kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Basamortua / J.M.G. Le Clezio (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 2009

Azken gizaki librea Karlos del Olmo / eizie.org, 2010-01-26

Basamortua Le Clézioren eleberririk ezagunena da; nahiz eta egileak, bere liburuen artean aukeratzeko edo baten bat gomendatzeko eskatzen diotenean, azken hiru eleberriak leitzeko gomendioa egiten duen, unean-unean esku artean duen azken lana barne, areago interesatzen zaiolako eginkizun duen izkribua dagoeneko idatzita duena baino. Basamortua iparraren eta hegoaren arteko harremanen metafora handi moduko bat da, basamortuko azken gizaki libreen eremu ia mugagabeetatik Parisa lan egitera doan eta Afrikara umedun itzultzen den emakume gazte baten patu ibilbidearen bitartez.

Le Cléziok frantsesez idazten du, baina ez du Frantziaz apenas berba egiten. Ez ei da eroso sentitzen, ez jaioterriko Nizan, ezta Parisen ere. Erbesteratze borondatezko horren zioa izan daiteke idazlearen ondoko aitorpenak jasorikoa: “hizkuntza frantsesa dut bizileku bakarra”. Ez du oso gustuko egungo literatura frantsesean halako boladan dagoen autofikzioa: “nik ez dut irudimenik”, inguratzen duen munduari arretaz begiratuta idazten omen du, eta ekintza interesatzen zaio batez ere.

Idazleak Nobel Saria jasotzeko ekitaldian irakurri zuen diskurtsoan zioenez, “Idazten ari bagara, horrek esan gura du ez dugula zuzenean ekiten. Errealitateari aurpegi ematerakoan arazoak ditugula eta horrexegatik aukeratu dugula erreakzionatzeko beste bide bat, komunikatzeko beste bide bat, tarte bat, gogoeta egiteko beta”. Idazlaritzan hastean, gerra izan zuen eragile nagusia, baina ez asalduraz eta pathosez beteriko halako une historiko gogoangarria, historia eta oroitzapen liburuetan gelditzen dena, zibilek bizi izaten duten gerra baizik, batez ere umetxoek jasaten duten gerra. Gerra garaian eta ondorenean txikiak ikaraz beteta, gosekilik, hotzak akabatuta egoten dira, eta horixe da gerra kontu guztia haientzat. Le Cléziok etxeko leihotik Rommelen armada ikusi zuen, Alpeetarantz zihoala, Itailarako eta Austriarako pasabide bila; dena dela, gomuta hori baino biziago du gerraondoan ez zutela irakurgairik edo zerekin idatzi. “Lehenengo marrazkiak zirriborratu eta idazkiak izkiriatu nituen zurgin arkatz gorri-urdin horietako batez”. Hala, ez da harritzekoa lehen liburua sei edo zazpi urterekin senideentzat idatzi izana. Amamaren etxe inguruetan minak zeuden, eta itsasbazterra bera zenbait aldetan txarrantxaz mugaturik egoten zen, buru hezur batek argiro iragartzen zuela hiltzeko arriskua… Hortaz, ez da txundigarri gertatzen horrelako giro estu batean ihes egiteko premia sentitzea, alegia, amets egitekoa eta, ondorioz, ametsok idatziz paratzekoa; batez ere amaren aldeko amona istorio kontalari aparta izanez gero. Beranduago, aitaren herentzia banatzeko orduan, berehala konturatu zen umezaroan halako erraz ulertzen ez den egia batez: liburuak ezelako jabetza material edo kontu korronte baino altxor hobeak direla. Eskuratu zituen ale zahar haiei esker, literaturaren mundu handia deskubritu zuen.

Munduan nagusi diren sei literatur hizkuntzetan idatzitako lanen gainean berbetan, itzulpenari esker herri eta literatura txikiagoen ahotsa entzun daitekeela dio, eta hori gertaera berria dela, baikor izateko motiboa. Kultura gizadi osoaren ondarea delako. Nahiz eta gizaki guztiok kultura mugakizunik gabe eskuratzeko aukera berdintasunik ez duten, esaterako, Basamortua eleberriko pertsonaietako batzuek.

Literaturako Nobel saridunen lanak plazaratzeko Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak abian jarritako urtean behingo ekimen txalogarri honen baitan Luis Berrizbeitiak paraturiko itzulpena arretaz leitu beharrekoa da, aberatsa eta barroko samarra delako hiztegi eta egitura aldetik, ez da di-da batean hasi eta buka azkendu daitekeen itzulpen arina; halako poesia zama bat daroa lepoan. Baliteke zenbait pasartetan orraztu arretatsuagorik behar izatea, esaterako, orri berean hitz elkarte bera lerro gutxien bueltan marrarik gabe eta marraz idatzita ikusten delako; dena dela, halakoek irakurleari ez diote gozamena apalduko.

Idaztea eta itzultzea —bizitzea bezala, azken batean—, oso jarduera bakartiak dira; halaz ere, besteei eginiko oihu, dei eta aldarri ozen halako bat gertatzen dira, eta irakurlearen harrera eta erantzuna bakartasuna apurtzeko tresnarik onena. Idazlearen eta itzultzailearen irakurlearenganako esperantza inoiz ez da hiltzen, protagonistak kantatzen duen abestiak dioenez, “… egun batez sugearen ahoan ez da gehiago pozoirik izango eta fusilen balek ez dute heriotzarik emango…”. “Medi-te-rra-neo-a-a-a”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak