kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Ikusezin / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2009

Eraikinean galdurik Beñat Sarasola / Berria, 2010-05-23

Nago nire belaunaldiko irakurleetatik ugarik izan dugula noiz edo noiz gure garai Auster-zalea. Anagrama argitaletxeko bildumetatik (Panoramas de narrativa edo Compactos) irakurri izan ditugu hegoaldekook idazle amerikarraren lanak, harik eta Alberdania bere nobedadeak itzultzera animatu zen arte 2006an. Paul Austerren (Newark, 1947) obra oparoa aintzat hartuta aitor dut hutsune ugari ditudala oraindik, eta irakurtzeke geratu zaizkidala, esaterako, bere azkeneko bi lanak —Bidaiak scriptoriumean zehar eta Gizona ilunpean—. Ikusezin, besteak beste, New York Times-eko kritikariak idatzitako iruzkin laudatzailearekin etorri da, zeina esaldi biribil batekin bukatzen baitzen: It is the finest novel Paul Auster has ever written (Paul Austerrek inoiz idatzitako nobela rameganteena da). Akuilu bikaina izan da, bada, Austerren mundura itzultzeko.

Austerrek ohi duen eran, fikzioaren zirrikituak miatzen ditu azkeneko nobela honetan ere, asmamenaren eta egiaren arteko muga lausotuz. Narrazioa bi planotan eraikia dago. Lehenengoa James Freeman (Jim) idazle arrakastatsuaren (Auster beraren alter egotzat har litekeena) istorioa dago, non kontatzen baita nola jasotzen dituen bere unibertsitate garaiko lagun zahar baten, Adam Walker-en, eskuizkribuak. Bigarren planoan, Walkerren istorioa osatzen duten testuak daude, Walker beraren hiru —Udaberria, Uda, eta Udazkena zirriborroa—, eta liburua ixten duen Cécileren egunerokoa. Azken istorio hau da liburuaren zati handiena hartzen duena, eta honenbestez, Walker dugu nobelako pertsonaia nagusia.

Hogei urte eskas dituela, Rudolf Born izeneko unibertsitateko irakasle frantsesa eta bere bikotekidea —Margot Jouffroy— ezagutzen ditu festa batean. Hasieratik jabetzen da ez diola ezer onik ekarriko adiskidantza horrek, baina haatik, ez da berengandik aldentzeko gauza, eta gertakizun zein baino zein aldrebes eta makurragotan murgilduta ikusiko du bere burua. Beranduago, zurrunbilo horretatik aldendu nahian, bere arreba, Gwyn, sartzen da kontakizunean, kontua oraindik gehiago nahasiz. Ibilbide honetan guztian, sexu eta amodiozko mugazko harremanak azaltzen zaizkigu, testua egiantzekotasunaren ertzean garatzen dela. Walkerren hiru zatiak ezberdinak dira estilo aldetik, narratzaile-mota aldatzen da bakoitzean esaterako, baina denek ere badute halako ukitu behartuegi bat, ene irudiko. Gauza interesgarriak gordetzen baditu ere, hainbat elkarrizketa eta gertakari sinesgaitzak begitandu zaizkit, eta testua oro har irregularregia. Jakina, nobela guztiaren barnean, bere logika gordetzen du Walkerren zatien irregulartasunak, baina nire zalantza da ea justifika dezakeen narrazioaren eraikuntza osoak, hots, jolas metafikzionalak, testuaren ahultasuna —batez ere hartzen duen hedadura kontuan izanik—. Amaierako Cécilen egunorokoarena ere, bestetik, nobelari soluzio errazegia emateko modua iruditu zait.

Niri Jimen zatiak iruditu zaizkit interesgarrienak, eta hor sumatu dut hoberen islaturik kontu teorikoen inguruan literarioki hausnartzeko autoreak duen gaitasuna. Jimen iruzkinek bide ematen baitute egungo literaturan pil-pilean dauden gaiei buruz hausnar egiteko: Walkerren narrazioen benetakotasuna, autofikzioaren mekanismoa (interesgarria, zentzu honetan, izen propioen ingurukoak) edo testuen edizio lana, besteak beste. Gainera, adimen literario handiaz, erabat ebatzi gabe uzten dira kontuok.

Laburbilduz, egungo hainbat diseinuzko eraikin bezalakoa begitandu zait nobela. Fatxada bihurri eta ikusgarrikoa, baina barnealde ez hain bikainekoa.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak