kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Idi orgaren karranka / Victor Hugo (Koldo Izagirre) / Elkar, 2002

Pasaitarren arteko paristarra Fito Rodriguez / Gara, 2002-11-09

Betidanik maite izan dut liburu hau. Jatorrizko testuaz gain, beste hizkuntzetan ere maite dut. Ez da harritzekoa, bada, inoiz, maite izan dudanari oparia egiteko erabili izana. Hemendik aurrera, zorionez, euskaraz eskaintzeko aukera daukat. Ez dago gaizki, beraz.

Jatorrizko Victor Hugoren “Les Pyrenees” hartan, euskaldunoi buruzko aipuak zoragarriak bezain bitxiak dira. Joxe Azurmendik idatzi zuen gisan, “Victor Hugorentzat euskaldunen aberria euskara da” (Jakin 37), eta liburu honetan mezu hori argi eta garbi azaltzeaz gain, Euskal Herria ez dela Frantzia ez eta Espainia ere oso modu gardenean adierazten du “Les Miserables”-en egileak. Kanpoko adiskideei, harrotasun puntu batez, Victor Hugo handiak gure herri txikiari buruz idatziriko lerro erromantikoak erakusten nizkien.

Aurten, Parisko Bibliotheque Nationale de France deritzanean, Victor Hugoren omenez apailatutako erakusketa bisitatu ahal izan dut —idazle frantsesa jaio zenetik 200 urte bete direla ospatzeko zenbait lekutan antolatu diren ekimenetako bat da erakusketa hau—. Hartan, idazleak kaleratutako frantses argitalpenekin batera, beste zenbait hizkuntzetakoak ere ikus zitezkeen. Artean ez zegoen gurea, jakina. Orain egitekotan, ordea, bertan legoke, eta, batere lotsarik gabe, oso era duinean egongo litzatekeela esan genezake.

Alde batetik, Joxe Azurmendik idatzi duen sarrerak duela hamar urte Victor Hugoren inguruan Eusko Ikaskuntzak antolaturiko hitzaldi zikloan plazaraturiko saiakera laburbiltzen du. Ez da, beraz, hitzaurrean eskainitako testua bat-batean idatzirikoa. Aitzitik, Joxe Azurmendik sakon aztertu izan du erromantizismoa bere alde desberdinetan (filosofikoa, literarioa, kulturala, estetikoa…), eta, honetan, oin-oharretan ongi baino hobeto horniturik, Victor Hugok Euskal Herriaren alde zituen sentimenduen atzeko erakurketa ere jarri digu paperean.

Bestetik, Koldo Izagirrerena, itzulpena baino gehiago, berridazketa dugu. Hots, idazle pasaitarrak ez du bere bertsioan ezer asmatu, baizik eta duela bi mendeko hitz jarioa geureganatzeko behar bezala egokitu eta behar denean pasadizoak agertzen eta modu aski naturalean opatzen saiatu da.

Elkarrek egindako argitalpena, berriz, ez dut oso gustuko. Omenaldiaren kariaz hizkuntza desberdinetan kaleratu diren beste zenbait itzulpenekin alderaturik, eskas samarra iruditzen zait Elkarlaneanek osatutakoa. Victor Hugok berak marraztutakoak egon badaude, baita orduko grabatuak eta irudiak ere, baina emaitzak ez du balio liburu maitalea asebetetzeko adina. Forma aldetik, ene uste apalean, saiatu arren ez da edukien arlotik bezainbesteko erakargarritasunik erdietsi.

Edonola ere, liburu gomendagarria dugu hauxe. Victor Hugok bere idazketarako aitzakiaz-edo beste bidaia asko egin bazituen ere —El Rin izango da ziur aski ezagunena…—, gutxitan aurki daiteke haien artean “kultura basatien aldarrikapena”, honetan bezala. Hau da, Frantziako Iraultzaren arrazionalismo despotikoak ezabatu nahi zituen bizimoduen aniztasunaren aldeko proklama eta kanta. Poema eta deialdia. Goian esan bezala, aurten ere liburu hau erregalatu dut. Baina, azkenean, euskaraz!

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak