« Lokarriak munduan | Hurrena literatura gisa »
Maitasun kapitala / Karmele Jaio / Elkar, 2023
Maitasun erromantikoak kidekorik ez! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-03-10
Literaturatik at, hasmentan
Maitasun kapitala hizpide, egilearen lanen inguruan bi berba: bere liburu zenbait irakurria, Orain hilak ditugu poema liburua eta Aitaren etxea nobela iruzkindu nituen beste orduz. Inpresio onak jaso nituen, baita halaxe adierazi ere. Karmele Jaio ez duzu poemagile gisara nabarmendua izan —nire inpresio/pertzepzioa da, besterik ez—, nobelagile gisa berriz, bai. Idazle “ezagutua” da dagoeneko.
Oharra: liburua komentatu aurretik, maiz, bi bider irakurri ohi dut. Ez da kasua.
Maitasun kapitala alboan izan dut, berari beha izan naiz, irakurtzeko irrikaz. “Gose” nintzen eta ez nau ase, ez kitzikatu ere. Liburu baten aukerak maitasunaren posibilitateak legez bizi izaten ditut, edo hor nonbait. Bikote arteko maitasunaz ari garenean, ondasuna ziur gabea da. Eta pentsu dut: maitasun erromantikoak ez dauka kidekorik! Kapital patriarkalak ondasunik ere ez.
Ikaspena: “Kapitala”-ren ondasuna patriarkala da oraindik ere. Besteak beste.
Literaturan barrena maitasunaz; hasmentan
Eszena bat nobelaren abiaburuan: “Ezohiko hileta da. Hildako bakarra dago, baina alargun asko”. Olgaren pentsamendua duzu. Pertsonaia nagusia da. Martin maitaleari ari zaio. Bere narrazioan, familia, lagunak edota lankideak daude: Bakarne. Laia. Santi… besteak beste. Inportanteenak aipatu aldera. Ruben, Itziar… beste alde. Olga maitasunaz ari zaigu, bera da orojakilea, bera da kontalaria. Bi hitz haren mintzoan: mina eta inposiblea. Karmele Jaio idazlea ere dago —izan daiteke— Olgaren bitartez.
Oharra: bego! “Hobe dugu hemen uztea” oraingoz.
“Martin burutik ezin kendu” bizi da Olga. Lehen orrialdeetan, hauxe jaso edo antzeman dut: maitasunaz ari zaigu Olga edo sexu soilaz? Zein/zer da emakume masokista hau? Zer adierazi nahi digu idazleak pertsonaia honen bitartez? Emakumeak gizonezkoon desira-objektu bat baino ez direla? Olga zertan eta zertaz ari da? Maitasunaz ote? Hala bada: ni —ni irakurleaz ari nauzu— ez naiz maitasunaz ari edota bera, Olga, bestelako kontuez ari duzu.
Ikaspena: maitasuna maiteminduen ezinezkoa da.
Atalez atal, burutazio sorta bat: baga, “gabeziatik ezin da maitatu”. Biga, “Maitasunak ez ditu gure hutsuneak bete ahal”. Higa, “sexua askapen faltsua da”, alabaina “sexuak maitasun faltsuari laguntzen dio eusten”.
Laga, “bikotea sexuz ase dezake bikotekideak, ez maitasunez”. Boga, “inork ezin du inor zoriontsu egin une oro, zoriona —maitasuna legez— ahikorra baita”. Sega, pertsonon izana ebolutiboa da, esperimentatzeko jaio gara eta gure izanaren metamorfosia bizitzeko “kondenatuta”.
Zai, zoi, bele, arma tiro pun! Pandoraren kutxa lehertu da. Olgak opari izateari laga nahi dio, laga beharko lioke, lagatzen ari zaio. Kutxa beltz-a larregi esperimentatu ditu emakumeak, Olgak kasu. Irakurle lagun hori, nobelaren tesiaz ari naiz ni ere. Gaia, bistan da, maitasuna da. Harago joanez, maitasunaren ondasunaz ari zaigu nobela. Nobela baina, maitasunari buruz Olgak esperimentatu duen maitasun kapitalaren entsegu moduko bat da. Azken entsegua, agian.
Zertaz ari da Olga, maitasunaz ari denean? Horixe —irakurle honen— galdera. Maitasuna “gauzatu” al daiteke pisu “franko” batean? “Gauzatu” idatz beharrean, “loratu” idatz nezake, baina Olgak legez, gizon erromantikoa —irakurle erromantiko bat— izan behar nuke. Gizon erromantikoa nintzateke, alegia. Zertaz ari naiz, ordea? Maitasunari buruzko tesi bati arrapostuak bilatzen ari natzaio, alajaina. Maitasun kapitala nobela da edo entsegua ote? Ez aurrera ez atzera, zer erantzun ez dakidala ari nauzu. Ez da estonatzekoa, ez arras harrigarria. Maitasunaz ari garenean, ez da aise eta… zertaz ari garen jakitea. Maitasuna gezur baten azpian “loratu” baitaiteke. Hala al da beti? Maitasun kontuetan ziurtasunik ez!
Sinopsia osatu aldera
Laia ikasle-pertsonaia bere tesia egiten ari da. Olga da bere irakaslea, literatura irakaslea. Bakarne arte kontuetan aditua eta aritua dute euren alboan. Literaturaz eta artez ederto hornituta dago Maitasun kapitala. Kapital handiko bagajea dakar, baina ez —nik— ondasun nahi beste. Izan ere, dakarren bagaje arte-literarioak nobela hau berau artefaktu meta-literarioa bihurtu du. Horixe nire inpresioa. Aburua ere badena.
“Bat-batean gogoratu dut maitatzea, agian, norbait zoriontsu egitea nahi izatea zela esan nion eguna” diotso Olgak Martini. Oroipen bat da. Oroitzapenez ari dira Santi eta Olga. Santi Martin zenaren lagun mina duzu. Santik dioenez, “Martinek ez zuen hil nahi inor zoriontsu egin gabe”. Zilegi bekigu errana. Horra Martin Arrazola jauna. Gezurrez kargaturiko maitasuna esperimentatu zuen gizona. Maitalea. Putetxetan jardun beharrean, sexua eta maitasuna bat bailiran esperimentatu zuen morroia. Erromantikoa gero morroia. Bai zera!
Maitasunaz barrena, literaturaz
Alea jacta es. Erran nahi baita: gertatu beharrekoa aldagaitza da nobela honetan. Horixe duzu nobela honen makurra. Sexua esperimentatzeko —jendarte patriarkalean, noski— maitasuna inposaketa bat den legez, nobela honek maitasuna entsegu/saiakera legez “bizitzera” ekarri nau. Maitasuna jendarte bakoitzean ideologia batetik eraikitzen den jendarte-sentimendua da. Nobela honen argamasa maitasuna esperimentatzeko aukera/bitarteko zabalik izan beharrean, maitasun eraikia da bere abiaburutik.
Idazleak harritu al du bere burua nobela eraikitzean? Denok dugu maitasun istorio bat kontatzeko, prefosta. Haatik, ez Julian Barnes, ez Simone Beauvoir, ez Frida Kahhok, ez Henry Millerrek… —direlako intelektual horiek—, ezin dituzte gure maitasun hutsuneak bete, euren esperientziek ez digute “maitasuna” transmititu ahal. Ez niri, behintzat. Literaturak bai. Literaturak lipar batez helarazi diezaguke maitasun aieru bat, susmo suerte bat. Maitasunaren gaineko tesi batek ez, ordea. Maitasuna ezin da programatua izan, ezta fikziozko maitasun prefabrikatua ere.
Maitasunak ezin du dena, ez literaturak ere. Literaturak gure ezagueraren nolakoa ematen digu aditzera, baita guztizko zoriontasunaren helezintasuna eman ere. Errana berriz errana: maitasuna ezin da prefabrikatu, ezta literatura ere. Ez dago baldintzarik maitasunean sinesteko, ezta aurrebaldintzarik ere literatura sortzeko. Literatura artelan gisara hartu behar ote? Zer da artelan bat baina?
Literatura artelana den aldetik, hona nire azalpen xehea. Artelan bat (32) atalean barrena ari naiz: “Fakultatera bidean…” Olgak Santirekin topo egin du. “Orbelaren gainean eman ditugu lehen pausoak” dio narratzaileak, hots, Olgak. Bada, hauxe diost adimenak: ez dut entzun orbelaren hotsik, ez aditu ere. Ez dut literaltasunik hauteman irakurtzean, ez maitasun aierurik hauteman ere. Sexu eszenak ez zaizkit ere kitzikagarriak egin. Adibide nimiño bat besterik ez duzu.
Oharra: ez naiz nerabea, jakina. Liburuaren irakurle eta interpretearen arrazoibidean barrena ari nauzu. Badaezpada diot berriz ere.
Azken eszena bat, nire aburua eman/argitu/amaitu aldera: “Platonek zioen maitatzea ikasi egin behar dela. Behar dugula emateak sortzen digun beldurra gainditzen erakutsiko digun maitasun bat, materialismoaren lokatzetatik libratuko gaituena…”. Platonen Oturuntza delakotik hartua du Laiak pasarte hori, hartua du halaber Karmele Jaiok. Ederto.
Oharra: ez da iseka. Alabaina…
Filosofiak filosofia, filosofoak filosofo… Haien obren gainean hamaika interpretazio izaki, hona horien artean bat. Nirea: Platonek filosofia lehenetsi omen zuen literaturaren aldean —bere filosofia, noski—. Literatura Errepublikatik desterratu nahi izan zuen. Literatura —literaturarik ez zegoen anartean, idazleak poetak ziren orduan— burutik jota zeudenen jarduera zen, hots, zoroena. Platon Kristo aurretiko 427-428 urtean sortu bide zen mundura. Literatura engainua zen harentzat. XXV. mendearen ostean, anartean, literatura desengainua dela arras barneratu gabe bizi gara. Nire aburua duzu, noski.
Ikaspena: filosofia engainuaren artea dela ikasi dugunoi, utz gaitzaten literaturaren desengainua maitatzen sikiera.
Post-scriptum
Nobela-entsegu honen azalak ongi baino hobeto ohartarazi nau maitasunaren gordiar korapiloaz.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres