Are gehiago, eder hori gaurko zahar-gazteek, prestaera berezirik gabe, dasta eta goza dezaketela badakit. Euskararen gaitasunaz ez diot ezer. Ez ote zuen Orixek berberak esan ez zuela hizkuntza egokiagorik ezagutzen poema hau itzultzeko?

Ez noski gure euskara Homeroren grekoa bezain zaharra delako. Gure euskara, baita Detxeparerena ere, hura baino bi mila urte baino gehiagoz gazteagoa da, Homero, inoiz jaio bada, Detxepare baino bi mila urtez lehenago jaio zen bezala. Ez da neke kontua ateratzen. Ez; Orixek oker ez banago dioenez, euskarak hitz elkartuak, grekoaren gisa, aise sortzen dituelako baizik.

Esandakoak, motz eta laburkiro esana izanik ere, garbi adierazten du lan egokia aukeratu duela Aita Barandiaranek. Eta hartu eta burutu duen lanaren nekea zenbaterainokoa den, eskarmenturik duenak badaki, eta ez duenak ere errazki igerriko dio. Itzultzeko ez ezik, liburua argitarazteko ere lanak eta nekeak eramana da noski. Eredu ederra aurki dezakegu jesulagun langile honengan euskaltzale zabar eta nagiok.

Zer dela eta, orduan, hasieran hitz erdika azaldu ditudan kezkak? Izotzak edo harri-jasak hondatu duen uzta ez da merkatuan saltzen. Kritika ere ezin dagoke izan zitekeenari begira: eskuan daukan fruitu heldu ala gordinari bakarrik begira diezaioke.

Guziok dakigu zein asmo ederrek eragiten dien euskara landu beharrez ari direnei. Horixe behar genuke bakarrik, inor gure hizkuntza iraindu eta itsustu nahian dabilela jakitea! Diru arazoetan ez du inork esaten bere ordekoari buruz: Bai, gizarajo honek erreka jo eraziko dit, beste horrelakoren bat egiten badu; baina gizon saiatuagorik eta borondate hobekorik…! Poto egin duten asmoak, burutu ez diren nahiak, alferrik izan diren ahaleginak, sarituko ahal ditu zeruan Jainko Onak! Lur zital honetan, ordea, munduko seme garenez gero, ezin asmoei eta usteei begira egon. Dakiguna galdetu beharrik ez dago. Ez dakiguna behar da galdetu: Zer ondore izan dute?

Aita Barandiaranek oraingoan izan dutena hitz laburrez azal daiteke. Homerogandik hasi eta irakurleaganaino, luzexkoa zelako edo, bi gauza gelditu dira bidean, nabarmen xamarrak biak, eta ez dira inon ageri: poemaren edertasuna eta grazia batetik, eta euskara bestetik. Egia da, bai, horien orde, zenbait apaingarri berriz jantzia agertzen zaigula Iliada. Esate baterako, jainkojainkosak h-z jositako hizkera batean (ai, behar den lekuan baleude!) mintzatzen dira, eta gizon hilkorrak halako Bizkai-usai arin bat darion beste batean. Baina, esan dudanez, falta diren gauzak nabarmenegiak dira, eta ez du haien hutsa orbel pixka batek estaliko.

Ez naiz hasiko erakusgarri bila: sexcenta proferre possim. Ezta behar ere. Irakurle euskaldunak ez du liburu hau ireki besterik nahi duen lekuan. Zenbat ere euskaldunago, eramangaitzago eta gogaikarriago izango zaio irakurtzen duena. Itzulpen honetako hizkerak leku malkarretan barrena, katazka bizian, dabilen gurdi zahar negartiak baino kurrinka eta karranka gehiago dario.

Zergatik, ote? Iliada, berez, itzul-erraza zelakoan geunden. Zenbait gogorkeria, beraz, Hamlet bat itzultzean, zailaren zailez, barkakizun direnak ez dira hemen barkakizun. Eta ez ditu hona itzultzeak ekarri. Bestek ekarri ditu.

Aita Barandiaranek liburuari ipini dion Aurre-itzean, laugarren orrialdean, honako hitz hauek irakur daitezke: Ekiozu, ba, leenbaileen… ta asi Euzkeragintzan. Euskarak, egia esan, badu beharrik; zertxobait leuntzeko, hornitzeko eta egokitzeko premia ederrean dagoela guziok dakigu. Baina egin beharrik ez, aspaldidanik egin-egina baitago. Euskara egiten, edo egin ustez desegiten, hasi baino hobe genuke euskaldunok euskara ongi ikasten hasi.

Euzkeragintzan sartu garenez gero, ikus ditzagun Aita Barandiarani berari zor zaion aurre-hitzean, 4-5gn. orrialdeetan, aurki daitezkeen zenbait bitxi polit. Bera Odise illaren gudalontzien jabe geratu zan gero, ta orregaitik Ayas-ek bere burua ito zun. (Bera, gezurra badirudi ere, Odise da, eta hila Akile; gudalontziak, armak dituzu; Ayasek, berriz, Sofoklesek dioenez, ezpataz ito zuen bere burua) Troar-ek itxumustuan erasartu zuten zaldia… ta danak erri-barrura sarturik, egundoko lepoketa, itoketa, egin zuten. Era-sartu? Ez ote dugu euskaldun guziok, sar-erazi, esaten? Eta noiz ezkero ito dezake inor burni edo tupiki zorrotzak?. Akamenon Mukene-urira elduala, bere emazte Klitaimnestere ta Aigista’k asmo batez erail zuten. (Zenbat Agamenon ziren, heldu ahala hiltzeko?) Paris’ek sagarra Aporodite’ri eman zion, norbera auzian ederren autetsi zulako. (Norbera, nor da, norbera, hori?)

Ezin aurrera egiñik aurki zirala…Aurki, berehala da, eta hor esan nahi litzatekeen hori, aurkitu, esaten da euskaraz. Bertsoetan zilegi da (edo, gure Xenpelarrek zioen bezala, lizentzi) bata bestearen orde erabiltzea metri causa, bi silaba besterik ez dituelako, baina ez euskal prosa jatorrean.

Are gehiago. “Aporodite’k Paris’i.. onelako itza eman zion: auzian Aporodite bera ederren autematen ba-zun, beñolako emakume politena eskuratuko ziola”. Hor autemanek esan nahi lukeena adierazteko badauzkagu euskaraz zenbait hitz. Nik dakizkidanak, hautatu, hautetsi, hautu, aukeratu, begiz jo, edo, alde gehiegirik gabe, berezi. Auteman edo atemanen adiera, berriz, Azkuek dioenez, ohartu, konturatu, nabaritu, sumatu, edo antzeko zerbait da. Ez da hitzak bere onetatik atera beharrik, zuzen ugari esku artean dauzkagunean batez ere. Sagarra, ukañi, beharrik ere ez, euskaldun guziek, eskeini egiten baitute.

Hau azkenekoa. Dakigunez, sartalde edo etzinaldeko euskaldunok, ak, esaten dugu beti: “gizonak etorri dira, gizonak egin dute”. Ez, ordea, iguzki aldekoek, eta neroni ere, haien antzera, batzuetan ak eta besteetan, ek ka ari natzaizue hemen. Baita Aita Barandiaran ere. Ikus nola: “Orrela, ba, bildu ziran Akayar-en buruzagiek”, “…zaldiaren…barruan izkutatu ziran Akayar’en buruzagiek”, “Alako batean, ba, irten ziran… Akayar-ek”. Besteren gisa mintzatu nahi baldin badugu, ikas dezagun lehenbizi besteren mintzaera.

Aski eta gehiegi da honenbestez. Geldi bedi behintzat argi, ez naizela honela ari itzulpen honen hizkera, egileak dioenez, “garbia” delako. Garbia delako, ez; behar den bezain garbia ez delako, bai.

Oilarrak goizegi jo digu, eguna argitu baino lehen. Iliada inork itzuli nahi badu, eta izango da egun edo bihar egiteko larri horri ekingo dion euskaldun ausarten bat, aurkituko du laguntza Aita Barandiaranek egin duen lan izugarrian. Baina oraindik itzultzeko daukagu.

Euskara ez da nerea ez zurea: guziok erdizka aurrekoengandik hartu dugun ondasun ederra da. Eta ez du inork bere-berea balu bezala nahi duen gisara erabiltzeko utendi et abutendi eskubide osorik. Eta zorigaiztokoak euskara eta gu, besterik uste badugu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak