« Bat, bi, Manchester | Ezinezko normaltasuna »
Zazpi urkatuak / Leonid N. Andreiev (Jose Morales) / Alberdania / Elkar, 2006
Ezetz lepoa jarri Uxue Alberdi / Deia, 2006-11-10
“Lepoa jarriko nuke” dioena burutik jota dago. “Bizi nauen airea baino gehiago maite zaitut” dioenak, burua galdu du. Ingelesez, hiltzeari, to kick the bucket esan ohi zaio: baldea ostikoz jotzea. Izan ere, soka lepo inguruan zutela, balde baten gainean jartzen zituzten aintzina kondenatuak, eta baldea lurrera jaurtitzen zuen ostikoa izan ohi zen urkatuari mihia zintzilik uzten ziona.
“7 urkatuak”, hala izena du, dudarik gabe, Andreiev-en kontakizunik onenak. Izenburu bereko bilduma honek, beste bi ipuin ere biltzen ditu “7 urkatuak”-ekin batera: Ilunpeak eta Espektroak. Azken biek, ordea, ez dute aurrenekoak besteko errealismorik, ez indarrik. Ez dute soka bat marrazten irakurlearen lepo inguruan.
“7 urkatuak” ipuinak ministro bat hiltzeko atentatua egitekotan direla, harrapatu, eta, heriotzara kondenatzen dituzten bost iraultzaileren istorioa kontatzen du. Luze eta xehe deskribatzen ditu kondenatu bakoitzaren azken egunak. Gizakiaren betiko beldurretako bat aurrez aurre jartzen digu idazleak: heriotza. Heriotza, data eta guzti. Noiz hilko garen jakingo bagenu, nola biziko genituzke azken egunak? Galdera honi erantzuten diote Andreieven orri ilunek.
Errusiako erregimenak egindako hainbat doilorkeriaren aurkako salaketa da kontakizuna. Baina, batez ere, heriotza zigorraren aurkako aldarria da. Orriak pasa ahala, irakurleari ahaztu egiten baitzaio nor den kondenatua eta zer egin duen. Ez du axola. Heriotzaren aurrean zeinen bakarrik gauden jakiteak beste guztia txikikeria bilakatzen baitu. “Milaka batzuek bakar bat hiltzen dutenean, bakar horrek irabazten du”. Hala idatzi zuen Andreievek, eta hala sinesten du irakurtzen duenak.
“Ilunpeak” ipuinean, iraultzaile bat prostituzio-etxe batean ezkutatzen da, eta bertan goitik behera aldatuko zaizkio ordura arteko sinesmen eta balioak. “Espektroak”, aldiz, zoroetxe bateko bizimoduaren kontakizuna da.
Jose Morales Beldak ikaragarri ongi itzuli du liburua, euskara zuzen eta errazean. Hiru ipuinetatik, bakarra da arnasa mozteko modukoa; baina herenak liburu osoa bilakatzen du gomendagarri. Hori bai, hartu ongi arnasa liburua ukitu baino lehen.
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Irati Majuelo
Herioa Venezian
Thomas Mann
Aritz Galarraga
Azken batean
Lourdes Oñederra
Ibon Egaña
Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres