kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea / Flannery O'Connor (Itziar Otegi) / Alberdania-Elkar, 2009

Hemen erraza da ipuin on bat aurkitzea Mikel Ayerbe / Berria, 2010-01-24

Literatura Unibertsala bildumari eta Itziar Otegiren itzulpenari esker, Flannery O’Connor idazle estatubatuarraren (1925-1964) hamar ipuin irakur daitezke orain euskaraz, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea eta beste istorio batzuk liburuan. Aurrez, 1985ean, Mikel Azurmendik itzuli eta Baroja argitaletxeak kaleratu zituen jada O’Connorren bi ipuin: Jende ona nekez da aurkitzen eta Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena (oraingo bilduma berrian beste zortzi narrazioekin batera biltzen diren biak). 1986ko Susa aldizkariaren 17. zenbakian, Xabier Montoiak O’Connorren maisutasuna goraipatu eta idazlea kokatzeko hiru ezaugarri nagusi ere azpimarratu zituen: emakumea, hegoaldekoa eta katolikoa izatea, alegia.

Otegi itzultzailearen hitzaurre bikainean O’Connorren narraziogintza ulertzeko ezaugarri horiek sakontzen dira: a) hegoaldekoa izateak, besteak beste, hizkuntza eredu berezi baten aldeko hautua egitera behartu baitzuen; eta b) erlijioaren gaiak, protestantez inguraturiko eremuan katoliko izateak nagusiki, berebiziko garrantzia baitu idazlearen obran.

Baina elementu horiez gain, bestelako klabe batzuk ere ezin egokiago biltzen dira hitzaurrean: c) aita gazterik galdu izanaren eragina, “beharbada horregatik sumatzen da haren fikzioan aitaren irudiaren halako hutsunea”; d) tankera guztietako pertsonaia bitxien taularatze masiboaren zergatiak, elbarri, buruz atzeratu, hiltzaile, besamotz eta bestelakoak “freak nabarmenak” izan arren erabat sinesgarri eta interesgarriak direlako; e) bortizkeriak ipuinetan hartzen duen zentzua, biolentzia “erritu edo sakramentu” gisa ulertu behar den neurrian; f) zurien eta “negro”-en arteko gatazkaren oihartzuna, akzioaren lehen planoan edo bigarrenean ia kontakizun guztietan agertzen dena; g) narrazioetako sinbologia, “obra oso aberatsa eta konplexua den seinale”.

Izan ere, ipuinok elkarren artean oso ezberdinak izanagatik, guztiek dute korapilo berean lotzeko moduko halako estilo bateratasuna. Guztietan aurkituko du irakurleak asaldatzeko zerbait, ezinegona sortu, harridura asimilatu eta lerro artekoa interpretatzera bideratuko gaituen zereko zera literario hori. Kontatzen denaren kontaera nola egiten den jabetzeaz gain, horren atzean ezkutatzen dena ulertzeko irrika ere izan dezakeelako irakurleak. Mami askoko ipuinak dira, eta sarritan hainbat pasarte eta ipuin berrirakurtzea beharrezkoa egin zait niri beren konplexutasunaz ohartzeko. Berriro ere hitzaurrera joz, “hortxe kokatzen dute askok O’Connorren ipuinen indarra, hainbat esanahi geruza izanik, haren istorioek guztietan ere ondo funtzionatzean”.

Ipuin bakoitzaren xehetasunak zerrendatzea saihestuz eta bakoitzaren biribiltasuna zehazki aipatzeari iskin eginez, esan dezadan literaturazaleoi hainbeste gustatzen zaigun esaldi eta pasarte azpimarragarriz betea dagoela liburua. Narrazio bateko esaldia parafraseatuz, O’Connorrek zahartzaroa aurrez aurre daukan emakume gaztearen begiekin idazten baitu sarritan, besteetan ironia zorrotzeko ateraldiak bilduz zein halamoduzko xamurtasunari ere tarte eginaz. Bestela esatearren, Sautrela saioan ahots sakonez, oso argazki estetikoz eta country musikaz lagunduta agertzeko moduko hamaika pasarte eta esaldi daudela liburuan.

Azken batean, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea liburuko ipuinen kalitateaz hitz egitea baino askoz ere lan atseginagoa baita liburua hartu eta narrazio bortitzak irakurri eta berrirakurtzea.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak