« Soldadu bakezalea | Zahartzarotik begira »
Zalditeria gorria / Isaak Babel (Olga Mtz. de Marigorta / Roberto Serrano) / Alberdania-Elkar, 2006
Zalditeria gorria Mikel Garmendia / Eizie.org, 2007-04-02
Miretsi egiten zituen kosakoak, miretsi zaldiak, ausardia, gogortasuna… Sentiberatasun berberarekin arbuiatzen zituen, ordea, ankerkeria zentzugabea, bidegabekeria. Judua zen eta hori arazo bat zen kosakoen artean Zalditeria Gorriko kide izateko. Izan zen, hala ere, eta han ibili zen poloniarren aurka Semyon Budyonny jeneralaren aginduetara. Borgesen hitzetan esanda, “haren estiloaren musikak kontrastea egiten du hainbat eszenaren basakeria ia esan ezinekoarekin”. Kosta egiten omen zitzaion idaztea, behin eta berriro idazten omen zituen esaldi eta pasarteak eta halakoxea ateratzen zuen emaitza, oso zaindua, oso landua. Izugarri zaindua da detaile bakoitza, deskripzioak bikainak dira eta hitzak ere banan-banan ondo aukeratuak, estetikak eta formak garrantzi handia hartzen dutelarik.
Gorkiren adiskide handia izateaz gain, begien bistakoa da haren eragina herri-ipuin tradizionalaren bidean. Hori bai, arestian esan bezala, estilo landuagoa dugu Babelena. Hain landua, hain neurtua non, diotenez, jendeak horietako narrazio batzuk buruz ikasi baitzituen, hala nola liburu honetako Gatza izenekoa.
Horretaz gain, etengabe azalduko zaigu liburua osatzen duten hogeita hamasei ipuin laburretan ahulenganako gupida eta, bereziki, emakumeenganakoa. Ez du modu nabarmenean egiten, zeharka edo iradokiz bezala baizik, eutsi egin behar baitio berak ere bere “kosakotasunari” eta, batez ere, disimulatu egin behar baitu bere judutasuna. Guztiarekin, eta gezurra badirudi ere, liburu honek, garai bateko epopeia izanik, ez zuen sekula argirik ikusi Errusian, nahiz eta artean errealismo sozialak guztiz antzutu gabea izan literatur errusiarra.
Hari berari jarraitzen badiote ere autonomotzat har dezakegu ipuin bakoitza. Altxor bat da alde horretatik, esan baitezakegu hogeita hamasei eleberri txikiz gozatzeko aukera eskaintzen zaigula liburu bakar batean.
Eta Isaac Babelek lan txukun eta patxadatsua egin bazuen, beste horrenbeste esango dugu Olga Mtz. de Marigorta eta Roberto Serrano itzultzaileek eskaini diguten bertsio txukun, landu eta zaindu honetaz. Benetako altxor bat daukagu bertsio honetan lexikoari eta adjektibazioari dagokienez. Hitzaurrea ere oso estimutan hartzekoa.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro