kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Moskito / Igor Estankona / Susa, 2020

Moskito Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2020-09-05

Plazerez irakurri dut “Moskito”, poema bakoitza patxadaz dastatuz. Ibilbide koherentea egin du Igor Estankonak lehen liburutik, “Anemometroa” gogoangarri hartatik. Ez du ale gehiegi eman argitara, tantaka baizik, beti ondo dekantatuak eta patxadaz. Zerrenda horretan distira bereziz ageri dira “Tundra”, “Ehiza eta nekea” eta “Iratzeen esporak”. Poesia kritikari bezala, halaber, ibilbide luze bezain sendoa egin du, eta hor ere utzi du bere zigilu propioa, poesiara hurbiltzeko eta hura dastatzeko bere ikuspegi argigarria.

Badute Igorren poemek hoztasun bero moduko bat, argitasun ilun bat. Klabe pertsonal batetik abiatzen dira sarritan, bizipen edo gogorapen batetik, eta irakurlea poeman barneratu ahala, linternarekin poemaren leizea argitzen doala, bat-batean esaldi batek dena argitzen du, eta leizea lore bat bezala irekitzen da irakurlearen begietara. Irudi eder, sendo eta iradokigarriz hornituta daude poemak, irudimenari eta surrealismoari tartea eskainiz, baina metronomoaren orratzak markatutako norabidetik urrundu gabe. Geratuko da portu honetan edo kostalde hartan, omenaldi txikia egingo dio honi edo hari, baina ontziak erabakitasunez egingo du aurrera, esan beharreko horren ildoari jarraika. Poema batek hunkitu egin behar gaitu, barruraino sartu behar zaigu isilean, eta eztanda egin behar du emeki, pirotekniarik eta artifiziorik gabe. Poema batek oreka behar du esaten duen eta gordetzen duen horren artean. Argitasuna bilatu behar du, baina misterioari uko egin gabe. Gardena eta hermetikoa behar du izan aldi berean. Neurri batean, poesiagintzak antzinako greziarren “aletheia” kontzeptutik edaten duela esan daiteke. “Aletheia”k “egia” esan nahi du, “ezkutaturik ez dagoena”, edo izatearen “desezkutatzea”. Poemak horixe egiten du, ezkutua agerira atera, ezkutua arakatu.

Estankonak ia beti lortzen du hori. “Moskito”n maitasunari eta gurasotasunari eskainitako poema ederrak daude. “Kaneari iritzi genion latz eta urrun./ Gure logelari ez. Gure logelari ez./ Ostera datorkit han ezagutua orain daukan formarekin/ zure orduko gorputz maitea”. Gorputz hori “eraztun eta eraztun infinituetan” amai daiteke. Poetak edonon jartzen ditu ezpainak, azalean, ileetan, kanpoko nahiz barruko geruzetan. Badaki aukera handia dagoela, eta zentzumen guztiekin lotzen zaio zereginari. Hizkera neurtuz eta erritmo landuz ebakitzen du “gaur gaueko efemeridea”, eta badaki keinu txikien epika eta garrantzia harrapatzen, badaki gorputz konplizearen abaroan berotasuna bilatzen. Eta, halako batean, metafora bikain batez definitzen ditu (gurasoaren ikuspuntutik) heldutasunean ia oharkabean murgiltzen doazen seme-alaba gazteak: “aurikularrak jarrita doazen txoriak”. Eta izua usatu nahi duenean, hodiak asmatzen ditu beldurrarentzat. Gainera, ez dio iskin egiten kontraesanari. “Gure maitasuna txarto zebilen/ baina ez genekien zelan/ geldiarazi”. Eta badaki koral bihurtutako hezurrak engainuzko itsaso batean egon daitezkeela. Indarkeriaz ere mintzo da sotilki, arrandiarik gabe baina zorrotz. Baita minaz ere: “eta kendu zionean haizeak/ kimioterapiaren kamuflajea”. Esan behar duen hori doi eta indartsu esaten du, natural, baina ezein errazkeriatik urruti. Hitzarekin lan egiten du poetak, eta ahalik eta zuku handiena atera behar dio. Dantzan jarri behar du irudimenarekin, ur berean biak, iradokitzaile.

“Helenitatea, euskaltasuna, lilura”. Horra Igorren poesiagintzaren beste ardatzetako batzuk. Barne eta kanpo bidaia. Amorgosetik Zeberiora, Kretatik Sarasolako bidera. Halaber, naturaren eta paisaien kontenplazioak, leku garrantzitsua du poema-liburuan. Poeta sorterrira itzuli da urte askoren ondoren, orduko Arteara, amaren etxe zaharrera, nahiz jada ez den han inor bizi. Orozkoko artzain batekin ere hitz egin du: “behin batek esan zidan ezin uler zezakeela zergatik/ edaten zuen jendeak alkohola/ bera mozkortzen zela ikusi hutsarekin pagoak/ Lekandako maldan”.

Poesia zaleari opari bat eskaini dio Igorrek. Harrixka berri bat erortzen utzi du basoan, noizbait etxera itzuli ahal izateko.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak