« Ez esan bitxia izan ez denik | (Norbanakoon) boterea auzitan ipintzen duen pasadizoa »
Urdinkara / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 1995
Urdinkara Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-12
Homeroren itsasoa ez zen urdina, ardoaren kolorekoa (οἶνοψ πόντος, /oinops pontos/) baizik, iduzkiak baitzuen urregorritzen greziarren itsasoa, udazkenak oroitzapenen geriza luzangak gorrixkatzen dituen gisa berean. Poetaren etsipenean ere gorria da itsasoa “beti asekaitz, beti iheska / izan ez izanaren trajikomerian”; haren etsipenaren oroitzapenean, aldiz, urdina da; eta zuria oihalontzia, ez beltza.
Biziaren kanta Itakarako itzulbidea da, maite izan dugun norbaitenganako nostosa, alegia; ez herrimingatik, maiteminagatik baizik, edo maitearen hutsuneagatik segur aski: “Non zauzkat Itaka? / Penelope, zendako zaitut utzi?”. Ulisesek ondotxo zekien lehengoratzeak ze min ematen duen, “labirintoak diren ibilbideei lotua / esistitzen ez diren itsasoetan barnatua / ezin gehiago itzul, ez has beste txangorik, / mentsa ni!”. Hala ere, ez zuen etsi, harik eta, etxera baino, Peneloperengana bueltatu zen arte. Ez baita aisa batasunean bizitzea bitasunaren mira dugularik. Ez baitago Erosik gabeko Thanatosik; ez baitago minik gabeko amodio egiazkorik; ezta orbelik gabeko udazkenik ere oroitzapen urrekararen larre urratuan.
Maitasunak gorrotatzen irakasten du, eta alderantziz, bien arteko tartea ia antzemanezina izanki. Katulo poeta latindarrak, LXXXV olerki sonatuan, Lesbia maitaleari idatzitako odi et amo dakar gogora bete-betean iruindar poetak “maite zaitut eta gorrotatzen / Joxepa Ederraren ordekoa / zutaz amets egin gabe naiteke hats-bizi / zurekilakoan hilik” deitoratzen duenean. Maitaleak sendakina behar du oinazetik askatzeko, eta, maiterik ezean, poesia zaio sendabide. Hatsa da gakoa, hots, hats egitea eta ematea, hatsik gabeko bizirik ez baitago. Inork ez daki nor izango den azken hatsa botatzerakoan, bere ondoan egongo den laguna edo maitea, edo are horien ordezkoren bat izango den ere.
Hargatik, bizitzaren bidaia onirikoa ere izan daiteke, ameskeriatik urrun. Akaso ametsa urdinkara da ametsa den bitartean. Kimera bizitza askatzeko, hobetzeko, edertzeko zeharbide aproposa izan daiteke, eta txori urdina izan daiteke bidaide egokia koruak etendako isiltasun urdinaren tragedian. Halaber, antxeta bera edo beste edozein izaki salbatzaile izan daiteke bularra estutzen digun labirinto itogarritik ateratzeko lagun. Kimatzeko dagoen hostoerorkorraren patua orbeltzea den gisa berean, gizakion patua gidatzen zuten Parkak ere jakitun ziren Ikaro Hasmentatik zela hasia desiraren osinera amiltzen. Liliak biltzen dituen maitale errukiorrak ere ondo asko daki lorearen halabeharra zimeltzea dela, baina, hala ere, barkamena eskatzen dio lurretik erauzi aurretik, izaki bihozberaren errituak manatu bezala.
Baina nor da Joxepa Ederra: ezkongaiak uxatzen egunak ehuntzen eta gauak askatzen igarotzen zituen Penelope ala Troiako gerra piztu zuen emaztekia? John Coltraneren Blue train abestiaren osteko isiltasunean entzungo dugu akaso hutsaren taupada urdina, eta soilik orduan agertuko zaigu, agian, izan-ez izanaren muga mehe horretan, bakardadearen konpainiak barrenean eragindako asotsaren erdian, itaunketa amaigabearen ihardespena.
Shakespeareren izan ala ez izan auziak zeharkatzen du olerkion osotasuna. Dualtasuna da naturaren muina, eta, ondorioz, baita maitatzeagatik sufritu duen poetaren bakarrizketaren funtsa ere: “Ulisesek ar eta eme nahi luke / izan eta ez izan, jainkoa, dena, / eta oroit da japoniar agure batetaz / itsas-hegi barean jarria / margo eder bat pintatzen-ez pintatzen”.
Bizitza, ostera, gozamenerako baratzea da batzuetan, nahiz eta lehendik ezagutzen genuen hiria honezkero galdurik egon, nahiz eta gizadia bera arrotz egiten zaigun, nahiz eta Arkadian beti heriotza egon. “Oraino ere bada Eden osatu eta ederrik / zioen / urdina urdinago / nasaiago zuria, gorria, beltza, / baina non?”. Oroitzapentzeko bizi egin behar. Eta zer, bizitza bera minaren oroitzapena baino ez bada? Ekar dezagun gogora Homerok esandakoa: eguzkia beti ateratzen da berriro itsasotik. Eta galde diezaiogun gure buruari Ulisesen patua ze koloretakoa zen.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez