kritiken hemeroteka

8.702 kritika

« | »

Peaceful soldadua / Michael Morpurgo (Mirentxu Larrañaga) / Alberdania, 2006

“E’tzeate koldarrak izango, ezta?” Ibon Egaña / Berria, 2006-11-05

Ari gara gu ere “normalizatzen”. Euskal irakuleok nobelak eskatzen omen ditugu, eta argitaletxeek ez dute, nonbait, euskarazko aski originalik jasotzen gose hori asetzeko. Izango da besterik, baina horixe omen azkenaldian euskal argitaletxeek atzerriko nobela garaikideak euskaratzeko egiten ari diren ahalegin eta apustuaren arrazoietako bat. Gure “normalizazioaren” beste erakusgarri bat, omen. Eskertzekoa da, noski, idazleak hil arte zain egon beharrik ez izatea haien lanak euskaraz irakurri ahal izateko. Baina nola bermatu halako lanen bideragarritasuna merkatuari begira? Inguruko erdaretan (alegia, gaztelaniaz) arrakasta izan duten idazleak argitaratzea izan da oraintsu arteko irizpidea, baina Michael Morpurgoren Peaceful soldadua eta Oh Jung-Hiren Txoria eleberriak kotoiaren froga hori gainditu gabe itzuli ditu euskarara Alberdaniak, gure sistema autonomia zerbait hartzen ari delako erakusgarri, agian.

Eta halakoetan, zein ote da irizpidea itzulgaiak hautatzerakoan? Galdera hori etorri zait burura Michael Morpurgoren Peaceful soldadua irakurtzen hasita. Izan ere, ingelesez irakurle gazteen bildumetan argitaratu izan da Peaceful soldadua, eta euskaraz, aldiz, helduentzako narrazio bilduman. Eta horra sortzen zaidan galdera: atzerrian gazteentzako irakurgaitzat dutena gurean helduen sailean argitaratzeak ba ote du anekdotaz edo unean uneko erabaki zehatzaz haratagoko irakurketarik? Alegia, irakurlearen exijentzia maila apalagoa ote da euskaraz, eta irakurgai xeheagoak eskatzen ote ditugu? Gero pentsatu dut, baina, horiek aurreiritziak izan daitezkeela, “gazte literatura” kontzeptuaz ditudan prejuizioak, alegia. Eta Peaceful soldadua-ren irakurketari lotu natzaio.

Lehen Mundu Gerran kokatutako istorio bat aurkitu dut liburuan. Beste bat. Thomas Peaceful mutil gaztea du protagonista eta narratzaile narrazioak, zeina bi atal nagusitan banatzen den: pertsonaiak, frontean dagoela, oroitzen eta birsortzen duen iraganeko haurtzaroaren kontaketa, batetik, eta orainean gertatzen den fronteko gertaeren narrazioa, bigarrenik. Gerran dagoela, haurtzaroaz oroitzea arkadia galduaren gomuta da Tommorentzat, orain mingotsa ahazteko bidea, eta ikuspegi horretatik, haurtzaroaren ikuspegi idealizatua, distantziak eta oroimenetik irazia, ematen zaigu. Espazio erdi mitiko bat birsortzen du, non onak on-onak diren (protagonista eta bere familia, anaia erdi-atzeratu eta guzti) eta gaiztoak, deabrutxo izateko buztana falta duten pertsonaiak. Gustora irakurtzen dira bizitzaren gakoak deskubritzen doan haurraren pasadizoak, ikuspegi betiere naif eta tolesdurarik gabekotik: aitaren heriotza, lehen maitasuna, anaia arteko jelosiak… Gerra aurreko britainiar landa eremuko haur baten egunerokotasuna modu sinesgarri eta gustagarrian eraikitzen du idazleak, hori bai, ñabardurarako tarte gutxi utziz. Bigarren atalean, berriz, haurtzaroko espazio idilikoari kontrajarrita, gerra frontera garamatza Morpurgok, eta hamaikagarrenez irakurtzen ditugu gerraren izugarrikeriak eta lazkeriak, “koldarkeriaz” akusaturik fusilatu zituzten soldadu britainiarren istorioa dela berrikuntza eta narrazioaren gai nagusi.

Ez luke agian hala izan behar, baina gazte literaturatzat jotzen den horri maiz esleitzen zaizkion ezaugarri zenbait aurkitu ditut liburuan: on eta gaiztoen banaketa manikeoa, irakurleari lana eginda eta pentsatu behar duena xehe-xehe emana, zalantzarako eta irakurketa anitzerako bideak hetsiak, eta hunkidura erraza lortzeko haurraren eta gaztearen begirada naifa. Gazte literatura izan, helduentzako literatura izan, irakurleari esfortzu handirik eskatzen ez dion lana da, edonola ere, Peaceful soldadua, erreskadan, gozo, maldarik gabe irakurtzen dena eta erraz hunkitzen duena. Eta agian horixe da eleberri-gose den irakurlego berriak eskatzen duena. Ari gara normalizatzen.

Azken kritikak

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak