kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Poemak pluralean / Fernando Pessoa (Iñigo Roque) / Denonartean, 2012

Poemak Pluralean Jose Luis Padron / Bilbao, 2012-10

“Izateak nekatu egiten nau, sentitzeak min ematen du eta pentsatzeak hondatu” hitzen atzean dago Fernando Pessoaren sentimendu poetikoa. Eta Denoartean argitaletxeak publikatu duen Poemak Pluralean liburuan Pessoa bera eta bere heteronimo guztiak daude, Alberto Caeiro, Ricardo Reis eta Alvaro de Campos hain zuzen. Denak euskaraz, Iñigo Roque Eguzkitzak egindako hainbat poemaren aukeraketa eta itzulpen-lan ederrari esker.

Lisboa hiri xarmagarrian jaio zen Fernando Pessoa 1888an, eta hiri hartan bertan hil zen 1935ean. Haren heteronimoetako batek, Alvaro de Camposek alegia, idatzita utzi zuen: “Denok ditugu bizitza bi: benetakoa, haurtzaroan amestutakoa eta helduaroan ere amesten jarraitzen duguna, lainozko substratu bat da; faltsua, besteekin elkarbizitzan bizi duguna da, praktikoa, baliagarri zaiguna, kaxoi batean sartzen digutena azkenean”.

Bizitza praktiko, baliagarri, faltsu horretatik utzi zigun arrastoa oso txikia da. Baina benetakotik, amestutako bizitza horretatik utzi ziguna, aldiz, kutxa batean gordetzen zituen bere idatzi ugarietan geratu zen irudikatuta.

Benito Lertxundik edota Jesus Mari Lopetegik, beren azken diskoetan, Pessoaren poema batzuk musikatzen dituzte. Joseba Sarrionandiak, bere garaian, Marinela (kuadro bakarreko drama estatikoa) itzuli zuen, Susak argitaratuta, eta bere poema kuttunen bildumetan sartu zituen ere Pessoaren batzuk. Baita Luigi Anselmik ere. Hemen eta han egon dira Pessoaren poema sortak argitaratuta, baina ez genuen Iñigo Roquek, Denonartean argitaletxearekin, eskura jarri digun liburuan bilduta.

Poemak Pluralean liburuak, beraz, Fernando Pessoaren, munduko poetarik handienetako baten bilduma bat ekartzen digu euskaraz. Poetaren poemak eta poetaren beste poetak: Alberto Caeiroren poema paganoak eta amodiozkoak, Ricardo Reisen poema klasikoak (txalotzekoa Iñigo Roquek latindar kutsuko poema horiekin egin duen ahalegina, jatorrizkoen metrika eta errima bera zainduz), Alvaro de Camposen “Tabako-denda” zoragarria, eta Fernando Pessoaren beraren hitzak, azken atalean. Eta aipatzekoa da ere hitzaurrea, labur, argi eta zehatz adierazia. Eskertzen da.

Merezi-merezi duen liburua. Eta pluralean diot.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak