« Morto vivace | Estrategiaren estrategia »
Elurra / Orhan Pamuk (Monika Etxebarria / Fernando Rey) / Elkar, 2007
Bidegurutzean Aritz Galarraga / Gara, 2008-05-10
Barkatuko didazue, bidaia batetik bueltatu berria naiz eta ditxosozko jet-lag horrek harrapatuta nauka oraino. Bidaia Orhan Pamuk Nobel turkiarraren Elurra nobela honetan zehar egin dut, eta ez da izan Turkiako ipar-ekialdean aurki daitekeen Kars hiri txikira egindakoa soilik, 550 orrialdetik gora dituen nobelatzar batetik ere itzuli berria bainaiz, eta haren eraginpean nauzue oraindik orain. Nekez aurkitzen da Elurra bezalakorik gurean, eta ez bakarrik egungo Turkiaz mintzo delako, 550 orrialdetik gorako eleberriak ez ditugulako eguneroko ogi. Eta arrazoi zuen itzulpenek euskaraz sortutako lanek utzitako hutsuneak betetzen saiatu behar dutela esan zuenak. Jakina, euskal Nobel saririk ez da, orain artean ez behintzat, eta zentzu horretan hutsunea betetzera dator Jokin Zaitegi saria eta sari horren aitzakian itzuli den nobela hau. Sariek orokorrean eragin dezaketen mesfidantza (nahiz eta sari hori Suediako koadrila batek emana izan) gainditu egiten du Elurra nobelaren irakurketak, bai eta aipatutako ezaugarriak biltzen dituen liburuaren aurrean pila ditzakegun aurreiritzi orok ere.
Protagonista nagusi bat du nobela honek, Ka izeneko morroi turkiarra. Lehenengo orrietan izango du irakurleak haren berri: “hamabi urte zeramatzan Alemanian erbesteratu politiko gisa, politika sekula asko interesatu ez bazitzaion ere. Poesia zen haren egiazko zaletasuna”. Idazle ezaguna da Ka, poeta estimatua. Kazetari lanak egitera joango da baina, Kars mugaldeko hirira: lehenik eta behin udal hauteskundeengatik, horiek jarraitzeko asmoz, baina baita beren buruaz beste egin duten emakumeen gorakada kezkagarriagatik ere. Istanbuleko familia errepublikano eta laiko batean hazitako Ka Karsera daramaten ezkutuagoko motiboak ere ezagutuko ditugu aurrerago, gona kontuak tarteko. Eta gauzak okertu egingo dira: antzerki antzezle bat buru duen estatu kolpea gertatuko da, eta aurretik nahasirik zirenak areago nahasiko ditu hiriaren egoera aldrebes berriak. Estatu kolpea “integristen” kontrakoa omen, udal hauteskundeak irabaztekotan daudelako, eta nazionalista kurduen kontra. Eta nahaspila horren erdian suertatuko da, ezinbestean, gure Ka.
Ez dugu esan, baina bidegurutzean bizi den hiria da Kars, garai urrun batean Georgia, Tabriz, Kaukaso eta Tbilisi xede zituen bidean egon izanak aski aberats egindakoa, historian zehar armeniarren esku, errusiarren menpe, armada ingelesaren azpian eta, azkenik, turkiarren menean egondako hiri kurdua. Egun nahiko pobrea. Eta Karsen areagotu egiten dira Turkia osoan azaleratzen diren gatazkak, Istanbul edo Ankara hiriburuan baino areago. Hiri hori, beraz, ez da itsumustuan aukeratu, hainbat gatazkaren bidegurutze baita Pamuken nobela hau ere: laizismoa eta integrismo erlijiosoa, mendebaldea eta tradizioa, buru estalia eta beloa, hainbat nazionalismoren arteko botere borroka. Turkian elkarbizi diren bi munduren, bi mundu ikuskeren arteko talka agerian geratzen da liburu osoan zehar, bereziki liburuko hainbat pasartetan. 17. eta 18. kapituluak betetzen dituen Estatu kolpea har daiteke adibidetzat, zeina antzerki emanaldi baten bitartez gauzatzen den, bidenabar esanda.
Nobela txukuna da oso Elurra, orrialde kopuruak bestela iradoki arren, arin samar irakurtzen dena, eta plazerez. Izango du horretan zerikusirik euskarazko itzulpenaren ederrak, primeran funtzionatzen baitu narrazioak liburu osoan zehar, euskaraz (ongi) idatzitakoa bailitzan. Horrelakoak urri ditugun bitartean, itzulpenekin konformatu behar.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria