« Pertsonon bitasunaren mirail naturala | Komunikazioaren mirari etengabea »
Udaberri alua / Patrick Modiano (Pello Lizarralde) / Igela, 2008
Francis Jansen inventarium Ander Irizar / Diario de Noticias, 2009-05-20
Paris, 1964ko udaberria. Liburuko narratzaileari, halako batean, horixe etorri zaio gogora hogeita zortzi urte geroago; auskalo zergatik… Hemeretzi urte zitueneko udaberria (Modianok ere adin horixe zuen udaberri hartan…); Francis Jansen argazkilaria ezagutu zueneko udaberri hura. “Udaberri alua”: hala esaten omen zuen sarritan Jansenek sasoi hartan, narratzaileak dioenez. Garai hobeak gogoan zituelarik esango zuen hori, beharbada; Robert Capa argazkilari famatua eta biak Gerra Zibilean edo Frantziako Tourrean elkarrekin ibili zireneko haiek, esaterako. Begiratu nahi ez dituen argazkiekin betetako hiru maleta ondare bakar, alde egin eta desagertu nahian dabil Jansen, eta, Parisen den bitartean, jende askori iheska ere bai.
Ihesa, memoria, ahanztura, zurztasun emozionala: Modianoren beti-betiko gaiak ageri zaizkigu Udaberri alua nobela labur honetan. Kontatzeko era ere Modianok berezkoa duena: hitz gutxi, soiltasun erabatekoa, xehetasunak baizik ez… Modianok nobelako pertsonaia Francis Jansenen ahotan jartzen duen moduan, idaztean “isiltasuna hitzekin sortzera iristea” omen litzateke interesgarria, eta horretan saiatzen da, hain zuzen, idazle frantsesa. Agertoki nagusia, bestalde, Modianoren beste lan askotan bezala, hirurogeiko hamarkadako Paris dugu. Kaleak, kafetegiak, leku eta zoko zehatzak agertzen zaizkigu. Ez dugu, ordea, horien deskribapen xeherik aurkituko. Batzuetan, gainera, aipatuta baizik ez dira azalduko, argazki-zerrendetan; gure narratzaileak, izan ere, aipatu ditugun hiru maletetan pilatutako argazkiak katalogatzeko lana hartuko du. Horrelako inbentario obsesiboak ere ohikoak ditu idazle frantsesak.
Modianok aitortu izan duenez, liburu bakarreko idazlea omen da bera; idazle-bizitza osoa hartuko omen dio, ordea, liburu horrek. Etsipenez onartzen du ez dela gauza beste ezer idazteko, beragandik urrunduagoa, arinagoa. Nahi omen luke, baina ezin. Hori horrela, ez da harritzekoa batzuek Modiano asko estimatzea eta beste batzuei, aldiz, gorrotagarria gertatzea. Esango nuke Pello Lizarralde —berak itzuli du liburua— lehenengoetakoa dela, hau da, Modiano oso gustuko dutenetakoa; izan ere, irudipena dut idazle gipuzkoarraren estiloak ere baduela Modianorenetik zerbait. Eta itzultzailearen eta idazlearen edo bere obraren arteko identifikazio minimo bat ez da gutxienekoa; aitzitik, iruditzen zait aski lagungarria gertatzen dela itzulpen-lana gauzatzean. Gainera, Pello Lizarralde gustua hartzen ari zaio, nonbait, literatura-itzulpengintzari, euskaratutako laugarren liburua baitu honako hau. Ez da harritzekoa, etekinik ere aterako dio-eta seguruenik langintza horri; luma eta begirada zorrozteko ariketa ezin egokiagoa da, edo izan daiteke, izan ere, literatura itzultzea.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi