kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Katilinarenak / Amélie Nothomb (Joxan Elosegi) / Igela, 2006

Katilinarenak Mikel Garmendia / Eizie.org, 2007-02-05

Egunero goizeko bostetan jaiki eta te beltza hartu ondoren idazteari, eskuz idazteari, ekiten omen dio Amélie Nothomb idazle emankorrak. Baditu aldekoak eta aurkakoak. Ezin ukatu, ordea, haren ezaugarri funtsezkoa: ausarta da, zuzena, dena hankaz gora jartzen duten horietakoa. Estiloaz harago doa, nik uste, kontua: bizitzaren aurrean duen jarrerak eragiten du haren idazkera: enfrentamendua da beti haren eleberrietan ardatza, bi pertsonaiaren arteko enfrentamendua edo pertsonaia baten eta egoera jakin baten arteko enfrentamendua. Dena ematen du Amélie Nothombek idazterakoan, busti egiten da, benetan sinesten du idazten duena. Eta hori nabaritu egiten da, eleberria irakurri ahala sentitzen baitu irakurleak zerbait ukitzen diola barruan etengabe, irakurlearen beraren sentimendu, uste eta enparauak ukitzen dituela, alegia. Eta hori estetika hutsa baino askoz harago doa, noski.

Argumentua, berez, ez da korapilatsua: Émile eta Juliette jubilatu-bikotea mendialdeko etxalde batera joan da bakardadean bizitzeko ametsa egia bihurtzera. Halako batean, ordea, Palamède, herriko medikua eta hurbilen duten auzoa, bisitan joango zaie eta ezin izango dute gainetik kendu, egunero joango baitzaie handik aurrera etxera, arratsaldeko lauetatik seietara.

Émile eta Juliettek bereak eta bi egingo dituzte Palamède uxatzeko eta ahalegintze horixe izango da eleberri honetako erakustaldirik handiena. Baliabide guztiak erabiliko dituzte Émile eta Juliettek “bai” eta “ez” besterik erantzuten ez dien gizon enigmatiko bezain molestagarria uxatzeko: ironia fina, ironia kaustikoa, ankerkeria, irainak, mehatxuak…

Nothomben beste obsesioetako bati jarraiki, munstroak ere azalduko zaizkigu eleberrian. Horietan nabarmenena Palamèderen emazte Bernardette, zeinari, nahiz eta gupidarik batere gabe “kiste” deitzen dioten eta haren besoei, berriz, “garroak”, irakurleak halako maitasun edo txera hartuko dion.

Esan bezala, dena jarriko digu hankaz gora Nothombek: zergatik daramagu barruan gizabidetsu izan beharra? Zer da lagun hurkoari laguntzea? Lagundu behar ote zaio? Ongiaren eta gaizkiaren arteko muga lausoan ibiliko gara eleberri osoan zehar, tarteka klasikoen aipamenak agertuko zaizkigularik, beti ere argumentuen indargarri.

Kontakizunean barrena sortzen diren egoera bakoitzean nola jokatu eta zergatik, horra Émileren kezka nagusia. Zalantza egiten du etengabe Émilek, eta zalantza eginarazten dio etengabe irakurleari, benetan haren lekuan jarrarazten baikaitu Nothombek, eta hori du, nik uste, meritu handiena. Liburu batek ezin gaitu irakurri aurretik geunden bezala utzi, edo Nothomben beraren hitzetan esanik: “Nola jarraituko dugu bada lehengo berberak izaten Céline-ren Gauaren muturrerainoko bidaia irakurri eta gero?”.

Itzulpenari dagokionez, ongi hartu die tamaina itzultzaileak —lehendik ere itzulia baitzion beste obra bikain bat, Durduzaz eta dardaraz izenekoa— Nothomben estilo baliotsu bezain pedanteari, haren kontatzeko era biziari, hiztegi-zehaztasunari —esan dezagun, bitxitasun gisa, oso ederra dela J. Elosegik erabilitako aditza, kontakizunean zehar berebiziko garrantzia duena: inpromatu, ohiko hiztegietan topatzen zaila bada ere, kontestuak argitzen duena eta, badaezpada ere esango dugu, nardatu, nekarazi edo “fastidiatu” esan nahi duena—. Ondo jasoa dago, baita ere, Émilek, pertsonaia nagusietako bat izateaz gain, kontakizunaren narratzailea denak, etengabe darabilen garraztasun-doinua.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak