kritiken hemeroteka

8.630 kritika

« | »

Lasterka / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2011

Ihesean eta jolasean Iban Balerdi / Gara, 2012-01-14

Jean Echenoz frantziarra aski ezaguna da egungo Europako eleberrigintzan. Bere ibilbide luzeko azken urteotan, hala ere, literatura modu desberdinak jorratzeari ekin dio, eta bide honetako bigarren alea dugu Lasterka izeneko hau. Aurretik, Ravel idatzi zuen, musikagile lapurtarraren bizitzan oinarritua. Ondoren, Nikola Tesla jeinu estatubatuarrari buruzko Tximistak etorriko da. Hirurek, benetako pertsonen bizitzen gaineko trilogia osatuko dute. Musikan, kirolean eta zientzietan nabarmendu zen hirukotea, norberak berean neurriz kanpoko maila emateraino.

Oraingoan idazteko bide eman diguna, Emil Zatopek (1922-2000) korrikalari txekoslovakiarraren bizitza ardatz moduan hartzen duena da. Atletismoaren historian sekula izan den izarrik handienetako batena, alegia. Pasa den mendeko erdialdera, eta hamar urtez, distantzia luzeko espezialitate guztietan gailendu zen Zatopek. Hainbat munduko errekor erdietsi zituen, eta Helsinkiko Olinpiar Jokoetan urrezko domina 5.000 eta 10.000 metroko probetan zein maratoian, gaur arte beste inork berdindu ez duen balentria. Gainera, komentatzeko modukoa da, anekdota legez bada ere, gure artean aritu zela azkenekoz lehiaketa ofizial batean, Donostiako Nazioarteko Krosean, hain zuzen ere.

Kontuan hartu behar da, hala ere, korrikalari honen aukeraketa ez zela izan soilik bere kirol lorpenengatik. Pertsonaia literario gisa ere, Emil Zatopekek ezaugarri apartak eskaintzen dizkio autoreari. Batetik, gustuko ez zuen ariketa fisikoa egiten hasteko arrazoiak. Horrekin lotuta, lasterka aritzeko eta entrenatzeko zuen modua, planteamendu logiko ororen kontrakoa. Gainera, hor daude bizi izan zeneko tokia eta garaia ere, izan ere, XX. mendeko mugimendu politiko garrantzitsuenen tartean bizitzea egokitu zitzaion, eta horrek zeharo baldintzatu zuen bere ibilbidea. Liburua bera, naziek Txekoslovakia inbaditu zutenean hasten da, gero bloke sozialistaren parte bihurtu zen garaian jarraitzen du eta 1968an sobietarrek Praga tankez nahiz militarrez hartu zuten unean amaitzen da. Badago erabilitako ikuspegi zirkular horretan liburuaren formaren eta pista baten inguruan korrika aritzearen arteko alderaketa ere, puntu berean bukatzen baitira biak ala biak, ihesi joan nahi izanagatik.

Estiloari dagokionez, Echenozek sinpletasunaren alde egiten du eta esaldi motzekin bere erritmoaren sarean lotzen gaitu. Liburua ere laburra da eta arin garamatza batetik bestera, atletak berak egiten zuen moduan bere egunerokoan. Aipagarria da, halaber, benetako datu biografiko zein asmatutako zatiekin lortzen duen efektua, errealitatearen eta fikzioaren nahasketaren arteko ariketa bikaina. Lehen aipatu bezala, pertsonaiak berak eskaintzen duen bidea, hein handi batean. Zalantzarik gabe, sakonago ezagutzea merezi duen gizaki baten biografia nobelatua da idazleak eskaintzen duena, irakurleak goza dezan.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak