kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Hona hemen gu biok / Dorothy Parker (Mirentxu Larrañaga) / Alberdania / Elkar , 2006

Bazuen anbiziorik Iratxe Retolaza / Berria, 2006-04-11

“Gizon baten modura jokatzea helburu duen edozein emakumek, ziur izan, ez du anbiziorik”. Dorothy Parker (1893-1967) idazleak esana du. Adierazpen hori egoki ulertuko bada, AEBek 20ko eta 30eko hamarkadetan bizi zuten giroan kokatu behar da, kokatu. Emakumeek boto eskubidea eskuratu berri (AEBetan, 1920. urtean), emakume kontzientziaren aldarrikapena gizarteko alor anitzetara hedatu zen, baita literaturara ere. Eta feminismoaren susperraldiak korronte aniztasuna ekarri zuen arren, bi korronte izan ziren nagusi: berdintasunaren feminismoa eta diferentziaren feminismoa. Lehenak, aldarrikapen politikoei ematen zien lehentasuna (legeek arauturiko berdintasunari, alegia); eta bigarrenak, aldiz, sakonago aldarrikatzen zituen gizarte, etika eta existentzia mailako aspektuak. Eta Dorothy Parker idazlearen jarrerak eta idazlanak batik bat bigarren korronte honekiko harremanetan aztertu behar dira, abiaburu izan dudan adierazpen horrek iragarri bezala. Beharbada (nola ziurta!), emakume kontzientzia zorrotz hori izateak haren literatura isilpera kondenatu du zenbait hamarkadatan zehar. Duela hamabost bat urte AEBetan berriro ere haren literaturarekiko interesa piztu arte, bada, nahikoa ezezaguna izan da Atlantikoaren alde honetan. Eta berpizte horren oihartzuna gurera Mirentxu Larrañagak helarazi digu, haren narrazio zenbait euskarara bilduz. Horra hor, Hona hemen gu biok bilduma.

Parkerren narrazio hauetan pertsonaien psikologian sakontzeko ahalegina nabaria da, eta bereziki emakume eta gizonen arteko harremanetan sakontzeko ahalegina. Are gehiago, hartu-eman horiek bereziki aipaturiko hiru maila horietan kokatzen ditu (gizarte, etika eta existentziaren mailan), eta bereziki emakumearen ikuspuntu eta ahotsetik jorratuta. Nolabait, haren narrazioak emakumearen lekua (gizartean, etikan zein existentzian) zein ote ezagutzeko ahalegin zintzoa dira, nork bere burua ezagutzeko beharraren beharraz sortuak. Zintzotasun horrek honako hau dakar: emakumea ez zaigu biktima soil modura aurkezten, emakumea ere haren egoeraren arduradun badelako, emakumeek barneraturiko pentsamoldeek eta jokamoldeek berek ere emakumeak azpiratzen dituztelako. Baina, emakumeak zapaltzen dituzten emakume-pentsamoldeez gain, bada narrazio hauetan ere beste emakume zapaltzailerik: jende azal-ilunak zapaltzen dituztenak (horra hor, Konponketa zuri-beltzean narrazioa). Honela, Parkerrek bere garaiko pentsamoldeak erretratatzeko ahalegin paregabea egiten du, biktimaren ahotsetatik urrunduz, eta pentsamolde zapaltzailea azalaraziz, irakurlea esnarazteko. Beraz, haren narrazioek xalotasunari eta inuzentekeriari ihes egiten diote. Ironia mingotsa erabiliz, pertsonaien aurreiritzi eta kontraesanen berri ematen digute, irakurlearen adimenari keinu zorrotzak eginez. Irakurlea pertsonaien barne-mundu korapilatsu horietara hurbiltzeko pertsonaiak ahalik eta biluzien aurkezten dizkigu, elkarrizketa edo bakarrizketaren bitartez, eta narratzailearen bitartekaritza asko murriztuz. Hau da, gehienetan narratzaileak kontagai den egoeraren erretratua egitea du helburu, egoeraren deskribapen zehatza. Baina, narratzaileak berak iritziak eta hausnarketak alboratzen ditu, irakurlearen esku utziz pertsonaien esanak interpretatzeko eta garatzeko eginbeharra.

Mirentxu Larrañagaren itzulpenak egoki baino egokiago asmatu du Dorothy Parkerren bi ezaugarri hauek biltzen: egoeraren deskribapenetarako gaitasuna, eta pertsonaien elkarrizketa eta bakarrizketa biziak sinesgarri egiteko gaitasuna. Izan du anbiziorik.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak