kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Ezkatak / Leire Bilbao / Susa, 2006

Ezinaren poetika Iratxe Retolaza / Berria, 2006-04-18

Hitzaren erreferentziarekiko eta lengoaiarekiko mesfidati —edo—, zenbait euskal poetek gorputzaren lengoaiaren aldarria bere egin dute; hala Mire Agur Meabek nola Kirmen Uribek (“Azalaren kodea”n eta “Bitartean heldu eskutik”en). Leire Bilbaoren poemetan ere zenbaitetan gorputza da abiapuntua, gorputzaren mugek eta bereziki gorputzaren zentzumenek sortzen dituzte poemetako irudirik eraginkorrenak. Baina, bi poeta haientzat azala(k) eta eskua(k) poemaren akuiluak dira, eta Bilbaorentzat, berriz, gorputza ezin(ar)en iturburua da, gorputzaren lengoaiarekiko ere mesfidati. Hortaz, haren poemetan ez dago kasik akuilurik, ez dago kasik heldulekurik. Poemak jada ez dira mailu, ezta laztan ere. “Alferrikakoa da poema. Badakizu / Gaur inor ez da ezinezkora dedikatzen” dio Jean-Michel Maulpoix poeta frantsesak, eta hitz horiek bere eginez abiatzen da Ezkatak poesia-liburua. Eta baita Joseba Sarrionandia lagun duela (“Ez diren gauzak ere badira”). Abiaburuko bi aipu horietan biltzen da etortzear den poetika; izan ere, poesiari (ezinezkoaren jardunari) ekin dio Bilbaok, eta jarduera horren sorburutzat ezinak hautatu. Ezinezkoa ezinetan gauzatuz, hitza ezinetan pausatuz. “Egunero” poemaren aitortza ezin argigarriagoa da: “… hutsaren arrazoia hobesten dut / arrazoi hutsik ezean…” (13. or). Arrazoiarekiko mesfidati, huts eta ezinetan galdezka dabil, huts eta ezinak ezagutzaren/esperientziaren iturri nagusi bilakatuz. Azken batean, “ez daitekeenetik hasten gara” (49. or), eta are gehiago, “ezinez izan gara” (33. or). Ezinak abiapuntu ez ezik, izanaren muinak.

Baina, ezinez ezin eginiko bidaia horretan bilakaera nahikoa garbia antzematen da: barne-ezinetatik kanpo-ezinetaranzko bidaia. Hona hemen, oro har, bidaia horretan egiten diren urrats aipagarrienak; lehenik, nork —zehazki, zenbait emakumek— bere burua ukatzeko eta larrutzeko (ezkatatzeko?) ekintza irudikatzen duen poema (“Burua kentzen”); bigarrenik, nork bere azal azpira heltzeko ezinak (Lehen atala); hirugarrenik, zenbait ezinen kontzientzia hartzea da mintzagai (Bigarren atala); laugarrenik, munduarekiko harremanetan sorturiko ezinak dira poesiagai; bosgarrenik, ideiek eta sinesmenek sorturiko ezinak.

Nolanahi ere, liburuak aurrera egin ahala, poemak narraziorantz hurbildu dira, eta esperientzia baten kontaketarantz jo dute. Lehen poemako “badira” hura, “badirudi” bilakatuz. Eta nire ustean, lehen bi ataletan trebeago ibili da poeta, bertako poemek esperientzia berriagoa eta iradikatzaileagoa sorrarazi baitute nigan. Besteak beste, lehen bi atal horietan ere kokatu dira emakumetasunaren inguruko poema eder eta berritzaileak (bereziki, “Odoletan 1”, “Odoletan 2” eta “Emasabela”). Hurrengo bi ataletan, aldiz, esperientzia-poesiatik hurbilago ibili da. Azken batean, “badira” berri eta berezi baten sorkuntzan jaioago ibili da, “badirudi” zuzenago horretan baino. Alegia, ezinak egokiago bilakatu ditu izan “badira” formularen bitartez. Bestalde, izanaren ezin horiek guztiak poemara paradoxen eta anbiguotasunen bitartez bildu dira, eta paradoxa eta anbiguotasun horiek hobe funtzionatu dute barne-hautemateetan, nik uste. Halaber, izenburuaren beraren anbiguotasunean pausatu dira poema onenak, pertsonak eta arrainak, azalak eta ezkatak txirikordatuz eta nahastuz. Azken batean, ezkatak arrainen gorputzeko kanpo-estalki zurrunak ez ezik, gizakien larruazaletik erortzen diren geruza-puskak ere badirelako. Ezkatak, zurrun eta itsaskorrak, baina aldi berean malgu eta erorkorrak.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak