kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Hirira doan bidea / Natalia Ginzburg (Pello Lizarralde) / Igela, 2001

Heldutasunerainoko bidearen latza Aritz Zubiate / Gara, 2002-03-02

Hamaika antropologok esana dute emakumea “kontraesan guztien askatzailea” izan ohi dela gizarte landatar tradizionaletan. Hau da, arazo garrantzitsuen konponketa andrazkoen esku gelditzen dela. Aurrekoa horrela izanda, bidezkoa da emakumeen nerabezaroa latza izango dela pentsatzea, batez ere heldutasunaren etorrerarekin hainbat erantzukizuni aurre egin beharrean aurkituko baitira. Maitasuna bikotekidea aurkitu behar hutsera mugatzen da giro horretan, “kontua dun norbait izatea, bizitza tristeegia baita emakume batentzat bakarrik baldin badago”. Amodio erromantikoaren garaipenaz (eta inposizioaz) horrenbeste hitz egiten den garaian, “komeniantzazko” bategite derrigortuetara atzera egingo dugu.

XX. mendearen lehen erdian girotutako nobela laburra da Hirira doan bidea. Herria eta hiria dira antzezleku nagusiak: herriak “betikoa” irudikatzen du, hiriak, berritasuna, modernitatea, haustura, plazer ezkutuen bilaketa, argiak. Bi munduon artean aurkitzen da zubia, elkartu eta, era berean, banandu egiten dituena. Behin eta berriro zeharkatuko du zubia Delia gazteak, liburuko protagonistak, hiriko haize freskoaz gozatu ahal izateko, heldutasuneraino daraman bidean etapak errez doan bitartean.

Natalia Ginzburgek, bere lehen nobela honetan, Delia gaztearen ikuspegia hartzen du, lehenengo pertsonan bere bizitzaren kronista bihurtuz. Emakumeen mundua da liburuko protagonista, ezkontzeko irrikan dagoen neskatilatik senar eta semea (familia) duen andrazkoaren ibilbidea islatzen digu autoreak.

Nobela labur honetan hiria da askatasunaren sinbolo, izan ere, “hiriak egingo zaituzte aske” lemapean bukatu omen zen feudalismoa. Hiria, nekazaritza giro tradizional eta zapaltzailetik ihes egiteko era bakarra. Etxe eta familiako lanetatik alde egin eta berandu altxatzea, kafeetako egurats epela eta burgesiaren arinkeria eta luxua bilatzen ditu Delia protagonistak zubiaz bestalde dagoen hiri argitsu eta ezezagun baina koloretsuan. Herritik alde egitekotan edozer da posible, sentimenduen eta xantaiaren erabilpena barne, helburu bakarra lortzeko bitartekoek ez dute axolarik.

Liburuan ez dago artifiziorik, edukiaren gordintasun eta sentimentalismorik eza formara ere iragazten da, ez dago baliabideen aparteko joritasunik, autorearen beraren hitzetan, “esaldi bakoitza zartada edo belarrondoko bat izatea nahi nuen”. Erritmoa bizia da, Deliaren bizimoduko aldaketa arinek ziztu bizian garamatzate aurrera, bortizkeria eta gorrotoa nagusi diren lekuan ez dago balizko edertasunaren kontenplazioan denbora xahutzerik. Giza izpirituaren elementurik nazkagarrienak familiaren baitan aurkitzen direla uste duenak bere tesien onarpena aurkituko du liburuaren orrialdeetan barrena, gorrotoa eta ezinikusiak ez kanporatzen ahalegin bereziak egin arren (“auzokoek ez dezatela ezer jakin”).

Badago, hala ere, badago amodio erromantikorako zirrikiturik, ezinezkotasun aureolaz agertuko zaigu, haur jolasen inozentziaz, nerabezaroko ametsen zelofanetan bilduta. Heldutasunak dakarren pragmatismoa amets eta desioen munduari gailenduko zaio.

Gogorra da Ginzburgen liburua, gogorra kontatzen duena, baina sinesgarria era berean, oso sinesgarria. Beharbada horregatik gustatu zaigu horrenbeste. Lagun bati entzun nion behin idazten duenak zeresana izan behar duela, Hirira doan bidea-ren autoreak ez du falta eta, gainera, kontatzeko modu txukuna aurkitu du.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak