kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Txatartegirako ipuinak / Xabier Etxaniz Rojo / Erein, 2010

Ilunabarrekoak Ibon Egaña / Deia, 2011-10-08

Ohikoa (kasik topikoa) bihurtu da euskaraz idatzitako ipuinei buruz esatea egunerokotasuna, errealitate gertukoa dutela abiapuntu, gurean errealismoa ulertzeko modu jakin batek hartu duen nagusitasunaren adierazgarri, baina ezin da besterik esan Etxanizen liburu honetako kontakizunen tematikaren eta beronen trataerari buruz. Esan dezagun, beraz, eguneroko errealitatetik bazkatzen direla ipuin hauek, eta haren bi aspektu elkarrekin doazela kontakizun gehienetan: egunerokotasunaren aspektu domestiko, intimo eta sentimentala, batetik, eta kotidianotasunaren dimentsio sozio-politikoa bestetik; alegia, pertsonaia nagusien harreman afektibo, familiar, sexual edo lagunartekoek hartzen dute ipuin hauen lehen planoa, eta planoaren sakonean ageri da errealitate politikoa, protagonistek indarkeria politikoaren zipriztinak hirugarren pertsonan jasotzen dituztela.

Eztanda batek esnatu eta hildakoaren nortasunaz espekulatzen duen bikotearena edo zahar-etxe batek elkartzen dituen pertsonaia politikoki antagonikoena dira bildumako istorioetako zenbait. Atrezzoari begira lehen ipuinak iragarri bezala, atrezzoa balitz bezala ageri dira ETAren atentatuak edo gehiegikeria polizialak eta hala ironizatzen du istorio horretako narratzaileak leherketa bat hizpide duela: “Gurean butano upelek ez dute gauaren isiltasuna zartatzeko ohiturarik”. Bada ahaleginik liburuan, hala, egunerokotasun bihurtutako giro politikotik distantzia ironikoa hartzeko. Bestalde, denboraren iragatea da ipuinetako beste konstanteetako bat eta horrekin batera, zahartzaroa, gainbehera (indibidual nahiz soziala) eta galera. Helduak, zaharrak dira ipuinotako protagonista asko, eta batzuetan edadeko gizon-emakumeen biktima-irudi topikoaren gainean eraiki badira ere, beste batzuetan bada ahaleginik zahartzaroari beste ertz batzuetatik begiratzeko, bizitzari berriro ekiten dioten pertsonaien bidez, edo agure xamurren irudiaz bestera, gizon mendekatiaren ikuspegia emanez.

Badira bilduma honetan, dena den, gai eta estilo nagusi horietatik erabat bestelakoak diren pare bat ipuin: Autoa eta Klaxonen festa narrazioek kutsu ludiko, absurdu eta fantastikoagoa dute eta Karlos Linazasorok landutako ipuin molde batzuetatik daude hurbilago klabe errealistetatik baino. Haatik, ipuin luzeagoetan eta egunerokotasunari lotuagoetan dabil trebeago Etxaniz, neure iritzian. Atrezzoari begira, Hogeita hamaika egun Londresen edo Garizainzuriak iruditzen zaizkit bilduma honetako emaitza interesgarrienak, hunkigarrienak eta egilearen obsesioak egokien islatzen dituztenak. Haatik, inpresioa izan dut maiz zerbaitek huts egiten duela liburuko ipuinetan, izan ere, gaiak edo pertsonaiak a priori irakurlea hunkitzeko modukoak izanagatik, ez dut uste behar besteko efektu estetikoa eragiten dutenik beti. Esango nuke inoiz egilea bera istorioaren kanpoan-edo geratu dela eta ez dugula erabat sinesten pertsonaien tragedia, beste batzuetan narratzailearen iruzkin ironikoek eta jolasek ez diotela mesederik egiten kontakizunari, eta tarteka lirismo eta tristura behartu batek kaltetzen duela istorio berez gordina. Edonola ere, kontuan hartzeko moduko liburua da Etxanizena, tartean batez bestekotik gorako aleak badituena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak