kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Eguzkipekoak / Pablo Sastre / Alberdania, 2003

Pablo Sastreren lagunak Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-01-03

Mugarria eleberria argitaratu zuenetik, 1982tik, ibilbide luze eta oparoa egin du Pablo Sastrek, zaratarik egin gabe, oharkabean ia, estilo propioa landuz eta gure literatur mundutxoaren dirdira farfailetatik urrun. Kultuko idazle ote den esatera ez nintzateke ausartuko, baina esango nuke Sastreren liburu gehienek ez dutela behar bezalako oihartzunik izan eta, hala ere, zenbait irakurleren idazle kutuna izatera heldu dela. Iaz Leuropa eleberriak izan zuen arrakasta erlatiboa gauzak aldatzen ari diren seinale ote? Litekeena da; nik, badaezpada, ez nuke lepoa trangaderan jarriko.

Eguzkipekoak da, oraingoz, Sastreren azken liburua. Liburu bitxia, inondik ere, idazleak literaturaren gainean literatura egitera deliberatu baitu oraingoan. Beste zenbait liburutan aurkitu dituen lagunak aurkezten dizkigu Sastrek lan honetan. Atal bakoitzean, alfabetikoki ordenaturik, pertsonaia baten berri ematen digu, bizpahiru orritan haren ibilerak eta jazoerak kontatzen dizkigu, eta pertsonaia hori zein liburutan topatu duen ere zehazten zaigu. Orotara, ehun lagun inguru, eta beste horrenbeste istorio eder edo garratz, baina beti jakingarri.

Egileak berak aitzin-solasean esaten digun bezala, -lagun hauetako gehienak inoiz erre, inoiz gozarazi zituen eguzkia bezain errealak dira; beste batzuk, aldiz, fikziozkoak edo dira; hainbatek, noski, errealitatetik zerbait, eta fikziotik beste zerbait izango dute”.Gure lagunek asko esaten dute gutaz, eta Sastre irakurlearen lagunek ere asko esaten digute Sastre idazleaz. Berbarako, aukeraturiko idazleen artean mordoxka bat Europako Erdialdeko eta Ekialdekoak diren arren (ez da zaila literatura horren zantzuak aurkitzea Sastreren lanetan), ez dira gutxi jatorri arabiar edo musulmana dutenak (Leuropa-ren aurrekari?). Pertsonaiak, aldiz, mota guztietakoak dira, baina, oro har, jende xehe apala da: langileak, artzainak, umeak, zaharrak, nekazariak. Asko eta asko gerraren izugarrikeriak ikusitakoak ditugu. Auschwitz edo Hiroshimako horrorea kontatzen digute, baita amodio istorio samur eta hunkigarriak ere. Euskaldunik ere bada, noski: Batxi, Izagirreren Metxa ahaztezina, Aingeru Epaltzaren lumatik sortutako Billie… Eta datu bitxi bat: Pablo Sastre hunkitzea lortu duten istorio eta pertsonaien artean ugariak dira etorkinak, iheslariak, deserrotuak, edozein arrazoi dela medio sorterria utzi eta beste norabait joatera beharturik daudenak. Hori ere, Leuropa hobeto ulertzeko gakoa ote?

Irudi luke literaturazale amorratuentzako eta irakurle porrokatuentzako liburua egin duela Sastrek. Ez da hori; istorio ederrak, harrigarriak kontatzen dizkigu idazleak, eta pentsatzen dut istorio ederren xerka dabilen edozeinek atsegin handiz irakurriko dituela Eguzkipekoak-en agertzen zaizkigunak. Istoriook berarengan eragindako zirrara gugan ere sortzen saiatzen da idazlea, eta kasu gehienetan lortu ere egiten du. Batzuetan, liburu oso bat hiru orrialdetan jaso beharrak irakurlea ezinbestez ase ezinik eta gehiago jakiteko irrikaz uzten du. Hori du liburu honek ments eta, era berean eta paradoxikoki, hori da liburu honen bertuterik behinena. Bere lagunak aurkezteaz gain, lagun horiek hobeto ezagutzeko maratilak ere ematen dizkigu Sastrek, eta hamaika liburu ederren arrastoan jartzen gaitu: batzuk ezagun samarrak; bestetzuk, aldiz, harribitxi ezkutuak. Neuk, behintzat, dozena bat izen apuntatu ditut nire libretan, bilaketa hasteko pronto. Ez dut uste horrelako liburu baten gainean hori baino laudorio handiagorik esan daitekeenik.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak