« Zenbaitzuen gerra txikia | Erdibidean geratzea ere »
Beltzuria / Ixiar Rozas / Pamiela, 2014
Estrateetako intermitentzietan xarmatua Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-12-02
Beltzuria eskuetan hartze soilarekin plazera senti dut. Ez dut behin ere liburu elektronikoa edo digitala eskuetan ukan: E-book, eBook, ekoliburua edo e-liburua ere deituak (Atx! Ze malura! Liburua izendatzeko horrenbeste hitz “behar” ere!). Ez dut halakorik eskuetan izan, beraz, ezin biak alderatu. Paperezko liburu honek berez xarmatu nau. Idaztea, topikoak topiko, zuriaren gainean beltzez ipintzea bada, horixe Beltzuria.
Pamiela argitaletxearen logoak zuritzen du azal beltza, logoaren gainean izenburua eta egilearen izen-abizena daude. Goian, berriz, bi lerro-marrek zuritzen dute azala, puntu zuriek trazatuak. Hutsa dena betetzera dator egilea. Jorge Oteizaren jitea ??”eta eitea??” ez zait oharkabean pasa, horixe antzeman dut liburua eskuetan.
Beltzuri hitzaren etimologian erreparatuz zabaltzen du liburua egileak. Beltzuria, besteak beste, hotsa da, eta halaxe ekin nahi izan dio egileak idazteari, zuria belztu nahi izan du, baita hotsez belztu ere, beltzuria ahotsera eramanez abiatu baitu jarduna.
Belztu badu, belztu du, belztu duenez, alta bada, zuria nagusi zaio beltzari espazioan. Beltzuriak barreiatu ohi duen ortzantzaren zuria gailentzen da orrietan. Irudia ez da idazten, irudia ortzantzaren burrunbak zuria dakarren nola, idazleak oroimenaren beltzunetan xerkatu du eta horixe irudikatu.
Gure oroimenean, bere oroimenean kasu, letren eskasiaz ez ezik, irudien faltaz ohartarazi digu idazleak. Halaxe gaztigatu digu 27. orrialdean: “Testu honetan falta den lehenengo argazkia”. Ia hutsik dago orria. Beherean, balizko, iraganeko edota oroimenezko argazki-oinak hauxe dio: “Franzisko Elizalde Zelaieta Xamuio Pasaian, 1921eko abuztuan, Marokora eraman zuen itsasontzia igo baino lehen”. Horixe liburuaren protagonista eta ardatza: Xamuio.
Xamuioren ahotsaren eta eleen peskizan abiatu dena haren biloba da: Ixiar Rozas. “Zer gertatzen da ahotsaren espazioan?”, galdetzen du literatur egileak. Neroni arrapostu hau jalgi zait: “Gertatu zena eta inon geratu ez zena”. Edo… “hor nonbait geratu zena”. Plutarcok “ahotsa baino ez omen garela” oroitarazi digu idazleak. Gainerakoak estalgarriak ez beste dira, edo izan daitezke. Hitza ez da deus ahotsa askatu gabe. Ahotsa hotsik gabe deus ez den bezalaxe. Xamuio ez da gure artean, aspaldian zendu zen, baina hark ibilitako estratetan haren urratsen hotsen oihartzunak ediren daitezke. Horixe egin du Etxalarren jatorria duen lasartearrak.
Estrata: Lengoaiaren substratuetan arkeologoa edo geologo baten modura barneratzeko ekintza. “Estrata meharra dela dio zeruko bidea… sasiz… arantzez… betea”. Arantzez eta azantzez betea, naski. Halakoetan barna dabilke oraindik ere Xamuio, halaxe dabil ibili haren iloba, hitzen logoen bila. Hitz-logoa dukegu Beltzuriaren idazlea. Bidean bide, estrata hitzak Felliniren eta Pasoliniren zinemara garamatza bidenabar. Ez da oharkabeko oharra. Egileari doakion estrata eta substratua baita zinemagintza. Irudia, hots!
Beltzuriaren beste ezaugarri bat, eten-puntuak dira, intermitentziak. Testuak hitzez ehundu ohi dira, haatik, hitzen arteko intermitentziak, aldizkakotasunak, ematen dio testuari berezko nolakotasuna. Memoriaren intermitentzian pausatu eta kausitu nahi du hitz-logoak. Idazleak hitz, puntu eta lerro artean iradokitzen diguna, horixe literatura-tasuna.
Ixiar Rosazen estratan agertu zaizkion bidaideak ez dira hotsen entzungor. Xamuiok “Izuen gordelekuetan barrena” bide egin zuen munduan barrena. Marokora joanik, behe-lainoan ibiliko zen hain ziur ere. Ilobak ongi baino hobeto, ederto, bildu ditu haren hotsak, Fidel Cruz argazkilariak Xamuioren bisaiaren fideltasuna nola.
Beltzuriak “gure” izanaren zantzuak eta historiaren azantzak helarazten dizkigu, Ixiar Rozasen narrazio moldeak eta berezitasunek egiten dute xarmagarri Beltzuria: Txirritak Axurari kantatu zion, eta Axurak erantzun. Axuraren erantzuna Xamuio*ren ahotsean kamustu zen baina. Ixiarrek, berriz, iraganekoen gogoan kamustu ziren hotsak, ahotsak, osatu eta irudikatu dizkigu huts geratu ziren lerroak betetzeko: “Aunitzetan Etxalar aldian guk beltzuria esana”.
Alabaina, hori idazlearen bertsio bat baino ez da. Beko-zubi baserriko Periko Berroetak beste bat eman baitzuen. Irakurleok ere eman genezake besterik. Literaturan, oharrak ohar amaigabeak baitira. Horiei koda(k) deritze Ixiar Rozasek.
Kod(e)ak eta logoak literatura eta lengoaia berrien iradokitzaileak, naski! Eta niri, a ze beltzuria heldu zaidan! Zaidanan!
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Amaia Alvarez Uria
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Asier Urkiza
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Nagore Fernandez
Farorantz
Virginia Woolf
Aritz Galarraga
Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia
Mikel Asurmendi
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia