kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Mundu mingotsa / Josef Skvorecky (Karlos Cid Abasolo) / Alberdania, 1996

Nerabearen begirada Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-10-26

Liburu honen azala lehenengoz ikustean durduzadura eragin zidan han agertzen den irudi nagusiak: gurutze esbastikoa —naziena— beltzez, eta horren adarretako batean zazpi besoko argimutila —juduena—, honen besoetako bat esbastikaren adarra bera izanik. Barruko gaia gutxitan liburuaren azalean hain garden islaturik gutxitan ikusi izan dut: nazien agintaldian juduek jasan zuten jazarkundea, Holokausto eta guzti. Baina ez gaitezen azal artegagarri horretan gera, jo dezagun mamiaren bila.

Holokaustoarena gai arrunt bilakatu zaigu, mamirik gabeko ia-ia, garaiari dagokionez zinemaren mendean eta buru-egoeraren aldetik telebistaren mende bizi garenez gero. Hain arrunt ezen, Holokausto hitza aipatzen denero, juduen errausketaz dihardugula ematen baitu, galdetuz bezala beste zein holokaustori buruz hitz egin daiteke, bestela? Arrunkeriak alde batera utzirik, nire ustez liburu honetan Bigarren Mundu Gerra Txekiako gizartean izan zenaren erretratu bat ageri zaigu, artean nerabea zen Daniel izeneko batek kondatua. Orain arte esandakoetan ezer berririk ez, irakurle. Daniel horrek zer kondatzen duen, eta nola egiten duen, literatura dela da liburu honek dakarren berria, ordea.

Nerabe asko izan ziren gertaera (hemen zein adjetibo erabili?) haien lekuko. Horietariko batzuk literaturgile bilakatu ziren, nik neuk orain arte ezezagun izan dudan idazle hau bezala, eskarmentuz eta espantuz haragi-hezurretan iltzaturik geratu zitzaizkidan minak eta saminak eraz azaltzen jakin baitute. Ez zen samurra izango harako sarraskia haietan eta ondoren ere gertatuak paperera husteko lana, barrua askatzeko ahaleginean mina biziagotu egiten baita gehienetan.

Skvorecky honek nerabearen begiradak ikusi bezala eginez idatzi du Mundu mingotsa izenekoa, idazteko baimena eskatuz bezain herabe batzuetan, agian egokiak izan ez baina berak egin ere egiten dituen galderak airean utziz bestetzuetan, eta halako ironia mehe batez beti. Danielek K. izeneko herri bat aipatzen du ipuin guztietan, izan ere bere sorterriaren ikurra izanik hori, eta istorioz istorio agertzen zaizkigun pertsonaiak ere berberak dira, bat edo beste kenduta. Hala, bada, guztiek batera nolabaiteko eleberria osatzen dute liburuko kontakizunek, Karlos Cid Abasolo itzultzaileak berak aurkezpen ekitaldian adierazi zuenaren ildotik.

Laburtuz, hona hemen liburu zaindu bat, dudarik gabe literaturaren aldetik zer eskaini baduena eta aspaldion itzulpenen arloan jarri den kalitate-mailari eutsiz —liburua zuzenean txekieratik itzulia da— irakurle berriak hizkuntza arrotzetan idatziak euskaraz irakurtzen ausart daitezen bide egiten lagunduko duena, nik uste. Horrez gainera, edizio ondo zaindu honetako hitzaurrean duke irakurleak Skvorecky honi buruzkoan jakingura non asetu.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak