kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak / Iban Zaldua / Elkar, 2018

Sekula iruzkindu behar ez nizkizun ipuinak Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-07-21

Lagun izoztua nobela goragarria eta marjinatuaren peskizan ari naizela, Internet guztizkoan nabigatzen alegia, topo egin dut Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuarekin; Wikipedian zehatzagoa erranda. Are zehazkiago, “Euskarazko liburu ezagunen zerrenda” delakoan aurkitu dut. Tira, liburua “aurkitu dut” esateko modu bat da. Liburuak ez daude Wikipedian. Ostera, liburuaren egile Iban Zalduak dioenez, Wikipedian den-dena dago. Areago, Ikus, gainera… Liburuaren sei iruzkin edo kritika dituzu armiarma.eus-en. Internet guztizkoa: Indernet! Indenanet!

Den-dena dago Wikipedian. Dena izena du liburu honek biltzen dituen 32 ipuinetako lehena. Idazleari aski izan zaio orrialde bakarra dena sartzeko. Ordea, den-dena ez da sartzen liburu batean, ez bere barnean behintzat. Liburu honetan ere den-dena sartu ezinean, 33. ipuina kontrazalean doa. Eta ipuin hori ere, orrialde erdi batean kabitzen da. Ezin uka, idazle hau ipuinlari iaioa da.

Iban Zaldua ipuinlariaren magia, txispa eta grazia endelegatzeko gakoa kontrazaleko ipuinean duzu. Zaldua ipuin ingeniaria da, zorrotza eta gatzduna. Ironiaren maisua. Haatik, “asmamena” ez du horren gustuko, ez da bere graziazkoa. “Asmakizuna” ez zaio laketgarria, berba-ontziaren zentzuan, kontulari berritsu eta eleketariaren ariora. Hitzen jolasa ez du estimagarria.

Zaldua akademian zailduta dago, literaturan funtzionatzen dakien “funtzionarioa” da. Funtzioak ez du funtsean, inolako funts deitoragarririk, ezta, beraz, funtzionarioa izatea ere —Euskal Literatura sariduna da, euskaraz nahi gaztelaniaz—. Funtzioa funtsezkoa da, literaturak funtzionatuko badu. Erran nahi baita, magiko tasunik gabeko ipuinaren sorkuntzak funtzionatu dezake. Horretarako baina, ipuinaren arrakasta lortzeko, ipuinak atzera karga berealdikoa behar du, baita bere atzera-begirakoa berebizikoa izan ere. Zentzu horretan, Iban Zalduaren bagagea eskerga da, bere ekipajea apartekoa medio, bere ipuinak errealitatearen adierazle isla dira.

Ipuinlari den aldetik ez ditu gustuko ez egunerokoak ez autobiografiak. Idazle dohatsua —dohaindua— denez gero, eguneroko bizitza eta bere pertsonaien biografiak, horiek guztiak, berez integratuta daude bere ipuinetan. Bere ipuinak tatxarik gabekoak dira, orbangabeak, aratz, garbi-garbiak… Idazlearen bizitza nolakoa, halaxe bere emana literatura gintzan.

Iban Zalduak, idazten ari dela idazten duen idazlea den aldetik, literatura gaixotasun gisara bizi du. Iban Zaldua terriblea da. Alta bada, zoriaz eta loriaz, bere trauma ez da ETAk eralkia izan. Bakerako bere jaidurak bere espiritua hondatua izatetik libratu du, bere izana babestu du hein handi batean. Beraz, idazten duenean, idazten ari dela bera ere, ez du galbaherik behar. Alegia, bakezalea denez gero, bere ipuinetan ez dago dudazko moralik, bere ipuinak, inolaz ere, zirrikiturik gabekoak dira espiritu etikoari dagokionean. (Ez naiz pertsonaien moralaz ez etikaz ari, idazten ari dela idazten duen idazleaz ari nauzue).

Kanta batek honela dio: “Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe…”. Ipuinotan —ipuin liburu honetan— ez da falta Txabi Etxebarrieta, ez Pertur, ez Naparra ez Yoyes ere. Besteak beste. Zer litzateke, berriz, Iban Zalduaren literatura ETArik gabe? Zer litzateke bere literatura, musikarik eta literaturarik barik. Zer litzateke bere literatura metaliteraturarik gabe? Zer litzateke halaber, meta-musikarik barik? Hori bagagea, hori ekipaia. Eskerga inondik nora ere.

Jendarte postmodernoan bizi garenez gero, euskaldunok artean modernoak izateko “eginbidea”-n nekez ari bagara ere, nekez ari betiere, —“nekazariak” izateko deituak izan ginen eden honetara—, gurean “omenaldia”, zeregin berebizikoa, ekimen frustratua bilakatu da. Oharra: Omenaldia izenburuko hiru ipuin dira liburuan. Hartara, paradisua galdu genuenez gero, “omenaldi modu berria” nola gauzatu ikasi beharrean ari gara.

Omenaldiak omenaldi, Iban Zaldua idazle zailduari omenaldi bat egin behar zaiolakoan nago. Besterik ez bada, Angel Erro lagunari arrazoia ez emateko. Iban Zaildua artean bizi-bizirik baitago.

Euskal literatura bertsio postmoderno eta eskas bat bilakatu ez dadin, Ediporen madarikazio transferitua akabatu behar dugu lehenbailehen. Hartaz, 33 ipuinok Kristoren adinera eraman zaitzakete. Ipuinok inflexiorako behar dituzun euskarriak izan daitezke.

Sekula iruzkindu behar ez nizkizun ipuinak dituzu. Alta bada, ipuinok zu —iruzkin honi esker balizko irakurle izan edo bihurtu zaitezkeen hori— txunditzeko grina piztu didate. Ez dizkizut banan-bana nire galbahetik pasa alafede, den-dena ezin baita iruzkin urri eta mugatu batean sartu ere. Ez dago espaziorik, ezta denborarik ere. Bestera jardutea absurdua litzateke. Bizitzaren ironia nolakoa, iruzkin (h)onena halakoa. Ironia edota inkongruentzia. Disimuluan ari al naiz edota plantak eginez?

Azkenik: ipuinen gakoa ez daukat nik, baina fida zaitez ipuinekiko nire maitasunaz, nire amodioa itsuski itsua badarik ere. Ipuinon gakoa izan ezean, apika, berauek akabatzeko balak eskaini ahal —edo nahi izan— izan dizkizut. Errebolberra aurkitzea zure esku dago betiere.

Eta fini: ipuinok, zorionez eta zoritxarrez —dualtasuna ekidin ezina da gizakiontzat oraindik ere, euskaldunontzat zer esanik ez—, ipuin hauek berriz diot, zaurgarriak dira. Bai maitea. Kasuren batean hilgarriak izan ere. Den-dena dago Wikipedian, baina den-dena ez da saihesgarria ez itzurgarria, ezta hiltzea bera ere. Iban Zaldua izugarria da.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak