« Kabitu ezina | Egiazkoak zein apokrifoak »
Itsas bizimina / Pello Otxoteko / Balea Zuria, 2019
Blues bat Pello Otxotekori Felipe Juaristi / Grand Place, 2019-12
Ez gara poetak bakarrik, poesiaren bila gabiltzan gizakiak ere bagara, Stevensonen piratak altxorraren bila bezala. Poesia altxorra da eta poetak piratak izan gaitezke, prosazalea eta prosa-adoratzaile den garai honetan. Tradizioa dugu horretan ere, ez alferrik, hitz ederrak “perlak” dira giza irudimenean, eta ez da perlarik falta ez poetaren ez pirataren altxorrean. Baina poesia altxorra dela esanda poesiaren definizioa oro saihesten dugu, ezkutatuz. Poesia definitzea edo bera zehazten saiatzea alferrikako ariketa da. Ezkutuan dagoen altxorra ez da altxor, misterioa baizik. Erakusten ez den poesia, kantatzen ez den poesia, alegia egiten ez den poesia ez da poesia, planoan edo irudimenean dagoen uhartea baino ez.
Otxoteko poeta estimatua da, bere poesia ezagutzen dutenen artean. Beste kontua da zenbatek irakurtzen duen, gure artean, poesia. Gutxi gara, baina horrek ez du esan nahi poesia hilzorian dagoenik. Pentsatzen duen jende asko ere ez dago, gure artean diot, baina horrek ez du esan nahi pentsamendua galduko denik, eta gizon-emakumeek pentsatzeari utziko diotenik. Denek ez diote uko egingo pentsamenduaren lanbide horri, pentsatzearen plazerari. Baina, jakina, pentsamendua ez dago modan eta poesia ere ez. Zer esanik ez pentsamenduaren zantzuak dituen poesia. Zer esanik ez pentsamendu horren ezaugarriak filosofikoak badira.
Otxotekok, izan ere, filosofia eta poesia uztartzen ditu, poeta batek soilik uzta ditzakeen erara. Worsdwort poetak zioen ezen poesia zela idazteko forma guztien artean filosofikoena. Poeta-kontuak. Poeta onak izan daitezke era berean filosofo onak, baina filosofo onak nekez izango dira filosofo onak. Liburu hau irakurtzen duenak jakingo du poesia pentsamendu filosofikoaren gainetik altxatzen dela, poeta gailentzen zaiola filosofiaz mintzatzeko gogoa duen pentsalariari. Eguneroko kontuetan ikusten, nabaritzen edo sumatzen dituen arazo metafisikoei buruz idazten du Otxotekok, ez arazo metafisiko horien azalpena emateko, egunerokotasunari irtenbide arrazionala emateko asmoz. Ez da erraza, eguneroko kontuak oharkabe pasatzen dira. Baina haiei buruz gogoeta eginez gero ikusten da egunerokotasunean eternitatea dagoela, eta Odiseo eta Ulises bezala ibil gaitezkeela egunetik egunera, amaierara iritsi gabe, edo, iritsitakoan, Peneloperik ez dugula gure zain. James Joycek Dublineko egunaldi bat deskribatzen du, nobela maisu eta maisu nobela den horretan. Egunerokotasuna asko da egunetik egunera ere. Otxotekoren poesia, izan ere, pentsamendua, hau da arrazoimena, eta sentipena, uztartzeko saioa da, hitzen bidez egina. Horregatik poesia deitzen diogu. Poesia, Otxotekoren arabera, gizakiaren kezkagarri diren gaiei buruz idazteko modua da, hitzez esatekoa.
Izan ere hitzik ez dagoen tokian ez dago ezer. Isiltasuna esateko modua da, ez esanez.
Modu poetikoak hiru ezaugarri ditu, laburbilduz.
Edertasuna:
Otxotekok garrantzia handia ematen dio edertasunari, poesiari dagokionez. Baina zer da edertasuna? Nire iritzian edertasuna dena da, eta, horregatik, ezer ez da. Baina Otxotekorentzat edertasuna egiaren beste izena da.
Eguzkiak bezala, gure neurria ematen digu.
Eta hau guztia, izan badena, geure neurrira antolatzen dugu / gure ispiluak gure edertasuna erakuts dezan,
Eguzkiak bezala, itzala eta argia bereizten ditu, eta argiak esaten digu zer garen eta argitara jakin dezakegu nor garen.
Mundu hau ez da erreala, / ez bada gure pentsamenduaren ildotik. / Edan dezagun bada, / goizalbak eta arrastiriak / ?eder diren horietan eder!? / desagertu baino lehen.
Betikoa da, baina ezkutatzeko joera du. Jakin behar ikusten.
Egia zuhaitzen adarretan / zintzilik dago, / hostoen zurtoinen ertz orotan. / Baina haizearen eraginez / egia hori ez da guregana iristen, / mozorroturik agertzen da / gizakion begi inozoetara. / Ederra da baina, / bere horretan izan baden heinean.
Baina edertasunak egiak bezala badu bere ifrentzua, bere alde iluna, ilargiak bezala. Izugarria da, beldur-eragilea, ezezaguna izateagatik.
Heriotza bizitzari hedatzen zaio / petaloak arnas berriari irekitzen zaizkion legez, / eta topagune horren barne taupadan / edertasunaren printzak ederragoak dira guretzat.
Rilkeren aingerua datorkit gogora. Edertasuna, azken finean, suntsitzaile ere izan daitekeelako.
Edertasunaren aurrean / hotzak jota geratzen gara.
Sakontasuna:
Otxotekoren poesia landua ez ezik, sakona ere bada, sakontasuna sakonki gordeta dagoen garai honetarako, esan nahi dut. Sakontasuna ere, kontzeptu eta helburu poetiko gisa ez da lehen zena. Rafael Sánchez Ferlosiok horixe adierazten du elkarrizketa batean. Berak ez dio garrantzirik ematen sakontasunari. Dio asmakizuna dela, hitzak sakratu bihurtzeko asmoa dutenek estimatzen duten mamua. Jakina, ez dagoena baloratzen eta balioztatzen da, dagoenaren aldean esan nahi dut. Idatzitako guztia sakona balitz, beste iritzia genuke sakontasunari buruz. Baina, zoritxarrez, arina eta azalekoa baino ez da ikusten, gure artean ez ezik, baita kanpoan ere. Baina sakontasuna hor dago, aztarrika ibiliz gero ikus daiteke. Sendoa den oro airean desegiten den bezala, sakona den oro azkenik azalera etortzen da, era batera edo bestera.
Sakontasuna da, nire iritzian, poesiari beste koxka ematen diona. Otxotekok ez du gertatzen dena soilik esaten, hortik bere ondorioak ateratzen ditu, eta ideia orokor eta betikoen kristalaren arabera gurera ekartzen. Ez da poesia idazten duen filosofoa, ezta filosofia egiten duen poeta, azaleko gertaeretan sakoneko bizitza aurkitu nahi duen itsasgizona, alegia pirata.
Bizitzea / bizipenen bidez / zeure mapa eraikitzea da / haren kareletik /ez erortzeko. // Alferrikakoak dira ordea / iparrorratzak / eta bitakora kaierak. / Norberaren mapan / oinak tinko tenkatzea, / horixe da garrantzitsuena.
Oinak tinko tenkatzea, bizitzari aurre egitea, gertatzen dena arrazoimenaren ikuspegitik aztertzea, hori da Otxotekoren bidea. Itsasoa, ezezagunagatik denik eta sakonena baita. Izugarriena ere bai. Sakonak dira poesiaren gaiak. Tartean isiltasuna, hitzez esan ez daitekeen hori. Poeta eta kritiko batzuek diote poesiaren helburua isiltasuna dela. Ni ez nago ados, poesia hitza da eta hitzak isiltasunaren tamaina eta neurriak hartzen dituenean ez da hitza izango, beste zerbait baizik.
Isiltasuna, ordea, babesa ere izan daiteke
Heriotzaren aurrean, isiltasun hotza. / Sufrimenduaren aurrean, isiltasun beroa. / Atsekabearen aurrean, isiltasun lehorra. / Ezintasunaren aurrean, isiltasun hezea.
Sakona esaten dudanean bizitzaren eta heriotzaren arteko ibilbide neke eta gogor hori esan nahi dut. Denok dugu iritziren bat edo beste bai bizitzaz bai heriotzaz. Denok uste dugu badakigula zer den bizitza, eta susmatzen dugu heriotza ere zer den badakigula. Baina bizitza, askotan, azaletik joaten zaigu, eta heriotzaren berri ez dugu, berak beregana deitu arte. Otxotekoren poesiak era ederrean adierazten digu non dauden bataren eta bestearen arteko mugak.
Nekez jakin dezakegu bizirik gaudela / begiak ireki eta mundua ezagutu arte. / Nekez suma ditzakegu bizitzaren gazi-gozoak / haien taupada azalean erabat sentitu ezean. / Nekez ezagut ditzakegu errealitatearen nondik norakoak / jakintzaren gutxieneko zati bat barneratu gabe. / Nekez uler ditzakegu sentimenduen ondorioak / ezin badugu geure sentipenen iturburua arakatu. / Nekez ikus dezakegu benetako argia / gauaren iluntasuna gorputzean dastatu arte. / Bitartean, galdera ugari etor dakiguke / nora ezean goazen heinean. / Hala ere, aurrera goaz, bidea eginez. / Azken finean, gutxi dakigu helmugaz, / are gutxiago nora joan nahi dugun, / eta gutxiago oraindik grina horren zergatiaz. // Bizitza, goiz bat izan daiteke leihotik begira; / grisa, zirimiriaren errezelekin, edo guztiz euritsua, / tarteka eguzkitsu eta alaia, besteetan haizearen aldaerek joa. / Baina azken finean horixe besterik ez, goiz bat leihotik begira.
Bizitza goiz bat izan daiteke, edo, asko jota, arratsalde bat.
Bertute handia da / Heriotzari aurrez aurre hitz egiten jakitea / isiltasunaren silaben bidez, / eta bizitzaren edertasunak hari kantatzea.
Bizitzaren edertasunak dena gailentzen du. Bizitza gehiago da heriotza baino, besterik ez dugulako zentzumenenekin harrapatzeko.
Betikotasuna:
Betikotasuna ez da betikoa, betikoa izateko desira baizik. Ez gara betikoak, uneari lotuta gaude eta horregatik hilkorrak gara. Hori jakitea gauza bat da, horretaz jabetzea bestea. Otxotekoren poesiak horretaz jabe gaitezen esaten digu.
Unea duen denbora, istant berezia, / infinitua hausten duen zartadura, / irribarre bat etsipenaren eremuan / mugagabean betiraunen duena. / Horixe baita unea: zentzuz beteriko istant magikoa.
Poesiak iraun nahi du bizirik, denok bezala. Baina guk ezin duguna hitzak lor dezake.
Dena bukatzen da ezerezean, / izan ere deuseza bada zerbait osotasunean, / betierekoa ez bailitzateke ezer izango galerarik gabe. / Betierekoak zentzua lortzen du galkortasunean, / izan ere, ezerezak etengabe iraunen baitu / betirako, betirako, betirako.
“Betiraunde”, “betikotasun”, hitz asko kontzeptu bera esateko. Poeta gizaki mugatua da, bere denbora duena eta bere denborari eutsiko diona, norarik gabe. Poesiaren bidez ordea, hitzaren bidez, lor dezake gorputz eta arimaz lortuko ez duenik. Poeta ez da hemengoa, bere denbora ez da gaurkoa, eta idazten hasten den unetik distantzia jartzen du bera eta bere garaiarekin. Lehen liluragarri zuena orain arbuiagarri zaio, lehen ilusioz betetzen zuena, orain hutsik uzten du. Denbora gainditu baino gehiago denbora ezeztatu nahi luke Otxotekok. Baina ezin, ez bada errealitatetik haratago dagoen lurraldera joz.
Eternitatea oraingo honetan dago, badoan une iheskor horretan. Harrapatzen jakin behar. Memoria dugu lagun bakarra, eta betikoa, bizi garen bitartean.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres