kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Unamuno / Mikel Soto / Iñaki Soto / Elkar, 2006

Topikoen atzean Ibon Egaña / Berria, 2006-07-09

Izenari ideia orokor eta nagusi bat erantsi, esaldi bakarrean bildu litekeen klixe bihurtutako posizio ideologiko bat abizen bezala jarri, eta halaxe igaro dira historiara intelektual, idazle eta pertsonaia gehientsuenak. Ez da horretan salbuespena Miguel Unamunokoa; azken urteetan bederen (agian lehenago ez zen hala), euskal kulturaren eremutik ia gai eta ideia bakarraren kariaz aipatu izan baitugu bilbotarra, alegia, XX. mendearen hastapenetan Bilboko Lore Jokoetan euskara lurperatu beharraz egindako adierazpenen harira. Eta ez litzateke zuzena euskarari eta euskal nortasunari dagokionez bezala beste kezka eta ideiaren aurrean posizio anbibalenteak, kontraesankorrak, aldakorrak zituen intelektuala horretara murriztea. Ez dut uste, Unamunoren biografia ondu duten Mikel eta Iñaki Sotok liburuaren ondorioetan proposatzen duten bezala “Zer dugu Unamunoren alde? Zer dugu haren kontra?” galdetzea —Unamuno bandera bat bailitzan— denik horri erantzuteko biderik egokiena, ezpada Unamunoren pentsamenduari eta egindako adierazpenei testuinguru sozial eta politikoa berreraikitzea, bere sorrerako unean zuten zentzua geuregana dezagun, deskontestualizazioak eragin ditzakeen gaizkiulertuak saihestuz. Klixea gainditzeko modu bakarra da pertsonaiaren eta pertsonaren ertz guztiak azaleratzea eta bere garai osoa birsortzea, eta horixe da Soto anaiek egin dutena biografia honetan, euskalduntasuna abiapuntu hartzen duen ikuspegi batetik Unamunoren pentsamendua eta bizitza sintetizatzea, eta haren gaineko zeharkako zertzeladak baino jaso ez ditugunoi ikuspegi orokor bat eskaintzea.

Ataka batean paratzen ditu, ordea, horrek berak egileak, izan ere, batetik, irakurle ororentzako eskuragarri izango den eskuliburu dibulgatiboa izateko xedea du biografiak, baina, bestalde, ezarritako hainbat ideia eta estereotipo (dela Unamunoren gainekoak, dela garaiko historia ofizialaren ingurukoak) berrikusteari ez diote muzin egiten egileek. Alabaina, alde horretatik desegokitasun edo desorekaren bat antzeman litekeen arren, oro har, txukun eusten diote sototarrek Azurmendik hitzaurrean dioen bezala “kritiko” eta aldi berean “objektibo” izateko xedeari, nahiz eta pasarte baloraziozkorik ere ez duen falta liburuak.

Euskara eta euskal kulturarekiko Unamunok izan zuen harremanari arreta berezia jartzen diote egileek, hizkuntzarekiko pentsalariak izan zituen jarreren esplikagarri (ezen ez zurigarri): Unamuno euskaldun berri zela azpimarratzen dute egileek, hasieran izan zuen euskararekiko jarrera erromantikoa azaldu, eta Bizkaiko Diputazioak lehiaketara aurkeztutako euskal katedra atera ez izana euskararekiko jarreran izan zuen aldaketaren eragiletzat jotzen dute Iñaki eta Mikel Sotok.

Baina, enfasia horretan jarriagatik, Unamunoren biografia hau ez da mugatzen, jakina, euskararen gainean bilbotarrak zituen jarrera eta iritziak bildu eta aztertzera. Betiere bere bizitzako pasarteetatik abiatuz, eta haiek bere pentsamoldean eta ibilbide ideologikoan izan zuten eragina aztertuz, pentsamendu kontraesankor eta konplexuko gizona aurkezten digute egileek: hasi bere jarrera positibistetatik, sozialismoarekin izan zituen harreman gatazkatsuetatik igaro, errepublikaren alde eta ondoren haren bilakaeraren kontra izan zituen jarrerekin jarraitu, eta gerra zibilaren aurrean hartu zuen jarrera ezerosoarekin bukatu.

Bere literatur lanei eginiko erreferentziak aukeran urri xamarrak diren arren, biografia honetan testuinguru historikoa eraikitzeko egiten den saioa eta, batez ere, Unamunoren ibilbide ideologikoa azaltzeko egindako lana zinez dira eskertzekoak, eta gomendatzekoak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak