kritiken hemeroteka

6.958 kritika

Azken kritikak

« | »

Egarri egunak portualdean / Koldo Izagirre / Susa, 2011

Literaturaz ase Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2012-01-08

Lehenengo esaldia garrantzitsua bada nobela batean, Egarri egunak portualdean laneko aurrenekoak asko esan beharko liguke lan honen bikaintasun linguistikoaz: “Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria”. Eta bai, asko esaten digu, hizkuntzaren erabileraren aldetik bikaina baita nobela, bereziki zati batzuetan. Irakurketa exijentea da, eta horregatik beragatik, gozagarria oso.

Narratzaileak aita lurperatua duen orainaldi batetik gogoratzen du 1977a, Gipuzkoako portu herri batean bizitako gaztaroa. Orduko narratzailea langileen semea da, eta/baina (zeinek begiratzen duen) ikasia, arte eta literatura kontuetan interesatua, prestakuntza politikoarekin, zenbait ekintza politiko egiten dituena, ikuspegi kritikoa duena, batez ere alderdi ideologikoan eta pertsonalean hurbilen dituenekin eta bere buruarekin. Nobelak aurrera egin ahala, narratzailearen ikasketa prozesua ikusiko dugu —politikan, berdintasunean, gutxiago bada ere idazketan—, ikuspegi kritiko hori abiapuntu. Sasoiko ilusioa ere ikusiko dugu, azken hogeita hamar urteen pisua ez duen belaunaldiarena. Dena dela, berea ez da kontzientzia hartze baten deskribapena, baizik eta kontzientzia horretatik abiatuta, norbere ikuspegi propioa osatzeko bidearen azalpena. Gustatu zait egileak ez digula pertsonaia iraultzaile sinpatiko bat azaltzen; alderantziz, pertsona ezerosoa da, eta antipatiko ere gerta dakiguke. Bizitakoak kontatzean, sasoi hartan kokatzen gaitu narratzaileak; besteak beste, asanbladak agertzen dizkigu, instituzionalizazioaren hasiera —sindikatu baten sorrera, esaterako—, langile mugimendua, eraso faxistak, elizaren jarrera, alkoholaren garrantzia, feminismoa, heroinaren sarrera, hiesa. Nabarmentzekoa da zein labur eta zehatz deskribatzen duen Koldo Izagirrek narratzailearen testuinguru soziopolitikoa eta, horrekin batera, frankismo osteko eta instituzionalizazio aurreko sasoiaren zati bat, irakurleari esaten ez dena osatzeko aukera emanez garaiaz dakienarekin, ohar txikiek imajinario oso bat ekartzen baitigute gogora. Halaber, interesgarria egin zait ez duela lehen planoan jartzen ez ETAren ezta Estatuaren indarkeria ere, Euskal Herriko giro politikoaren beste alde bat azalduz.

Ikasketa prozesuan, feminismoarekin duen harremanak garrantzi handia du, eta niri ere horixe egin zait interesgarrien, zalantza gehien sortu dizkidana izan delako. Ondo agertzen du egileak borroka soziopolitikoan zebiltzan gizonen matxismoa, baita hortik atera nahi duen narratzailearen zalantzak ere. Bereziki gustatu zait ze ondo irudikatzen den protagonistarengan gizonek, berdintasunez aritzen saiatzen direnean, hainbestetan besarkatzen duten paternalismoa, batez ere nobela hasieran. Zalantza gehiago sortzen dizkit eta ez zait gehiegi gustatu diskurtso feminista duen bakarra hain pertsonaia ezatsegina izatea nobelan —Aleksandra klase altukoa da, gizon maitaleak gaizki tratatzen ditu, etab.—, Mariluk emakumezko kontrapuntuarena egiten duen arren, ez baitu kontrapuntu feministarena egiten, eta bere pertsonaiak garapen handirik ere ez du.

Esan dudan bezala, nobela bikaina da hizkuntzaren erabileran, informazioaren antolaketa ere halakoxea da, norbere buruarekin borroka egiteko aukera ematen du edukiak, eta Euskal Herriko errealitatea gehiegitan landu ez den ikuspuntutik lantzen du. Nik ez diot askoz gehiago eskatzen nobela bati.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Igor Estankona

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak