« Autofikzio bat historiara | Ederra bai, ihesa »
Tinta-bihotz / Cornelia Funke (Naroa Zubillaga) / Elkar, 2009
Zaurietatik tinta dario Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-11-26
Literatura fantastikoa izendapena (etiketa?) ikusteaz batera, askok alde batera utzi ohi dute dena delako liburua, genero txiki edo ume-gazteentzako produktu baten aurrean daudelakoan. Borges ez zen halakoen irizkidea, “Batzuen iritziz, literatura fantastikoa albo genero bat da; badakit aspaldikoena dena, badakit, edozein latituderen azpian, kosmogonia eta mitologia ohitura eleberria baino lehenagokoak direna”. Literatura fantastikoa loraldi moduko bat bizitzen ari da azken urteotan, baina ez da gure garaiotako sorkaria: ezagutzen ditugun literatura ia-ia guztiek fantasia dute sorburu; errealismoak, ordea, mende bakarra bete du.
Literatura fantastikoa aztertzerakoan, Borgesek lau prozedura eternal identifikatzen ditu, idazleok fikzio errealista eta errealitatea bera leherrarazteko darabiltzatenak: artelana artelanaren barruan, ametsak errealitatea kutsatzea, denboran bide egitea eta doblearen mitoa. Naroa Zubillagak alemanetik euskara ekarri digun Tinta bihotz eleberriaren oinarria batez ere aurreneko prozedura da: artelan barruko artelana; honako honetan, ezin bestela jazo, hezurdura liburu barruko liburua dugu —Alemaniako idazle fantastikoek arrakasta handiz erabilitako prozedura, esaterako, Endek Amaigabeko istorioa eleberrian—, kapitulu bakoitzean idazle ospetsu bat enbaxadore erabiltzeak sortzen duen erreferentziazko gainegiturari esker.
Fantastikoa alegoriaren arropaz jantzi ohi da. Fikzio fantastikoak hautazko unibertso bat sortzen du, hura egituratzen arautzen eta mailakatzen duten hastapen, lege eta arau batzuez hornituta. Unibertso paralelo horretan idazleak magiaren ahalmenak zedarritu beharko ditu, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak. Azken batean, fantasia idazten duten guztiok kosmosari buruzko ikuspegi bat izan behar dute, liburuari oinarri sendoak emango dizkioten kontzeptu batzuk. Ezin ukatuzkoa da Lewis, Poe, Tolkien, Verne, Pullman, Borges, Scott Card eta beste hainbat egilek oinarri teologiko, metafisiko edo politiko argi bat dutela. Cornelia Funkeren liburu honek ere badu halako egonarri bat: liburua, irakurtzea eta kultura bera errealitateari esangura ematen dioten ispilua direla dioen hastapen humanista. Seguru asko hala gertatzea Funkek pedagogia ikasi izanaren ondorioetako bat da. Dena dela, liburu honetan argudioaren konplexutasuna nahiz pertsonaien eta giroen ugaritasuna kontraste handian daude alegoriaren oinarri den leitmotiv eskematiko eta itxuraz sinplearekin.
Fantasia ez da adimenaren joko hutsa —Borgesek, txantxazale, inoiz edo behin adierazi legez—, errealitatearen gaineko ikuspegi bat adierazi ohi duen entsegua baino. Bestela esanda, errealitatearen metaforak erabilita, idazleak ez du errealitatetik ihes egite hutsa bilatzen, errealitatea eraldatzeko gogoa agertzen edo aukera bilatzen baizik. Liburu honetan protagonistak bere ama desagertuaren misterioa argitu beharko du, aldez edo moldez, liburuei esker. Esan ere liteke literaturan hain ezagunak diren sortes edo bibliomantzia moduko bat proposatzen digula egileak, alegia, norberaren patua gobernatzeko liburuetatiko zorizko aipuak erabiltzea; edo, osterantzean, idazkiak adur oneko (zein txarreko) arma ahalmentsu moduan aurkezten dizkigula, liburu santuetan oinarritzen diren erlijioen pareko sinesmen sistema laiko moduko batean; edo, zergatik ez?, aukeran, liburu ezkutuak jakitate are ezkutuagoen oinarritzat darabiltzan sekta edo talde horietako baten antzera.
Zein da, dena dela, errealitatea? Gizakiek asmatu dituzten kategoria moral eta intelektualetan oinarritzen den mundu itxuraz koherente bat, arrazoimenak gobernatua, ala ondo ulertzen ez ditugun lege gizagabeek gidaturiko sorkari zentzugabe eta kaotiko bat? Tinta-bihotzean ere, gutxienez, bi mundu daude, eta neska protagonistak, bizidun guztien antzera, bizi bokazioak inposaturiko grinaren, laguntasunaren eta etsaigoaren aukera behar larria ez ezik, munduaren korapilo ezkutua ebazteko premia ere lepoan hartu beharko du.
Erraza da analogiak ezartzea liburuei buruzko liburu batean, batez ere kapitulu bakoitzak ataritzat idazlan gogoangarri bateko aipu bat jarriz gero. Bestalde ezinago errazto etorriko zaigu gomutara Pirandelloren Sei pertsonaia autore bila ospetsua, antzeko premisa eraldatu bat darabilelako Funkek Tinta-bihotz hau oinarritzeko. Horrenbestez, dirudien baino gehiago ematen duen liburua topa dezake euskal irakurleak, baita itxura batean eskaintzen duena baino gutxixeago eman liezaiokeena ere, baina ez itzultzaileagatik —erraz eta atsegin korritzen duen lana paratu duenez gero—, jatorrizkoagatik beragatik baizen. Naroak gainbalio ederra eskaini digu, bestalde, kapitulu sarrera bakoitzeko aipaldi euskaratuekin antologia txiki eta eder bat osatu digulako, jatorrizko hizkuntzetatik itzulia, haietako batzuk dagoeneko euskaraturik bagenituen ere.
“Istorioak idazteak badauka magiarekin ere zerikusia”; baita, zertan esanik ez, horrelakoak itzultzeak eta, aldarrikatu behar izatea ere!, leitzeak ere.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro