kritiken hemeroteka

8.675 kritika

« | »

Kontrarioa / Lander Garro / Susa, 2010

Hondamenditik aterako da Mikel Asurmendi / Irunero, 2010-11

Raul Oliveira edo Lander Garro. Nobelaren protagonista eta egilea. Garroren Alter egoa bide darama Oliveirak. Bien nerabezaroen ezaugarria hauxe: eskola porrota. Eskolan porrota jaso duten umeek bi esperientzia ezagutzen dituzte —handi-handika erranik—: hondamendian barrena jarraitu bizitzan edo hondamenditik ateratzeko bidean borrokatzea.

“Borrokatzea” eta “bizitzaren aldeko interesa” izatea sinonimoak direnean, porrota jasan duenak etorkizunari aurre egin diezaioke. Ez du eskolako programek diseinatutako “irabazle”aren profileko nortasuna osatuko, baina badu etorkizunik. Raul Oliveira bigarren horietakoa duzu.

Xake jokoaren legera bizi da protagonista: bizitza lehia da, lehia etengabea. Kontrarioak nonahi ezagutu ditu, eskolatik landa, lanean —hasi berria—, baita etxean ere. Bere ama alargunaren bikotea, kasu, kontrario dauka. Lagunen artean ere kontrarioak ditu. Xakean nola, armada osoa du kontrario. Auzoa bera kontrario du Oliveirak.

Xakean nola bizitzan kideak ere baditu protagonistak halere. Oskar laguna, esaterako. Lagun mina (Ondo sentiarazten zaituen laguna da lagun mina). Ez da protagonistaren ingurumarian dabilen pertsona bakarra: neska lagunek berezko tokia dute nobelan, amodioen eta desamodioen bidaideak, alegia. Irakasleak ere badaude. Porrota bizi duen irakaslea, kasu. (Bidenabar, erran dezadan, porrota bizi duten ikasleaz usu mintzo dela jendartean, porrota daraman ikasleaz ez hainbeste).

Laguntasunaren nobelaz harago doa istorioa, maitasunaz bestera, sorkuntzaz ari da nobela. Sorkuntzaz edota arteaz. Artea margoa dela, artea irudia dela, artea letrak direla.

Letrak, literatura eta nobela hau hizpide, Raul Oliveira nola halatsu dabil Lander Garro idazlea. Ofizioan bide eginez. Liburu proiektu bat dauka Raulek (Landerrek batzu-batzuk idatzi ditu dagoeneko).

Estiloa badu Landerrek. Berea. Txispa ere badu, berezkoa. Areago, idazle izateko kalea bizi du, Raulek legetxe. Berezko umorea dauka Landerrek eta berezia Lander Garro idazleak. Pertsonaien arteko solasak piper eta gatzez ontzen ditu.

Idazleak kalea eta auzoa bizitzen segitzen baditu, letrak landu ahala, berezko idazkera moldatuko du. Bizitzan nola idazle ofizioan borrokatzen badu, “bizitzaren hondamenditik aterako da”. Gainera, agian, bidean bide, ez da literaturaren farfailean lerratuko.

Azken kritikak

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak