« Azken gizaki librea | Elurra beltz »
Aurpegirik gabeko hiltzaileak / Henning Mankell (Juan Mari Mendizabal) / Erein, 2009
Wallander inspektorearen lehena Ander Arana / Diario de Noticias, 2010-01-28
Henning Mankellek (Stockholm, 1948) Kurt Wallander inspektorearen ibilaldia bukatutzat eman bide duenean argitaratu du Ereinek haren lehen eleberria euskaraz; hartara, euskal irakurleari Wallander inspektorearen fan-clubean sartzeko atea ireki dio Juan Mari Mendizabalen itzulpenak —txukuna oro har, zuzendu gabe itzuritako kontutxo batzuk gorabehera—. Wallanderri buruzko eleberriak hogeita hamazazpi hizkuntzatan irakur daitezke, sariak jaso dituzte nonahi, eta halako wallander-mania moduko bat sorrarazi dute non, esate baterako, % 35igo baita turista ingelesen kopurua Ystad-en (Eskania, Suedia), inspektorearen bizilekuan. Eta eleberria Wallander inspektoreari buruzkoa dela esan dugu, bai, eta ez Wallander inspektorearena, zeren haren irakurle/jarraitzaileek kezkaz bizi badituzte ere Lövgren senar-emazteen hilketa argitzeko ikerketaren nondik norakoak, are kezkatuago ibiliko dira Kurt Wallanderren eguneroko bizitzako gorabeherekin. Izan ere, inspektorea hezur-haragizkoa da, eta horrek egiten du bereziki sinesgarri.
Eleberria hirugarren pertsonan idatzia da, baina hain dago Wallanderrengan fokalizatuta non esan bailiteke narratzailea Wallander bera dela. Horrek ere laguntzen dio irakurleari haren larruan sartzen, eta irakurleak berari gertatuko balitzaio bezala bizi du emazteak inspektorea utzi izana, alabarekiko harremana ia galdu izana, aitaren onespen eza edota bere buruarekiko utzikeria. Irakurlearen arreta osoa bereganatzen du pertsonaiak, eta beharbada horregatik geratzen dira hain azaletik zirriborratuta berez pisu handiagoa izan zezaketen beste pertsonaia batzuk: Mona emazte ohia, Linda alaba, Anette Brolin fiskala, Rydberg lankidea…
Esan bezala, nobela honetan, bere landetxean modu basatian eraildako bi agureen kasua argitu behar du Wallanderrek, baina hori, neurri batean, gure gizarteak immigrazioaren aurrean duen jarreraz jarduteko eta jarrera hori salatzeko aitzakia bat baino ez da. Suedian 1991n bizi zutena gaur egun ari gara bizitzen gu, Europako gure txoko honetan, eta han baino hogei urte geroago ari gara nozitzen hemen, bere gordinean, haien orduko beldur eta aurreiritzi funsgabe guztiak. Mankellek idazle politikotzat du bere burua, eta krimena beste gauza batzuez aritzeko baliatzen duela dio. Mankellek uste du “lotsagarria dela gurea bezalako herrialde aberats batek —Suediaz ari da, baina baita Europa osoaz ere— ateak ixtea etorkinei eta errefuxiatuei, ate itxiekiko gaztelua bihurtu izana”. Immigrazioaren arazoan sakontzeko, errefuxiatu-esparru bateko somaliar baten hilketa baliatzen du Mankellek. Horrek eten egiten du nolabait eleberriaren hari nagusiaren kontaketa, baina haustura horrek, behartuxea dela pentsa daitekeen arren, ez du zeharo hausten edo erdibitzen eleberriaren kontakizuna, lehenago ere esan dugunez Lövgrendarren hilketa baino are munta handiagokoa delako, eleberriaren batasunari dagokionez, Kurt Wallanderrek bizi duen krisi pertsonala. Bi eginkizun horietan lortuko dituen emaitzak oso diferenteak izango dira ordea. Hilketak, kasualitatez bada ere, argitu argituko ditu, baina bere eguneroko bizitzako kontuak… Hori argitzeko, irakurle, Kurt Wallander inspektoreari buruzko gainontzeko liburuak irakurri behar (ea noiz euskaratzen diren, irrikan gaude-eta), eta baietz egin zu ere haren fan-clubekoa! Ni, dagoeneko, banaiz.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres