kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Hamar / Andrej Longo (Josu Zabaleta) / Pasazaite, 2012

Napoles Iban Balerdi / Gara, 2012-12-09

Napolesen sekula egon ez izanagatik, badira Italia hegoaldeko hiri handienaren gainean arituz gero, burura datozen kontuak, hala nola, beroa, eguzkia, camorra, erlijio katolikoa, Maradona, immigrazioa edota zaborren kudeaketa. Pelikula, erreportaje, liburu edo albisteen bidez jasotako informazio printzak dira, bestelako errealitateak bazterrean uzten dituztenak, ziurrenik. Betiko topikoak direla ere pentsa dezake baten batek, baina topikoek gehienetan benetako iturbururen bat izaten dute, eta gizakiok gustukoak izaten ditugu, gainera, besteez aritzeko.

Bada, ikuspegi honetatik, lan honek ez dio irakurleari aparteko berritasunik ekarriko. Goian aipatutako kontu guztiak azaltzen dira liburuan zehar, batzuk aunitzetan, eta beste batzuk, une konkreturen batean bakarrik, zeharkako datu moduan. Informazioa lortzeko dugun erraztasunarengatik izango da, ala datu metaketa geldiezinarengatik, baina orokorrean, ezaguna egin zait irakurritakoa. Hamar istorio laburrek osatzen dute Andrej Longo italiarraren liburua. Hamar istorio dira, eta bakoitzak Hamar Aginduetako bat du izenburutzat. Ariketa bitxi samarra iruditu zitzaidan honakoa hasieran, behartuegia izan zitekeela pentsatu nuen. Baina, zergatik ez? Liburuaren tonu eta estiloari ongi lotzen zaizkio, eta bizitzarako arauak ezartzen dituztenen arteko nolabaiteko paralelismoa ere antzeman dakioke. Lehendabiziko kapitulutik uzten du argi autoreak Napolesen gertatzen denari buruzko tesia. Politikari zein talde mafiosoentzat, jendea ez da zaborra baizik, eta hobe hau lehenbailehen barneratzea. Azken atalak ere badu bukaerako ideia bat: honelako inguruetan animaliak gara, basatiak. Edo bera, edo ni. “Hemen bukatzen duk dena”. Tartean, hiriaren giro itogarria deskribatzen du, beronen zerbitzura jarriz gizakiaren ohiko jokamoldeak. Garai batean izan zenaren oroitzapen etsitua gogoratzea, egunen batean izan daitekeenaren esperantza mantentzea, familia barruko tragedia saihestezinak ezkutatzea, ohitura bihurtzen diren situazioez ez konturatu nahi izatea.

Laburbilduz, erraz irakurtzen den liburua da Longorena, gertaerak apaindura handiegirik gabe kontatzen dituena, zoritxarreko patuak ez baitu itzulingururik eskatzen. Estilo zuzena, kasik irudi bilakatzen diren hitzak, zinemarako ere egokia izan daitekeen erradiografia eskaintzeko.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Pasazaite argitaletxe berriaren sorrera. Kanpoko autoreen liburuek izango omen dute protagonismo nagusia, baina baita berauek euskarara itzultzeko ardura dutenek ere. Luze iraun dezatela langintza honetan eta ea aurrera begira zein beste ale jartzen diguten eskura.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak