kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Obabakoak / Bernardo Atxaga / Erein 1988

Obabako monstruoak Iñaki Uria / Egin, 1981-08-23

Bernardo Atxagaren Obabakoak ipuin liburua irakurri eta, Aleph batean bezalaxe, pasadizu, leku, pertsonaia, galdera etiko eta erantzun literario ugari ikusi izanaren inpresioa geratzen zaio irakurleari.

Zirko batean bezala monstruoak erakusten dizkigu egileak alde batetik, eta fantasia eta denborapasak bestetik. Bi zatitan banatuta dago ikuskizuna. Aintzinako Obaba bati buruz diharduten ipuinak batean eta Azken hitzaren bila izeneko errekreazioa osatzen dutenak bestean. Azken hitzaren bila delako bidaia literarioak, Obabarako bidean eta Obaban gertatu arren, literatur errekreazioz osatutako mosaikoa izanik ere apenas marrazten du Obaba literaturari atxekirik ez bada behintzat.

Egunkari bateko kolumna batek, Aleph batek ez bezala ez du “unibertso osoa”, “dena” ikusten usten bere espazio laburrean. Horregatik helduko diot Atxagaren liburuak behin eta berriro darabilen gai bati, Obabako munstroen gaiari. Gaian sarturik, lehendabiziko ipuinean zera galdetzen dio Matiasek Camilo Lizardiri: “Basurde zuria il al nezaque?”. Basurde zuria, jendea hiltzen ari den monstruoa, Matiasen semea da, Javier. Aita semeak hil egingo dira elkarren arteko borrokan. Camilo Lizardi berak, dilema moral horren aurrean erabakirik ez zeukan erretore jaun berberak errematatuko du Javier.

XIX-XX. mende arteko mugan eta herritik urrun dagoen baserri batean kokatu du egileak bigarren monstruoaren bizitza. Jose Francisco izena du Jose eta Francisco anaiek sortu zuten seme-monstruoak: gor-mutua izaki, indarra da mutil indartsu honen espresiobide bakarra. Etxekoak eta herrikoak izutuko dituen indarkeria darabilen seme-monstruoa agertu zaigu berriro ere. Ipuin honetan, etxea gainbehera etorri ondoren, Jose Franciscok Joxe bere aita hil ondoren, seme-monstruoa hiltzea erabakiko du honen aita ere baden Franciscok. Atxagaren ahozko literatur estilo gozoak eta narratzailearen ikuspuntuak inozentziaz eta objetibitatez jantzi badituzte ere ipuin hauek, finean Euskal Herri mitikoaren hondoratzea eta euskal semeen monstruosidadea agertzen zaizkigu liburuan konstante gisara. Indarkeria agertzen zaigu bere gordinean ziorik eta zergatik agertu gabe gaur egungo komunikabide gehienek “euskal arazoa” ikutzen duten modu berean.Ez diot pertsonaia negatiborik ez denik agertu behar literatur obra batean. Diodana da pertsonaia positiborik ez aurkezteak, nekazari-artzai gizartearen “denuntzia” modu hau egiteak, egilearen predikua pesimista bihurtzen dutela eta ez diotela batere laguntzen Obaba berri baten eraikitzeari. “Hamaika hitz Villamedianako herriaren ohoretan, eta bat gehiago” ipuinean beste monstruo bat agertzen zaigu: enano kulto bat Gaztelako nekazari eta artzai herri batean. Kontalari-idazleak enano kultoarenganako laguntasuna eta sinpatia agertuko ditu aurreko monstruekiko ez bezala. Intelektual indibidualista lagun egiten du indarra darabilen herriko semea ez bezala.

.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak