kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Bere aitaren alaba / Anne Berest (Jon Muñoz) / Alberdania, 2011

Familiako loturak eta arrakala intimoak Inma Errea / Diario de Noticias, 2011-06-10

Anne Beresten lehen eleberri honek aldeko iritzi asko eskuratu ditu, eta horren froga ditugu 2010ean Goncourt sarian lehen eleberrien sailean finalista gelditu izana, urte berean Frantziako liburu-saltzaileek aukeratutako 9 eleberri onenetako bat izatea eta Prix de Flore sarirako ere izendatuen artean egotea. Hala ere, zenbait kritika ez hain on ere jaso ditu Frantzian, eta horietako batek leporatzen dio jorratzen duen gaia bere eremu pribatukoa izatea, familiaren esparruko eguneroko bizitzaren kontu hutsala.

Nobela honek ez ditu gai transzendental eta handiak erabiltzen, ez die gure gizarte honetan funtsezkotzat jotzen diren aferei heltzen. Baina horrek ez du esan nahi ukitzen dituen kontuak funsgabeak direnik.

Bere aitaren alaba eleberrian, Berestek hizpide hartu ditu familiaren baitako harremanak eta horien gorabeherek banakoetan, senide bakoitzarengan izaten dituzten ondorioak. Esan gabeko sekretuek hedatzen dituzten itzal astunez mintzo zaigu, eta filiazioaren gai beti arantzatsuaz. Eta, batez ere, pertsonoi gure inguru hurbilak jartzen dizkigun mugez eta eskaintzen dizkigun aukerez.

Irakurleok zer leitu geure gustuekin bat aukeratzen dugunez, ez dut duda egiten: irakurle askok ez dituzte maite paisaia intimoetan barna abiatzen diren kontakizunak. Beste batzuok, berriz, gustuko ditugu. Virginia Woolfek A Room Of One’s Own (Norberaren gela) liburuan idatzita utzi zuen Emakumea eta narratiba titulupean emandako hitzaldietan entzule zituen emakumeei emandako aholkua: denetariko gaiak jorra zitzatela, ordura arte (XX. mendeko hogeiko hamarkada!) oso modu bakanean ukitutakoak barne, eta horien artean norbere bizimodu eta kezkei dagozkienak. Harrezkeroztik, zorionez, emakume eta gizon asko ausartu dira paraje horietan barneratzen. Berest da horietako bat, eta, harena ez dela bere klasekoen artean nobelarik perfektuena ukatu gabe, begiratu interesgarria eskaintzen digu familiei eta haren kideen arteko elkarreraginei buruz.

Nobelaren egikeran, agerikoa da Anne Beresten prestakuntza-motaren eta lanbidearen eragina. Berestek literatur ikasketak eginak ditu, antzerkiaren arloan, eta antzerkiari lotuta dago ogibidez (Théâtre du Rond Point delakoaren aldizkarian lan egiten du). Antzerkiaren eragina orainaldiaren erabilera sarrian, eleberriaren antolamenduan (ez dakit nahi gabe edo nahita, baina nobelak ekitaldiz —egun bakoitzeko bat— eta agerraldiz eraturik dirudi) eta zenbait deskribapen egiteko eran nabaritzen da. Eleberriak badu, bestalde, intriga puntu bat, baina egileak ez dio luzaro eusten horri (hori da nobelari egin zaion beste kritika bat), eta irakurleek aise —eta agian goizegi— asetzen ahal dute hari dagokion jakin-mina.

Jon Muñoz itzultzaileak jatorrizkoaren tonuari heldu dio bete-betean. Haren itzulpenaren bidez, aukera dugu euskal irakurleok gure hizkuntzaren mugetatik kanpo idazlan sortu berri hau euskaraz leitzeko. Zorionez, gero eta maizago gertatzen da hori: gero eta ohikoagoa da euskaraz irakurri ahal izatea idazlan bat bere jatorrizko hizkuntzan argitaratu eta handik gutxira.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak