kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Segundorik luzeena / Bill S. Ballinger (Xabier Olarra) / Igela, 2009

Literatura onenaren ertzak Beñat Sarasola / Berria, 2010-03-28

Kez egindako erretratua bada ere Bill S. Ballinger idazlearen lanik ezagunena, Segundorik luzeena-k generoaren barnean sari garrantzitsua den Edgar Allan Poe saria jaso zuen. Ballinger eleberri beltzaren bigarren belaunaldiko idazletzat hartzen da; hots, bere obra nagusiak aurreko mendeko 50eko hamarkada inguruan garatu zituen nobelagiletzat, Segundorik luzeena bere obraren helduaro bete-betean idatzitakoa da, 1957. urtekoa.

Victor Pacific ospitalean esnatzen da serumera konektatuta eta lepoan ebakia duela. Ez da ezertaz oroitzen, eta ez da hitz egiteko gauza. Abiapuntu indartsu horretatik abiatzen da idazlea nobela beltz bizi eta zirraragarri hau ontzeko. Kez egindako erretratua nobelako -eta baita Sail Beltzeko Balingerren beste liburuko, Ilegorriaren emaztea-ko teknika berberaz egiten du aurrera kontakizunak; hau da, kapituluz kapitulu tartekatuz joaten diren bi narrazio paraleloren bitartez. Hala, alde batetik, Pacific beraren ahotik lehenengo pertsonan idatzitako zatiak daude, liburuaren zati handiena hartzen dutenak; beste alde batetik, David Burrows eta Alvin Jensen detektibeen ikerketa, hirugarren pertsonan idatzia, Manhattango Mercer kalean agerturiko gorpu baten inguruan. Nobelaren erdialdera-edo ezagutaraziko zaio irakurleari bi zatien arteko lotura zehatza zein den, eta alde horretatik, ez da komeni liburuaren atzeko azaleko argibideak irakurtzea, gehiegitxo kontatzen ez ote den.

Memoria galtzearen gai klasikoa akuilu bikaina da generoaren konbentzioak apur bat gehiago estutzeko; izan ere, nobelako pertsekuzio nagusia Pacific-ek bere buruari egiten diona dela esan baitezakegu. Pacific bera dela detektibe eta iheslari. Horrexek eragiten du itxuraz ondo narratutako detektibe nobela arrunta dena maila goreneko literatura bihurtzea. Identitatea, erantzukizun morala, denbora, komunikazio-inkomunikazioa eta abar, nobelan zehar naturaltasun osoz eta handiusteko oroz kanpo azaltzen diren gaiak dira. Horiek guztiak, gainera, nobelako giza erlazioak bezalaxe, sotiltasun handiz aurkituko ditu garaturik irakurleak. Horren adibide da Bianca Hill pertsonaia eta Pacificen arteko harremana. Genero honetako lan behienetan legez, Segundorik luzeena-n ere narrazio teknikak, eta, bereziki, suspensea eta egiantzekotasuna, ezin hobeki landuak azaltzen zaizkigu. Istorioaren garapenean funtsezkoak diren diru transakzioen inguruko ñabardurak, eta, oro har, bankuen arteko operazioak, esate baterako, zehaztasunez deskribatzen dira, xehetasun guztiak ongi lotuz. Eta nobelaren amaieraz zer esan; kontakizun onenen antzera finitzen da -eta hasiera ere halakoxea du-. Zeren, protagonista Victor Pacific dela esan dut hasieran erraztasunez, baina, benetan al da hala?

Lehenago esan bezala, Kez egindako erretratua den arren Ballingeren nobelarik sonatuena, Segundurik luzeena-k gainditu egiten duela esatera ausartuko nintzateke. Sosegu handiagoaz idatzia dagoela iruditzeaz gain, kontakizunak gordetzen dituen irakurketa anizkunek nobela beteago eta baliotsuago egiten dutelako inpresioa dut.

Beti galdetu izan diot neure buruari zergatik literatura ez konplikatuegia eta entretenitzekoa-ren aldekoek ia inoiz ez dituzten aipatzen Igela argitaletxeko Sail Beltza-ko liburuak. Entretenimenduan maisurik bada, Dashiell Hammett, Raymond Chandler, Jim Thompson eta enparauak baitira izan. Horretaz aparte, bidenabar, beste zenbait ertz eskaintzeko gai izaten dira liburuok sarritan, Segundorik luzeenarekin gertatzen den gisara. Literatura onenaren ertzak, esan nahi baita.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak