kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Bi epaile frantziarrentzako eskutitza / Gilles Perrault (Zorion Zamakola) / Txalaparta, 2007

Epaile maiteok Ion Olano / Gara, 2008-05-24

Berandu heldu izanaren sentipena dut. Berandu samar, baina agian garaiz. Urte erdia joan da ia Txalapartak Bi epaile frantziarrentzako eskutitza argitara eman zuenetik. Hamar urte joan dira ia egileak liburua idatzi zuenetik. Hamabost urte joan dira eskutitzaren balizko hartzaile diren bi epaile frantziarrek, Espainiako Justizia ministro Tomas de la Quadraren eskutik, ohorezko domina bana jaso zutenetik, ETAren kontrako jardunagatik. Batek esango luke domina emate hura hutsalkeria diplomatikoa izan zela, baina Gilles Perrault (Paris, 1931) pentsalariak uste du esaguratsua izan zela, oso. Horrexegatik idatzi zien epaileei eskutitza.

Joan den otsailean Amets Arzallusek elkarrizketatu zuen Argia astekarian eta, besteak beste, zera esan zuen Perraultek: “Nik lekukotasuna emateko beharra sentitzen dut. Ikerketa bat egin eta jendeak ez dakien zerbait jakiten badut (…) lubakira jo behar dut. (…) Bestela desertzioa da”. Esaldi horrek liburu honen asmoa ongi laburbiltzen duelakoan nago, idazketaren boterean irmoki sinesten duen pentsalari baten aurrean baikaude. Egileak berak esan du, ordea: “Nire adiskide euskaldunek eurek ere ez dute sinesten idazketaren ahalmenean. Oker daude, baina horrela da”. Adi dagoen pentsalaria da Perrault. Horretaz ez dut zalantzarik. Bere ezagutzak baliatzen ditu egitate historiko bat (ohorezko domina ematea) testuinguru jakin batean kokatzeko. Bi epaileei zuzendu die gutuna, baina esango nuke irakurle frantsesak zituela gogoan eskutitza idatzi zuenean. Didaktiko izateko nahia nabari zaio, eta akaso aire didaktiko horregatik ekarri dit akordura Joan-Lluis Lluis idazlearen Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesetaz (Gatuzain, 2006), bi liburuok helburuz eta edukiz oso ezberdinak izan arren. Perraultek Euskal Herriaz idazten die epaile dominadunei, eta Aljeriako, Eskoziako, Irlandako kasuak gogorarazten dizkie.

Gutun luzea da, liburu laburra, Bi epaile frantziarrentzako eskutitza. Atseginez eta aise irakur daiteke, baina ni behintzat ez nau gehiegi harritu ideien antolamenduak eta argudiaketak. Irakurketan zehar izan dut sentsazioa beste norbaiti zuzendutako eskutitza ari nintzela irakurtzen. Ez, ordea, kontu pertsonalak haizatzen direlako, ezta tonu intimoagatik ere. Egileak hasieratik argi esaten die epaileei: “nik ez zaituztet maite”. Eta aurreraxeago: “zuen borroka aldez aurretik galdua dagoela esateko idazten dizuet”. Nolanahi ere, bitxia egin zait euskaldunon gaineko kontuak irakurtzea pentsalari paristar bati, euskaraz. Esango nuke, oro har, ongi informaturik dagoela, nahiz eta datu batzuk emateko garaian zorroztasun falta nabari zaion (Egin egunkaria frankismo garaian sortu zela idatzi du).

Tortura du aipagai, eta busti egin da Perrault: “Guk, frantziarrok, tortura jasan eta erabili dugunok” idatzi du, beraz egin kontu. Izan ere, arreta berezia eman die Aljerian eta Frantzian egindako torturei, Erresuma Batuan arrastorik uzten ez duen tortura zuriari, Espainian erabiltzen den poltsari. Perraultek salatu duenez, egungo pentsalariek ez diote orri asko eskaintzen gai horri: “Intelligentsia isildu egiten da. Halako historiak ez zaizkio ardura”. 1998ko urrian jarri zion azken puntua eskutitzari. Duela hamar urte, ia. Gauzak hainbeste aldatu dira, hain gutxi aldatu dira gauzak… “Itxaropen bortitzaren garaia etorri da” eta “Dadoak jiraka dabiltza” bezalako esaldiak paratu zituen Perraultek bi epaileekiko gutunean. Laburbilduz, Lizarra-Garaziko garaiak ziren. Duela hamar urte, ia.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak