« Badakit zertaz ari naizen: sorpresak sistemaren akatsak dira | Ene iratxoekin solasean »
Epizentroa / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2021
Desirak eta langak Ibon Egaña / Deia, 2021-09-11
Akaso alderantzizkoa da ohikoagoa, baina haur literaturan bi liburu plazaratu ostean argitaratu du helduentzako lehen liburua Nerea Loiola Pikazak, 7 ipuinez osatutako Epizentroa, Maddi Zumalabe eta Jon Arangurenen azal ederraz jantzita datorren debuta, arreta merezi duena.
Epizentroaren ideiak lurrikara eta dardara dakarkigu burura, eta bizitza arruntak inarrosten dituzten astindu horiez, dardara horiez dihardu Loiolak ipuin hauetan. Beharbada topikoa bihurtu da eta maizegi esaten dugu kritikariok halako edo halakoren ipuinek eguneroko bizitzan geratzen diren bataila txikiez dihardutela. Horrela esanda ematen du Loiolarena zaku horri gehitzeko beste liburu bat dela, eta baliteke ipuinen planteamendu orokorra alde horretatik beste askoren ildokoa izatea. Baina aldi berean liburu honek gogorarazten digu bizitza arruntetan beti dagoela zer arakatu, fikzioaren tresneria horretara jarriz gero, eta, batez ere, estilo eta begirada propioz jardunez gero. Estiloak deitu dit arreta Loiolaren kontakizunetan, narratzaileek darabiltzaten metaforek eta konparaketek, batzuetan ahozko jardunetik hartuak diruditen lokuzioek, narrazioan gogoeta aforistikoak txertatzeko abileziak. Baita lexikoaren hautaketa zainduak ere, sumatu egiten baita idazleak hitzak bilatu egin dituela, eta arretaz ekarri testura.
“Langa batzuk oharkabean igarotzen dira. Beste aldean aurkitzen duzu zeure burua, baina ez zenuke jakingo esaten noiztik” irakurtzen da liburuko azken ipuinaren sarreran, eta ideia hori, zalantza gisa, aukera gisa, galdera bezala proposatzen digute zenbait narraziok. Zein tarte dago agure bitxi baten eta agure hiltzaile baten artean? Izan ninteke inoiz, lerroa gurutzatu, eta ni neu hiltzaile? Desirari jarraitu eta lanez aldatzeak zertan aldatuko luke nire bizitza? Batzuetan langa gainditu ala ez zalantzan daude pertsonaiak, eta anbiguotasun horretan dagoen tentsioa interesatu zait ipuin hauetan, batez ere halako giro arrotz bat sortzen denean pertsonaien artean, esaterako, liburuko lehen ipuinean, Cuisine et Santé izenekoan idazleak sortzen duen atmosfera, tentsioz zamatutako baretasuna. Langa gainditzeak identitatea zalantzan jartzea ere ekarriko luke, eta nor izatearen inguruko galderak ere planteatzen dizkigu liburuak: beste ume bat komara eraman duen haurra umea ala munstroa da? “Ez zara besteek uste dutena / agian zeuk uste duzuna ere ez” Anariren kantua izan dut buruan tarteka liburua irakurtzean.
Desirak eramaten ditu pertsonaiak muga ertzera sarritan, gorputzak eta sexu-desirak; baina baita mendeku-goseak ere. Hain txikiak ez diren dardara batzuk ere bai baitira ipuin hauetan: istripuz hildakoak, gaixo larri gertatutakoak, psikiatrikoan ingresatuak… Haur eta gazteek bizitako gertaera tragikoek inarrosi egiten dituzte pertsonaiak eta mugara eraman. Tarteka muturrekoegiak egin zaizkit halako zenbait egoera eta haiek abordatzeko moduak batzuetan egileak hunkitzeko duen asmoa nabarmenegi agertzen duela iruditu zait: Itsaso zuria ipuinean esaterako, haurraren naiftasuna inpostatuegia egiten zait, eta 17:03 ipuineko klase-kontrastea behartuxea, klasearen auzia liburura ekartzea eskertu dudan arren. Ebatzi gabeko tentsioek eta atmosfera arrotzek ate gehiago zabaltzen dituztela egingo nuke, eta bada halakorik lehen liburu estimagarri honetan.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi