kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Zeruak eta infernuak / Jesus Mari Olaizola "Txiliku" / Elkar, 2021

Txikikerien handitasuna Hasier Rekondo / Deia, 2021-05-08

Jorge Luis Borgesek ohikoak zituen sententzia epifaniko haietako batean zera esan zuen: “beste batzuek idaztea lehenesten badute ere, askoz harroago nago nire irakurketez”. Bada, J.M. Olaizola “Txiliku” zarauztarrak irakurtzearen harrotasun horretan murgildu nau “Zeruak eta infernuak” literatur kroniken liburu soil bezain eder honekin. Harro nago liburu hau irakurri izanaz, eta hori ez zait egunero gertatzen.

Haur eta Gazte literaturan nagusiki jardundako “Txiliku”k benetako gardentasunez idaztea zer den erakusten digu helduen sailera egin txango honetan, hitzaren zentzurik zabalenean, non txikikeriak zein bitxikeriak handi, zentzurik zabalenean berriro ere, egiten baitiren.

45 pieza dira, batzuk beste batzuk baino erakargarriagoak, baina denak ala denak literatur distira xume baten erakusleiho. Eta badu meriturik, halaber, gurean azken garaiotan ezohikoa den marginaliaren eremuak jorratzea, literatur estandarraren esparruetatik at kokatzea, edukiari dagokionez batez ere. Oka egiteraino jorratutako gure errepublika txikiko gai totemikoetatik aldentzea ez da erraza, irakurleari utziko diot gure idazle ospetsuenek behin eta berriro erabiltzen dituzten gaiak zeintzuk diren asmatzea.

Erlijio ezberdinek, gizateriaren historian zehar, eraikitako paradisu zein infernuak literatura egiteko mcguffin gisa erabiliz, aurretiko irakurketa, pentsamendu edo gertaera txiki batetik abiatuz apetaz ehundu ildo narratibo sakon eta era berean likido bat sortzeko gai dela erakusten du zarauztarrak. Askotan ildook ez dira erabat logikoak baina logikak ez du gozamenarekin zerikusi handirik eta hemen gauza txikiek sortzen duten gozamen antzuaz ari gara.

Antzinako garaiak edertzeko joera izanagatik, “Txiliku”ri ez zaio gailenduko nostalgia antzu bat. Gizarteen eta erlijioen zentzugabekeria lazgarria zein kultura ezberdinen kronista gozagarri bihurtuko da.

Kontatzeko poztasun neurtu bat hedatuko da liburu osoan zehar: garden, neurritsu eta antigoaleko jakituria baten jabe. Trikuaren txokoa izenburuko azken kronikan, epilogo gisara, garai batean Zarauzko kontxa izaniko eta egun ahantzitako Zamariko Zulotik —Lizardik Lizardi izan baino lehen Samaiko Zulo ezizena erabili zuen haren lanak sinatzeko— idatzitako kronikon egileak berak diosku trikuaren erara bere baitara kiribiltzea gustuko duela. Haren idazkiak ere beren baitara kiribiltzen dira.

Historiaren zirrikitu ezezagunak, etimologia eta irakurketen eraginezko kronikotan jakintza zabaltzeko grina da nagusi, eta bada salaketarako unerik ere. Zamba kontakizunean “Txiliku”k zuzen agertuko du narratzailearen iritzia. Artidorio Cresseri musikari argentinarraren gaineko kontakizunean, milongen etimologia eta zamba musika motaren zenbait datu erakargarri eman ondoren, Cresserik maitalea kolpe txar batez hil zuela diosku “Txiliku”k, tango edo milonga batean gertatu ohi zen gisara. Gerora ospetsu bilakatuko zen “La Lopez Pereyra” zamba-abesti bat eskainiko zion epaiketan abokatu izan zuenari. “Bere onetik kanpo” hil zuela argudiatuko du abokatuak epaiketan eta musikaria libratzea lortu. “Geroztik, bere onetik kanpo dagoen gizon gehiegitxok akabatu ditu emazte, maitale eta beste hainbat emakume emozio bortitzen eraginpean. Narrazio ildoen matazak eta txikikeriak fineziaz agertzea du kronista horrek altxorrik preziatuena.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak