kritiken hemeroteka

8.417 kritika

« | »

Atakak / Hasier Larretxea / Alberdania, 2011

Ezko argiak gaitzen gaitu Mikel Asurmendi / Berria, 2012-06-24

Memoria eta mina. Horra hor gure izatearen bi ezaugarri. Gure iraganak oroimena elikatu izaten du. Oroia eta mina bat bera dira sarritan. Gure bizitza argitasunaren eta iluntasunaren arteko iraganbidea da. Iraganbidean atakak daude. Bizitza hitza da, bizia berriz argia. Eta hitza poesia bilakatu daiteke, baldin eta hitza argia bada, Hasier Larretxea poetaren kasuan nola. Atakak liburuan, kasu. Larretxea-enean atakak poesiak hesituta baitaude, konparazione.

Poetak lau ataka paratu dizkigu bere iraganbidean:

I. Eraikinen hondarrekin hesitzen. Oroitzapena iraganaren harresia dela gaztigatu digu poetak abiaburuan: oroitzapena memoriaren hilerria da. Eraiki dugun bizitzaren hondarra zarakarra da. Minak zarakarra pilatzen du, eta honek ahanztura… Ilunpean garamatza poetak. Nekez itzuliko gara paradisu galdura, alabaina, argiaren erreflexuak gida gaitzake.

II. Hedatutako arropen tolesturak.Atakak gainditu beharra daude. Ataka behin irekita, ixtea ezinbestekoa da. Piketea edo hesola alanbrearekin inguratzea baino ez dugu egin behar. Gure arropak inarrosi behar ditugu, haien —geure— tolesturak lisatuko badira. Bidean aurkitutako hostoek betetzen dute gure iraganaren hutsa.

III. Argitasunaren iraunkortasunari. Iluntasunean argia are argiagoa ageri da. Hustasunean osatzen dira izakariak. Begirada ongi fokatzen egin behar dugu bide. Onartzeko gauza garen argi-intentsitatea besterik ez gara. Tolesgabetasunak gaitzen gaitu, begirada gezurrezkoa denean, begirada ezko denean.

IV. Ahanzturaren memoriaren isil-gordeka. Ahanzturan erortzea oharkabetasuna elikatzea modu bat da. Alta, isiltasunean ez dago bizitzerik. Ez da patuak besarkatzen gaituena, ezta desberdintzen gaituena ere, bakartasunean ibiltzeko zalutasunak —eta sakontasunak— baizik.

Horiek horrela, horra juzkuok:

Hasier Larretxearen poesiaren bidez bizitza bizi ez ezik, bizitza asmatu egin dezakegu. Poetak hitza bizitzen asmatzen laguntzen digu. Marjinalean gaudenak ere barruan gaude. Mugaldeetako letaniak eta hitz leloak uxatzen ditu, bere hitzek iraganaren lasta lagatzen baitute bidean. Larretxearen poesia hitzetan baino espazioan dago. Hitzak sobran ditu, bere poesiak isilunetan hartzen du funtsa, bere elipsiak masturbazio amorratuen lekukoak izaki. Funtsa eta plazera eskaintzen dizkigu finean.

Bizitza estutzen digun kaosa, espazioa falta da. Larretxea ez da isiltzen horregatik, isiltasunean ez baitago bizitzerik. Zalantzak galkortasuna eta letania elikatzen ditu. Bizitza zalantza-balantzaka garatzen den bidaia izaki, bizitza orainaren —unean uneko— eta oroitzapenaren arteko pendulua da bere poesian.

Bere poesia bizitzaren atakan barrena —atakak xeilak dira, baita meharguneak ere— jasotzen ditugun hostoak dira.

Zaude istant bat bidaide hori: ahalegindu egin behar duzu bidean sartzeko, Larretxeako xeilak eta atakak gainditu eta bide egiteko. Erreflexuan ez da betiere argia ageri, ez da samurra ibilbidea. Eremu laiotza duzu zenbaitetan: aditzik gabeko hitzak aurkituko dituzu hutsune tiki-ttikietan; aditzik gabeko hostoak espazioa hertsietan.

Lasai, sosegatu, segi aitzina. Hostook erranairu eder soilez beteta daude, ele eder sorta xume dira. Biz(h)itza biziz beteta dago bere bidaia. Bere poetikan heriotzak bidaideok desberdintzen, berdintzen eta gaitzen gaitu. Bere poesia joan direnen hatsa da. Hotz, hots, ezko argiak gaitzen gaitu.

Azken kritikak

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Asier Urkiza

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Martin-Etxebeste

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak