kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Gogoan dut / Aritz Galarraga / Pamiela, 2021

Denak dira ezberdinak eta bakar batzuk originalak Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-08-04

Gogoan dut eskuetan hartu dut, liburu arina. Udaldiko hamakan eseri naiz. Bukatu dut, bizpahiru begi-ukalditan bukatu ere, eta egilearen bizitzaren menturak eta desbenturak ezabatu zaizkit supituki. Hastapenean buruan izan ditudan gogamenak ezabatu zaizkit tanpez.

Gogamenak hauxek: eusten ahal zaio idazteari gogoaren emanari atxikia? Oroia zulo sakon-sakona da, eta oroipen pozgarriak eta penagarriak nahasten dira berean. Gogokoak eta ez gogokoak gogoratzen al dira, neurri berean? Bereizten ahal dira biak ala biak?

Saiogilearen gogoa amildegirako abian kausitu dut. Bertigoaren sintomek hartu naute. Literaturaren sindromeak dira, naski. Eskerrak liburua 100 metroko saioa dela eta maratoi baten erritmoan noala. Nolanahi den ere, irakurlearena baino, arriskua idazlearena da. Pentsu dut.

Aritz Galarragak mota guztietako gogoetak lerrokatu ditu. Lerro bakarrekoak, edota paragrafo labur-laburrekoak: friboloak hala nola sakonak. Horiek guztiek osatzen dute pertsonon izana, inoren biografia halakoxea baita. Gogoeta sendoek eta ustekabekoek osatzen dute bere bizi esperientzia. Bizitza funtsezko auziek ebazten baitute, baita erdipurdikoek ere.

Liburuaren funtsa bizitza da, ez da kontu berria, horretan ez dago nobedaderik, liburua da diferentea ordea. Liburuak denak dira ezberdinak eta bakar batzuk originalak. Gogoan dut originala da.

Gogoan dut biografia gisako bat da eta berau idazteko manera berezia. Autobiografia lausoa da eta argia aldi berean. Auto den guztia manipulatua izan daiteke, gogoa lausogarria den aldetik.

Gogoak liluratu gaitezke, gogoa xarmagarria baita, zoratu gaitezke halaber, eta hartara gure etoia bihurtu ere. Gogoaren amildegian aritu da saiogilea.

Bizitza —eta historia— ez da osotara deskribatzerik, ez norberarena ez beste inorena ere. Memoriak edota gogoak ez dauka horretarako ahalmenik. Alabaina, bizitzea arriskatzea da, bizitza bizia izanen bada.

Galarragak gogoan dituenak ezpaldu ditu, eta apika, bere burua zauritu. Ausaz, bestelako biografia bat idazten saiatuko balitz, hain ziur ere, honako honetan gogoak traizio egin dion legez, huts egingo lioke berriz ere.

Haatik, hala gogoan, bihar etzi etzidamu, egileak beste autobiografia bat osa lezake. Bestelakoa izan liteke naski, eta paradoxikoa badarik ere, betiere bere biografia litzateke.

Nortasun ahulekoa izanagatik, gogo bizikoa da inondik ere. Ironia ez du eskas, ezta bere burua zauritzeko ahalmena ere. Nork bere burua agerian eta arriskuan jartzen duenean, albokoek pairatzen dute. Alta bada, haizu denak komunitatearen —hurkoen— haizutasuna erdietsi izaten du, nolabait hori ere.

Bere burua biluztu eta, berrogei urteko mundualdiko existentziaren eta ingurumariaren erretratu finak batu ditu. Pertsonaren koherentzia eta inkoherentzia txanpon beraren bi aldeak dira, eta halaxe, jite horretako hainbat txanpon eskura eman ere: ausardia eta beldurra, jakintasuna eta ez jakintasuna, kementasuna eta ahultasuna… Dualismoa gure nortasunaren ezaugarria denaren lekukoak. Halaxe ageri berea ere.

Galarragak biluztu du bere burua, biluztu duenez. Familiakoek eskertu diote ahalegina ziur asko, baina, pentsu dut, naski, jagoitik “ez idatzi beste bat” gomendatu ote dioten. Lagunek ere halaxe. Edo halatsu.

Literaturak bizi du Aritz Galarraga. Bere gogoak hauspotzen du literatura. Eta, generoak genero, nobelak eta filosofiak gogobetetzen dute. Nobelagile bakar batzuen izenak ezagutzen nituen, irakurri, aldiz, gehienak ez. Filosofoak ezagunagoak zaizkit, baina horien obrek ezezagunak izaten jarraitzen dute oraindik ere. Gogoan —hartu— ditut beraz.

Gogoan ditut ere, bere bizitza osatu duten hamaika —niretzat— “anonimoak”. Liburuaren irakurraldiaren ostean beste hainbeste denbora eman dut “anonimo” horiek ezagutzen. Den-dena omen dago Wikipedian, tira, den-dena ezagutzeko bidean lagundu zaitzake.

Irakurraldiaren hasmentan gogamenak huts egin izan arren, gogoak ez nazala huts egin, arren. Hondarribiar katalandar honek musikaz osatuta dauka gogoa, baita musikariez beteta ere. Hutsak huts, musikak betetzen baitu gure izanaren gogo-zuloa, baita bizitza gogobetetzen ere. Zer erranik ez, halere errana: gogoan dut, zinemak ere zedarritzen du gure bizialdia.

40 urte eta gero hau. Beste berrogei urte bizi ondoren, polita litzateke, Gogoan dut (II) irakurtzea. Egileak nire adina + 20 urte gehiago izango luke, eta nik 100 urte.

Gogoan dut antzeko bat izan liteke, eta horregatik diferente.

Anartean gogoan dut Gogoan dut. Baita egunen batean, agian, apika, alzheimerrak ere bere gogoan har gaitzakeela. Oxala ez!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak