« Ludohizkuntza eta beste piztia batzuk | Euskararen baliabideak »
Izua / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2006
Barne-hersturez Iratxe Retolaza / Berria, 2006-10-22
Lydia Flem psikoanalistak gaur egungo mendebaldeko gizartean gero eta ohikoagoak diren bi nahaste psikologiko ditu mintzagai Izua nobelan: agorafobia eta klaustrofobia. Estatistikei kasu eginez gero, nahaste hauek jotako gehienak emakumeak omen. Nobela honetan ere, estatistika eta esperientziaren bueltan, emakume baten izu-krisien kontaketa egiten du, aitortza ere badena. “Nolatan aitortu klaustrofobikoa eta agorafobikoa naizela? Fobiek nire bizitza guztia kutsatzen dutela?” (32. or.). Nahaste psikologiko horien menpe bizitzearen beldurrez, bere burua kontrolaezin bilakatzearen beldurrez dagoen pertsonaia aurkezten da.
Hasieran, pertsonaiaren barne-herstura hori espazio itxien barne-hersturaren pare jarriko da: emakumeak kotxe barruan eta trafiko-ilera batean hertsirik ikusten du bere burua; edota museoan dagoela ere hersturak hartuko du. Narratzaileak pertsonaia aurkezteko, beraz, lehen-lehenik irakurle gehienontzat sumagarria den ezaugarri bat aurkeztu du, espazio itxiek sorturiko izua, alegia. Hasieran izu-krisiaren sorburua espazio itxi batean kokatze hutsa dela irudikatu arren, berehala, narrazioak aurrera egin ahala, ideia hori irauli egiten da. Hala, izu-krisiaren aldiak irudikatuz, nahaste hau sufritzen dutenen barne-egoeren eta barne-hersturen nolakotasunaren berri ematen zaigu. Izu-krisiaren lehen aldian, alterazio fisiologikoek hartzen dute pertsonaia: besteak beste, arnasestuak, itolarriak, dardarak, izerdiak eta nortasungabetze sentsazioak. Gainera, alterazio hauekin bat egiten duen diskurtsoa eratu du Flemek, esaldi laburrez eta etenez jositakoa (arnasestuak, itolarria), adierazpen errepikakorrak dituena (dardarak, izerdiak) eta diskurtsoaren pertsona jauzika erabili egiten duena, bigarren pertsonan abiatuz, lehen pertsonara jauzi eginez, eta baita hirugarren pertsonaraino eramanez ere (nortasungabetze sentsazioak). Baina, alterazio fisikoez gain, Izua nobelak aurkezten dizkigu nahaste psikologiko hauek eragiten dituzten pentsamendu joerak ere, nolabait, barne-herstura horien eragile zuzen direnak. Hau da, izu-krisiak izan ohi dituen emakume hau une oro izu-krisi horiek izatearen beldur da, aurrea hartu ohi die krisi horiei, eta arriskuak ikusi ohi ditu non-nahi. Horregatik, klaustrofobikoa ez ezik, agorafobikoa ere bada, zenbait espaziotan baino ez baita ziur sentitzen (esaterako, ordenagailuaren aurrean, edota hitza eta irudia babesleku edo helduleku dituela). Pertsonaia honetan, klaustrofobia eta agorafobia eskutik helduta doazen nahaste psikologikoak dira. Orain artean, nik neuk kontrajarriak ziren nahasteak zirela uste nuen, eta hain zuzen ere, Izua nobelak bi nahaste psikologiko hauek hurbilaraziz eta sentiaraziz, hauen inguruan nituen aurreiritzi okerrak irauli dizkit. Hartara, nahaste psikologiko hauek ezezagunago genituenontzat behintzat, Izua-ren irakurraldia argigarri bezain izugarri bilakatzen da. Nahaste hauen berri emateko erabilitako diskurtso moldea hain da sinesgarria, hain da urduri, dardarti, nahasi eta menderaezin, hain da izugarria eta ikaragarria, nola edo hala, irakurlea nahaste hauxe jasaten dutenen larruan jartzeraino darama. Hau da, hitzak eta irudiak kontrolagaitzak izatearen izuaren izuz, hotzikarak hartuko gaitu, eta batik bat geure burua ere kontrolaezin bilakatzearen izuak.
Gaur egun, pentsamendua eta zentzumenak ez kontrolatzea alteraziotzat hartzen da, eta are gehiago, horien menderaezintasuna ere nolabaiteko tabu bilakatu da, esanezina. Horregatik, ezkutuzko nahaste hauen, klaustrofobia eta agorafobiaren, sentsazioak eta bideak ezagutu nahi dituenarentzat, ezbairik gabe, irakurketa gomendagarria.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi