« Orainaren eta iraganaren ateak | A-uuuuu… »
Zeru-lurren liburua / Jon Gerediaga / Elkar, 2023
Iraun behar duenaren alde Asier Urkiza / Berria, 2024-02-11
Euskal literaturako poesia egile garaikideetan, jorienetakoa da Jon Gerediaga. Zeru-lurren liburua du zazpigarren lana. Aurreko seiak Pamiela argitaletxearekin eman ondoren, Elkarrekin kaleratu du honako hau, Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazita. Koherentzia handikoa da Gerediagaren lan poetikoa eta oraingoan ere ohikoena duen gaiari heltzen dio, naturari, alegia. Bizitzako zauri eta minekin nahastuta ageri da berau, ordea.
Bi ataletan banatzen da liburua, Zoéren izenak eta Olerkarien liburua, hurrenez hurren. Grekeratik datorren hitza da Zoé, eta zera esan nahi du, “bizitzaz betetako emakumea”. Lehenengo atal honetan emakume bati ari zaio poeta —“zeinaren gorputzak zuhaitz zahar-zahar baten tolesturak eta sakonera dituen”, XXI poemak dionez—; ezin jakin emakume hori benetako presentzia edo naturaren beraren pertsonifikazioa den, baina bizitzaren zauriei aurre egiten laguntzen duen kidea dirudi, edozein kasutan. Aita eta ama izenak ere aurki daitezke han eta hemen, eta batzuetan poeta haiei ere zuzentzen zaie. Dolu baten itzala dakarte horiek, baina. Zauria, mina, gaitza eta pena, poemetan behin baino gehiagotan aipatuak, ni poetikoa jazartzen duen itzal horren aldaerak lirateke. Bestalde, natura ageri da beti giza sentipenen kontrapuntu legez. Naturak ez du izaera piktoriko hutsa, ordea. Aitzitik, badu eraginik afektuekiko, poetak zeinuen bidez galbahetzen ditu haren ekarpenak, hots, hura sinbologiaz janzten saiatzen da. Halere, oso apalak dira Gerediagaren sinboloak, bere xumean indartsuak. Are, noizbehinka sinboloari ere uko egingo dio: “Isildu, poeta. / Entzun naturaren soinu ederra. Benetan ulertzen duzunean, esan”.
Sendabidearena, esango nuke hori dela liburuan nagusitzen den naturaren ikuspegia. Bizitzarekin berradiskidetzeko bitartekoa eta zauriak sendatzeko ukendua. Bizitzarako “maistra” da natura, “minik eman gabe” irakats dezakeena. Norbere identitatea osatzen lagun dezakeen euskarria da. Naturaren estetika soila bainoago, izan ere, naturarekiko harreman intimoa azpimarratzen du Gerediagak. Naturaren ezaugarri zenbaitek —isiltasuna, soiltasuna, iraupena, baita edertasuna ere— atsedenaren promesa dakarkiote ni poetiko-ari, zauriak ixteko bidea eman eta bizitzari eusten laguntzen diote. Halaber, naturaren aurreko gizakion iragankortasun eta ezdeustasunaren kontzientziak ere lausotzen ditu minak. Aipatutako naturaren ezaugarriak eta gizakiaren txikitasunaren aitortzak ildo ekologista seinalatzen dute, existentziala politikoa bainoago. Esan genezake estoizismoa eta transzendentalismoa ere sumatzen direla poema askoren atzean, baina akaso Gerediagaren asmoari traizio egitea litzateke, ildo xumeagoa aldarrikatzen baita liburuan. Nahiz eta ez diren gutxi aipatzen diren egileak, denak ere natura langai hartu izan dutenak: Ponge, Rilke, Keats… Egile horiek bezala, zeru-lurrei itsatsia dakusa Gerediagak idazketa: “Egin dezagun / iraun behar duenaren alde marka bat”, denik eta xumeena.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi