kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Alaska / Castillo Suarez / Elkar, 2023

Galera errepikatuak Ibon Egaña / Deia, 2023-05-13

“Ebakiondo batek ebakia gogorarazte beste helbururik ez du/ Ez dira ez ederrak ez baliagarriak./ Poemen antz handia dute, beraz./ Gauza bera direla esan liteke”. Hala dio Castillo Suarezek Alaska liburu berriko Poetika poeman. Zauria eta harekin lotutako eremu semantiko osoa (orbaina, ebakiondoa, odola, zauri irekia…) inguratzen dute liburu honetako poemek behin eta berriro eta ebakiondoak oroitarazten duen zauria da liburuaren erdigunea. Polisemikoa da zauria liburuan, baina funtsean galerei buruz ari da Suarez poema hauetan. Irautera idazlearen aurreko lan gogoangarria alderik alde gurutzatzen zuen bikote-harremanaren hausturak zein galerak, eta hausturaren inguruan eraiki zuen mundu sinboliko oso bat, natura, animaliak edo landareak esanahi berrituz irakurrita. Maitasunaren galerak eta testu hartan eraikitako mundu sinbolikoak badu oihartzunik liburu berrian ere, baina gabeziak beste esanahi batzuk ere hartzen ditu oraingoan, bereziki, jaio gabeko haurraren galerarena.

Ibilbide luzeko poeta da Suarez, eta poesian ohikoak diren moldeak aurkituko ditu irakurleak liburu berrian ere. Altsasuarraren poesiak naturara jotzen du (piztiak, suteak, arrainak, basoak…) irudi berriak, indartsuak sortzeko: “Ez dizut ezer emanen besoetan hartzeko/ ez bada basahate urdin bat”. Elurraren, hotzaren eta neguarekin lotutako sinbologiak garrantzia berezia hartzen du oraingoan, galeraz hitz egiteko bitarteko gisa, baina baita edertasuna goratzeko bide bezala ere. Irudiekin batera, diskurtsiboagoak diren bertso-lerroak, aforismorantz hurbiltzen diren testu-atalak ere eskaintzen ditu poetak (“Norbere memoriak/ besteenarekin bat egiten duen lekua da maitasuna”), eta maiz irudien eta diskurtsoaren arteko kontraste horrek markatzen du poesia honen nortasuna. Irudien arteko jauzian, sinboloaren eta aforismoaren arteko amildegian hartzen du ezustekoa irakurleak, eta espero gabeko bidea poemak. Samanta Schweblini entzun nion irakurleak hitz jakin batzuk irakurri ostean espero duela, asoziazioz, beste hitz jakin batzuk irakurtzea hurrengo esaldian, eta idazleak ez diola espero duen hori eman behar, beste norabait eraman behar duela. Suarezek etengabe apurtzen ditu irakurleak hurrengo lerrorako eginak dituen espektatibak eta ihes egiten dio erabateko gardentasunari; irakurlea poema berrirakurtzera eta hari esanahi berriak egoztera behartzen du, hartara.

Poemek saihesten duten koherentzia edo hari diskurtsiboa, ordea, poema-liburuak eskaintzen du kasu honetan, eta horregatik iruditzen zait osorik eta akaso hasieratik bukaerara irakurtzeko liburu bat, osotasunean gorputza hartzen duena. Ederra iruditu zait nola poema ugaritako bertso-lerroek, liburuan elkarrengandik urrun egon arren, elkarri oihartzun egiten dioten, eta nola hari narratiborik egon gabe ere, poema-puskak elkarrekin batu ahala osatzen doan ni poetikoaren izate bat, traumak eta galerak markatutakoa. Antzutasuna eta izan gabeko haurraren mina, esaterako, poemaz poema desagertzen eta berragertzen da, eta aldiko iruditeria edo hiztegi berriz izendatzen, hizkuntza zuzen eta gardenez izendatu ezin den zauri gisa. Forma horretan lortzen du irakurleari ez hunkidura bat-bateko eta behartua eragitea, ezpada irauten duen min egonkor bat helaraztea. Galeraren eta minaren aurrean, baina, literatura geratzen da babesleku gisa, poetak bere “bizitza gehigarri” deitzen duena: “inoiz ez da berandu hutsetik hasteko/ baldin eta liburuak, elurra eta lagunak baditut”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak