kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Idazten ari dela idazten duen idazlea / Iban Zaldua / Elkar, 2012

Literatoaren biluzte emozionala Mikel Asurmendi / Berria, 2013-04-07

Titulu luzeko liburua dakarkizut, luzea gero! Idazten ari dela idazten duen idazlea (edo literatura gaixotasun gisa) izenekoa. Liburu arina duzu, ordea: 21 ipuinek edo narraziok osatua. Narrazio luzeenak motzak dira, eta badituzu ere orri bakarrekoak. Ipuinak baino, hobe narrazioak deitzea. Idazle honen kontakizunak errealitatean funtsatu ohi baitira, edo fantasiatik aski urrun, ene irudiko. Edonolakoak direla ere, liburuaren leitmotiva literatura denez, bizipen arruntez osatutako narraziootan fantasiak ere toki badu.

Meta-literatura da liburua. Areago, meta-literaturaren muinerainoko esperientzia da. Hori horrela: meta-literatura literatura al da? Agian, meta-literatura genero gisa izendatu beharra daukagu. Agian, genero literarioen artean, berezko izendapen behar du meta-literaturak.

Barka atrebentzia: literaturaren muineko literaturaz jarduteak literatura ote den galdera pausatu dit. Liburu hau bera literatura ote den galdetzeraino. Literatura stricto sensu-n ulerturik behintzat. Dena dela ere, liburuak izendapen berezia behar duelakoan nago.

Idazlearen —bere buruaren— biluzte sentimental erabatekoa gauzatu du literato honek, inoiz baino molde are sakonagoan. Bere ibilbide literarioa ezagututa ez da harritzekoa, berarengandik espero zitekeen liburua da. Hots, liburua bere jarduera literarioaren parametroetara egokitzen du. Areago, Iban Zalduak idazle izatearen arrazoia biribildu du liburuan.

Idazten ari dela idazten duen idazleak obsesioak harrapatuta bizi dituzten pertsonen esperientziak kontatu ohi ditu, bereziki. Alde horretatik, Zalduaren literaturan pertsonaien nortasuna ageri ohi da oroz gainetik. Pertsonen izaeran psikologiak duen berebiziko munta gailentzen da. Ordea, pertsonaien deskripzio fisikoa ez zaio bereziki nabarmentzen bere idatz moldean. Areago, inguruneak ez du munta handirik, eta, are gutxiago, kontakizunaren inguruko paisaiak.

Erran nahi baitut, Zalduaren literaturan bakan ageri dela paisaiarik, ez kolore biziko paisaiarik bederen. Zuri-beltzeko paisaian ari diren protagonisten nortasun obsesiboek bereganatzen dute irakurlearen arreta, irakurlearen arreta eta idazlearen guztizko emana.

Obsesioa pertsonon izaeraren perturbazioa da, eta eguneroko zereginetan garatzen delarik gaixotasuna bihurtzen da. Idazle honen pertsonaiak obsesionatuta bizi dira arras. Hartara, idazlearen eguneroko zeregin arrunta literatura bihurtzen delarik, idazlea bera bilakatzen da bere kontakizunen protagonista, literaturaren jarduera gaixotasuna bihurtzeraino.

Izenburuaren luzeak adierazten duenez, idazlearen beraren biluzte emozional erabatekoa zertu du literatoak. Zaldua idazlearen zuri-beltzeko erradiografia gardena baita. Pertsonaien jiteak Zalduari berari baitagozkio. Halaber, liburua idazle ororen jitearen isla da, ispilua handi-handika hartuta. Eskertzekoa da bere literatura eta liburu hau orobat.

Pertsonok gezurtiak, traidoreak edota obsesiboak gara, hein batean behintzat. Ezaugarri horiek neurriz kanpo garatzen ditugunean gaixotzen gara. Nago, halaxe gertatzen dela Zalduaren pertsonaiekin, baita haren pertsonarekin eta idazleekin ere. Haatik, pertsonen nortasunak fikzio bidez deskribatu izanak, pertsonaiak pertsonak normalak balira bezala irudikatzeak, galdera hau pausatu dit: ba al dago errealitatearen eta fikzioaren arteko mugarik?

Literaturak galderak pausatzeko balio behar badu, liburu honek galderak erruz pausatzen ditu. Baita bere mikaztasunean —liburua gure izate perturbatuaren isla izan arren— gozatzeko parada eman ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak