« Asmo onak, molde “epikoan” | Koldarra al naiz? »
Ilargi / Sihara Nuño (Nagore Pérez Fernández) / Editorial Ultramarina C&D, 2024
Ilargi Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-12
Elebitan dakarzkigu Sihara Nuño poeta, aforista, tailer-emaile, liburu-saltzaile eta Lunaren amatxok alabaz erditu osteko azken poemak, Nagore Pérez Fernández itzultzailearen lankidetzari esker. Poeta mexikarrak ederki asko ezagutzen du bitasuna, betidanik izan baita ibiltari. Errenterian bizitzeak emango zion, noski, bi hizkuntzaren elkarbizitzaren ikuspegi agerikoa.
Errespetuaren, irakaspenaren eta emakume izatearen poema-liburua da, amatasunaren gainetik; amatasuna, hain zuzen, ezaugarri hirukoitz horiexez egina baitago, hots, katilu bat garbitzeko jarraibideetan ageri den gainontzekoekiko begiruneaz, alabari inork ez ikustea, ez usaintzea eta ez entzutea ohartarazten dion lehen lezioaz eta bizitza osoan loreak marrazteko aukera izatearen aldarriaz.
Amatasunaren alderdi garratza eta gozoa, biak ala biak ageri dira inolako estalkirik gabe, inolaz ere ezer mozorrotzeko saiorik gabe, poetaren betiko estilo zuzenaren ildo beretik. Haurra zilbor-hesteari lotuta bezala darama egileak irakurlea, kumea umetokian zegoenetik talkaren ostean planeta erdibitu zen arte. Garraztasun eta gozotasun horiez jabetuko da poemak dastatzen dituen irakurlea, ama izan ala ez.
Antsietatea aitatzen du poetak hainbat bider, amak eta poetak berdin pentsatzen dutelako: bizitzak, izua eman arren, merezi du. Bereak diren gogoetak, egiaz, alabari zuzendutako irakaspenak dira, munduaren arriskutik lehenbailehen babesteko jakituriaz elikatu nahiko balu bezala, munstroa esnatu ez dadin.
Ilargia, gaueko argia den heinean, amak alaba behar zuen, gaztetako nahiaren kontrara, gaua pizteko. Ernaldi poetikotik aurrera, oreina izan dadin irakatsiko dio alabari, inork ehizatu gabe bizitzeko, alegia, eta, ondoren, abesten hasten denean, urruntzen ikusiko duela onartzen du amak, kumea berea izanagatik, biak elkar itzultzen duten zu eta ni direlako, natura beraren osagai bi, odol bereko izaki bi.
Naturaren elementuak ageri dira nonahi, haurdunaldia, esterako, basatia delako, eta baita amatu osteko bizitza bera ere. Eta izate hori irudikatzeko edo definintzeko asmatu du egileak hiru hitzez osatzen den termino ezin aproposagoa: gizanimaliaminerala, horixe baikara, bere ustez, geu. Eta erditzea eta erdibitzea elkarrengandik oso hurbil daudelako, dualtasunaren jakitun, beraz, Nuñok gogoraraziko digu erditzen ari den emea eta ume jaioberri odoldua zaurgarriak direla, indartsu izateari sekula utzi gabe; bitasuna, ostera ere; bitasuna etengabe.
Arnasa da gakoa, bizirik jarraitzen duen seinale nahasezina, bizirautea baita helburu bakarra, amarentzat, eta alabarentzat. Eta hodei guztien izena erakutsi ahal izatea amaren desioa.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez