kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Tiroa kontzertuaren erdian / Belen Gopegui (Ainhoa Caballero) / Txalaparta, 2011

Letrak eta pistolak Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-11-29

“Ekintza antolatua ez da indargea edo hutsaren hurrengoa, eta batzuetan egikune horretara liburu bat dela bitarte heltzen da” Belen Gopeguik elkarrizketa batean, eta baieztapen horrek zerikusi handia du literatur saio labur moduko hitzaldi luze honekin. Liburuxkak plazara ekarririko aztergaiak ateratako tiro hotsa euskal literatur sistemaren erdian bestela baitakoan pasa liteke Euskal Herrian 2011ko urriaren 20tik aurrera bizitzen hasitako giro baketsuagoa dela kausa. Baina Belen Gopeguik liburuaren alderik mardulenean eta Eider Rodriguezek sarrera ezinbestean laburragoan muturren aurrean jartzen dizkiguten gogoetagaiak inoiz baino beharrezkoagoak dira, nehoiz baino noraezekoagoa delako literaturan politikaz jardutea, krisiaren aitzakian borroka politikoek lorturiko hainbat gizarte onura birrintzen hasi direlako boteretsuak, are kulturarekin zerikusia duten aurrerabidetxoak eurak ere. Horren haritik, ezinbestean datorkigu akordura, bestalde, 2011n Euskadi Saria saioaren alorrean irabazitako lanaren eta idazlearen inguruan jazotakoa.

Belen Gopeguiren liburuaren erdigunea Stendhalek Gorria eta Beltza eleberrian dioena dugu, idazlearen “Irudimen kontuen erdian bat-batean politika agertzea kontzertuan pistola tiroa entzutearen modukoa da” esanari editoreak honela erantzun dion unea: “Zure pertsonaiak politika kontuez aritzen ez badira (…) zure liburua ez da izango errealitatearen isla, zuk nahi bezala”. Bederatzi urte geroago, Parmako kartusia eleberrian (Jon Muñozen itzulpena) ostera ere ekiten dio alorrari. “Literatura-idazlanetan politikari buruz hitz egitea kontzertuaren erdian pistola-tiroa entzutearen modukoa da, gertakari desatsegina, zeinari ezin uka dakiokeen nolabaiteko arreta”. Sarreran Eider Rodriguezek dioenez, literatur kritikaren alorrean ere, osagai politikoak zama nabarmena izan ohi du (jakina, beti legez, inor ez da egoten errutik aske). Literatura itzulian eta argitalpen orokorrean ere antzera jazotzen dela esaten ausartuko ginateke, argitaletxeek euren ekoizpenaren kontzertuen erdian pistola hotsa gertatzen ez diren lanak eta idazleak edo itzultzaileak aukeratu ohi dituzte. Eta itzultzaileen zenbait itzulpen erabakien atzean, ideologia egoten da, argi eta garbi.

Belen Gopeguik berak adierazi zuenez, “Inplikazio politikoak bizimoduaren baieztapena direnean, une horretantxe, hain suertez dira ikusten, eta badirudi literatura besterik ez dagoela”. Egia da gizarte joera nagusiaren aurka jardutea neketsuago dela, mingarriago, etsigarriago; baina, ba ote du idazleak, kritikariak edo itzultzaileak justiziarik ezaren aurrean begiak ixteko eta halako onartuta ez dagoen ikuspegi politikotik ez adierazteko eskubide moralik? Boteretsuago den batek (edozein koloretakoak) beste gizaki bati zerbait inposatzen dionean intelektualak ezer ez idaztea edo isiltzea erabakitzen badu, konplize bihurtuko da gura eta gura ez.

Hitzaldiaren ondoren ikus-entzuleekin izandako autu-mautuan ere oso kontu jakingarriak agertzen dira liburuan; esaterako, edozein motatako establishment motaren joera motaren aurka doanaren sistema politikoa (erregimen mota berbera diktaduratzat jo dezakete kolore batekoa denean eta “auskalozertzat” beste margo batekoa izanez gero), antolamendu ekonomikoa, idazlanak, iritziak eta abar epaitzean erabiltzen diren irizpide eta neurgarri ezberdinak. Jaidura, zoritxarrez, oso zabalduta dago eta berdin-berdin darabilte euren burua eskuindartzat, ezkertiartzat, zentristatzat, anarkistatzat, feministatzat, gaytzat ala apolitikotzat dutenek bestearen gainean jardutean. Emaitzak beti oso antzekoak izaten dira: gaueko tiro hotsaren antzekoa gertatzea eta zokoratuta geratzea (hedabideetarako eta argitaletxeetarako bidea itxita izatetik hasi eta, zenbaitetan, indarkeria ala heriotza jasotzeraino ere helduta). Heriotza zibila (alegia, gizartean baztertuta uztea eta hutsaren hurrengo gertatzea) oso zigor latza gerta daiteke artistarentzat. Homosexualen aurkako jarrera, adibidez, lau haizeetara salatzen dute batzuek Kubaren gainean aritzean, baina Estatu Batuetako Armadan edo gaurko Errusiako gizartean dituzten zailtasunen eta debekuen aurrean, isildu egiten dira. Inoren, besteren ustelkeria eta adiskidekeria sareak gogor salatuko ditugu, eta, zertan esanik ez, geure aurka diren eta ez diren diskriminazioak ere; baina gero ez dugu ezelako arazorik izango laguntzat ditugunen alde baino ez jarduteko orduan, guk legez pentsatzen edo idazten (ala itzultzen) ez dutenak baztertzeko orduan: jokabide etikoa beti izaten da inori exijitu beharreko eskakizuna, ez norberaren buruari estu-estu eskatzekoa. Oso normala izaten da ez ikustea, sarritan, inoren aldeko erabakiak eta diskriminazioak baten batentzat positibo gertatzen direnean, negatiboak izaten direla beste batentzat. Bestea izaten da beti erradikala (ala atzerakoia).

Azken batean, idazlea ez da eroso gertatuko gizartean “zer edo zer txarto dabilela” pentsatzen badu eta literaturara eroaten ausartzen bada. Baina kapitalismoaren injustiziarik eza salatu nahi duen idazleak merkatu legeak jasatera beharturik egongo da egiten duen lana gizarteari oparitzea erabakitzen ez badu, behintzat. Eta, halere, literatura erregalatuta ere, ohiko promozio eta publizitate zirkuituetatik at geratzea erabakiz gero, ia ostrazismoa beste saririk ez du izango.

Itzulpenari dagokionez, Ainhoa Caballeroren lana, gorabehera bat edo beste kenduta, erraz eta irakurgarri gertatzen da. Dena dela, izenburuaren inguruan oso kontu jakingarria gertatzen da itzulpen ikerketaren edo kritikaren ikuspegitik; abiaburu hartu arren Stendhalen esaldi bera, ez da modu berean euskaratuta agertzen azaleko izenburuan, liburu barruan jasotako Parmako kartusia eleberriko aipuan (Literatura Unibertsala bilduman Jon Muñozek itzulia) edo Gorria eta Beltza eleberriko aipamenean (Ainhoak berak itzulia): sorburuko esaldia bat eta bera izan arren, hiru modutan agertzen da emanik. Literaturaren aldetik, onargarri gerta daiteke halako aberastasuna; itzulpengintzari eskatu ohi dioten fideltasunaren aldetik, ordea, zalantzazkoagoa da hala jokatzea, irakurleak pentsa dezakeelako idazleak berak hiru modutara idatzi zuela esaldia.

Narratzerakoan, kontatzeko modu berriak interesatzen zaizkio Gopeguiri, halako zaharra den kapitalismoari aurka egiteko konta molde haizeberrituak behar direlako. Eta irtenbidea ez da egun Interneten egoten den idazle batzuen bat-bateko idazketa dirdiratsu bezain labur hori soilik —hura ere oso beharrezkoa izan arren, argi indartsua egiten duelako—, Belenek idazketa ezinbestean luzeago eta gogoetatsuago halako bat aldarrikatzen du, ziberespazioan argi egiten duen idatzizko argimutil iragankorraz gain, hura nork pizten duen eta zer argiztatzen duen azaltzen duen idazlan klase bat.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak