kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Begiak zabalduko zaizkizue / Irati Jimenez / Elkar, 2021

Sugeak dakiena Asier Urkiza / Berria, 2022-03-20

Bi saiakera lan kaleratu zituen iaz Irati Jimenezek, Harkaitz Canoren Neguko zirkua aztergai duen Ogia eta zirkua, batetik; eta hauxe bera, bestetik, Begiak zabalduko zaizkizue izenburuko saiakera. Azpi-izenburuak ederto laburbiltzen du edukia, izan ere, literaturari buruzko saiakera soila bainoago, irakurlearekin izandako elkarrizketa da liburua. Edo horretarako gonbidapena egiten duen bakarrizketa, bestela.

Zoritxarrez, nahi baino saiakera literario gutxiago argitaratzen da gurean. Hau da, Akademiaren mundutik urruntzen diren eta idazkera bitarteko hutsera mugatzen ez duten literaturari buruzko hausnarketak urri dira. Talde horretakoa izateaz gain, Jimenezen liburuak ondo erakusten du saiakerak ez duela zertan umorearekin etsaituta egon, Terry Eagleton bezalakoen liburuek argi utzi bezala. Idazkera txinpartatsua, gatz eta piperduna baliatzen du autoreak, modu horretan malgutasuna, tenperatura emanez saiakerari, berak darabilen hitzarekin esateko. Liburuak literaturaz dihardu, bere on eta gaitzez, irakurtzeaz eta idazteaz, sistema literario baten gabeziez eta aukerez. Euskal literaturaren tripak azaleratzen dira batzuetan, adibidetzat bazter urrunagoak hartzen besteetan. Genesian, sugeak Evari eta Adami esandakoa gogoan hartuta —“begiak zabalduko zaizkizue!”—, gai ugari xehatzen ditu autoreak, akuilu eta helburu nagusi banarekin, nire irudiko: literaturarekiko maitasunak xaxatuta —hasi orduko aitortzen du berau— eta irakurlearen figura goratzeko asmotan.

Emaitza gorabeheratsua da. Esan bezala, idazkera freskoa da, oro har tonua ere bai, eta horrek laguntzen du irakurketan, autorearen beste asmoetako bat betetzeaz batera: literatura delako jardun serio horri kilimak egitea, hura zertxobait desakralizatzea, hautsa gainetik kentzea, egokiago luzitu dadin. Liburuaren indarguneetako bat autorearen zintzotasunean datza. Bere idazle ibilbidean oinarritzen da esaten dituen hainbat kontu esateko, bereak izan diren gatazkak aipatzen ditu, maiz ezkutuan, literaturaren soto ilunetan geratu ohi direnak azaleratzen ditu, bere haragitan bizi izandakoak baitira. Horrelakoei eta idazketa-prozesuaren inguruko bizipen pertsonalei atera diet zuku gehien. Arazotsuagoak dira, nire ustez, autorearen baieztapen absolutu zenbait, batik bat literaturaren teoriako kontzeptuen gainekoak. Literaturaren definizioez, generoez zein bestelako kontzeptu literarioez aritzerakoan, sostengu teorikoaren beharra sumatu dut, ez entziklopedismo apetatsuagatik, lanabes horien sendotasuna bermatze aldera baizik.

Horrez gain, hainbat iruzkinetan, epai orokorrez lagunduta doazenetan, batik bat, zehatzago jokatzea zegoela iruditu zait. Adibide bakarren batzuk ematen dira, jakina —Leteren eta Rilkeren poemen arteko konparazioa, esaterako, kitzikagarria da oso—, baina esango nuke horiek gehixeago garatzea esker lezakeela irakurleak, gai jakinetan sakonago aritzea, alegia. Baina sugeak Eva eta Adani sagarra nola, literaturaren unibertsoa eskaintzen die Jimenezek irakurleei. Badago beharra hel diezaioten.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak