« 100 metro | Utopiaren itzalak »
Eromenaren mendietan / Howard Phillips Lovecraft (Ainara Ruiz Benito) / Alberdania-Elkar, 2010
Eromenaren mende Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-03-08
Zientzi fikziozko eta fantasiazko literaturaren estratak ibiltzen dituenak, halako batean, noraezean, topo egingo du H.P. Lovecraften idazkien mugarriarekin. Literatura orokorraren ibilbide zabalagoetatik abiatzen den ibiltariak ere, noiz edo noiz, ezinbestean, Lovecraft idoroko du XX. mendearen hasierako handienen artean. Eta aurreneko lerroak leituta dena delako ipuina edo eleberria jo eta bertatik baztertzen ez duena berbertatik geratuko da harrapatuta unibertso ezinago bitxi batean. Esan beharrekoa da Lovecraften lanak ez direla berdin hartzen nerabezaroan eta helduaroan —literaturan, orokorrean, jazo legetxe—: gazteak munduaren amesgaiztozko alderdia topatzen du, gaitzaren aurrez aurre jartzen duen hastapen errito halako bat. Nagusiak, ordea, bizialdian eskarmentuz ikasitakoaren sendespena, munduak bene-benetan dituen osagai maltzurren gaineko metafora.
Eta gezurra badirudi ere, fantasiazko unibertso sendo, goibel eta ukigarri hori ez dator mundu asmatu batean murgilduta bizi izan zen idazle batengandik. Haren jarraitzaileetako batzuk ez bezala (Cthulhuren mitoak zikloaren inguruan zale saldo handi-handia dabil munduko bazter askotatik), Howard Phillips Lovecraft guztiz materialista zen, jota zuen arrazismo ikaragarriaren pareko materialismo baten jabea. Michel Houellebecqek idatzi bezala, Lovecraften idatzietan agertzen diren izaki ikaragarriak benetako pertsona mota batzuen ikur dira —idazleak behe mailakotzat zituen arrazak eta gizakiak—, eta arrazismoaren osagairik berezkoena eta oinarrizkoena hartzen du harrointzat: beldurra, lokamutsetako izu itsaskor askigabe halako bat.
Lovecraftek fantasiaren eremua erabili zuen gaitzespena adierazteko ezein errealismo motari, diruari, sexuari, haren mailaren parean ez zegoen edozeri; baina forma aldetik, iraultzaileen antzera jokatuta, ohiko kontakizunaren mugak leherrarazi zituelako, literatur lanak garaiko termino eta kontzeptu zientifikoz hornitzeaz batera, eduki poetiko handiko pasarte luzeak lortuz.
Jacques Bergierrek esan zuenez, beharbada asko sufritu duenak baino ezin du ederretsi Lovecraften obra. Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoen garaian hil zen Howard Phillips Lovecraft, eta behin adierazi zuen gogaituta zegoela munduarekin eta gizadiarekin, eta inongo kontakizunik ez zuela harengan interesik pizten orri bakoitzean bi krimen agertu ezean edo kanpoko espazioetatik zetozen izenik bako izugarrikeriez jardun ezik. “Helduaroa infernua da”: horra hor haren bizitzaren eta literaturaren ardatz eragile nagusia. Nagusitzeak umeari edo nerabeari bestelako balio sorta bat dakarkio: errealista izan beharra, plazer lehia, norgehiagoka jarduteko beharra, etengabeko desafioak, sexua, ogibidean jarduteko obligazioa… Umezaroarekin galtzeaz batera, hori dena hartu behar izan zuen lepoan idazleak, zenbateraino eta gizakia mundutik desagertu eta unibertsoa bera ezinbestez kaoserantz doan trantsizio aldi batzat jo besterik ez izateraino. 1918an ondokoa idatzi zuen: “Zenbaitetan, egiak suizidioa eragin dezake, edo, gutxienez, depresio ia suizida bat”.
Gaur egun, haren garaian baino deserosoago eta baztertuago legoke Lovecraft, batez ere kontsideratuz gero “gaitz deritzogu aldaketari berari, besterik ez” uste zuela. Aurrerapena, etengabe aurrera joatea, zalantzan jartzerik ez dagoen sinesmen zabaldua da gizartean, mundu osoan zehar. Eta nekez onartuko luke lurrun makinari eta elektrizitateari berari natura eta mundua gizakiaren helmenetik at jartzen zuten asmakizun zeritzenak. Haren garaian hasita zeuden aberastasun eta sexu egarri ezin amaituzkoak nonahikoak eta ahalguztidunak dira sasoi honetan. Gizakiaren balioa bakoitzaren ahalmen ekonomiko eta erotikoaren arabera neurtzen du gaurko gizarteak; eta horiexei zeritzen, hain suertez, Lovecraftek gaitzen.
Lovecraft mutur zalea zen, estremista garbia. Puritanoekin bat zetorren mundua, berez, gaiztoa delako iritzian; baina puritano haiek ez bezala, ondorio horrek ez zion ezinegonik sortzen, literaturara eroaten zuen eta. Hesteetako minbizi batek ekarri zion heriotza, eta azken ospitale aldi hartan, morfina lagun, gaixo eredugarri, heziera oneko, atsegin, estoiko eta zindoa izan ei zen. Eta idazlea hiltzeaz batera, “Lovecraften obra” munduratu zen: bizirik zela espero zuen neurriko arrakastarik batu ez bazuen ere; urtea joan urtea etorri, estimua irabaziz joan den idazlan sorta sendo bat utzi zuen. Ainara Ruiz Benitoren euskal itzulpen honek ??”orraztu beharrekoren bat edo beste gorabehera??”, egitura dramatiko aberats eta zirraragarri jabe den testu handi baten aurrean jartzen gaitu. Grina ??”maitasun nahiz gorroto??” handi guztiek, azkenean, benetako artelanak sortu ohi dituzte: honako honetan, esaterako, garai hartan guztiz berritzaile izan ziren narrazio baliabide trebe eta ausartak baliagarri gertatu ziren idazlearen barruko irakinaldiaren albiste emateko.
Biziari zion nazka etsaigo aktiboa bihurtua: horra hor lan honi ere darion mamia. Idazlana Howard Phillips Lovecraftek Poeren lan batetik hartutako berba batzuekin amaitzen da. Poerenean eleok albatros “zuri eta puru batek” —arrazismoaren lorratza?— esaten zituen, Lovecraften honako honetan, Antzinako Izakien edo Shoggoth-en berbetaren oihartzuna dakarkigute. “Tekeli-li!“. Batzuen arabera, “Jainkoa haserre da” esan gura dute. Baina nork jakin? Esakunearen ingurukoak argitzeko ditugu oraindik ere. Beharbada, hizkuntzaren beste aldea, beste bazterra hor dagoela gogora erakartzeko baino ez daude jarrita. Gizakirik gabeko mintzaira, ezer komunikatzen ez duena, dei egiten diolako denok barruan daroagun aspaldi-aspaldiko egia ahaztu bati. Edo, besterik gabe, hitzik gabeko oinazea, hegorik eta soinurik bako hegaztiak, hitz egiten ez duenaz berba dagiena: “Tekeli-li!“, “Tekeli-li!“.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria