kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Txoria nintzela / Xabier Etxeberria / Elkar, 2019

1980ko musika Ibon Egaña / Deia, 2020-02-29

Xabier Etxeberriaren Txoria nintzela liburuko lehen ipuinak, 1982 izenburua darama, eta hasierako paragrafoan bertan zerrendatzen dizkigu narratzaileak sasoi historikoaren koordenadak: “Italiak irabazi du naranjitoren mundiala eta Ingalaterrak Malbinetako gerra”… Alabaina, ipuina testuinguruan kokatzeko bezainbeste balio dute ohar historiko horiek ipuin bildumaren paisaia irudikatzeko, izan ere, 1980ko hamarkadan haur, nerabe eta gazte izandako belaunaldiaz dihardute ipuin hauek. 1974an jaiotako idazle zarauztarrak haurtzaroan eta gaztaroan bizi izandako giro bat dute komunean Txoria nintzela-ko istorioek: izenik ez duen arren, Zarautzekin erraz identifika daitekeen herri euskalduna, egoera soziopolitiko jakin batek markatua (gaztetxea, punk mugimendua, indarkeria politikoa, heroina…). Askotarikoak dira marko horren barruan ipuinek hizpide dituzten gaiak: lehenengoan, haurren arteko liskarrek euskaldun eta maketoen arteko gatazka sakonagoa du hizpide; bigarrenean, 1983ko uholdeek jartzen diote markoa lagun arteko traizio eta erruduntasunari. Hurrengo biek, nerabezaroarekin batera errebelatu ohi diren bizitzaren egia birekin jartzen dituzte aurrez aurre pertsonaiak: desira sexualaren ernatzearekin eta heriotzaren presentziarekin, hurrenez hurren. Nerabezaroko gaueko flirteoen ingurukoa da Ella vino y yo ardo. Eta azken bietan, testuinguru sozio-politikoak hartzen du ipuinen lehen planoa, kultura politikoen arteko tentsioak agertuz eta indarkeria politikoa formarik tragikoenean papereratuz.

Formaz eta estiloz ere desberdinak dira ipuinak, baina badira errepikatzen diren zenbait teknika narratibo ere: egoera edo pertsonaien perspektiba txandakatuz sortuak dira La gota fría, Ella vino y yo ardo eta El coche fantástico, eta bi ikuspegien konbinazioak ezusteko amaierara arte tentsioa elikatzea du xede narrazio horietan. Erdiko ipuin luzeagoetan, berriz, elementu errealistak eldarnio, amets eta elementu fantastikoekin nahasten dira, bien arteko giro anbiguoa sortuz. Ipuin ia guztietan du amaierako ezusteak pisu nabarmena, desorekatua ere bai, nire gusturako, eta gehiago ase naute kontakizun labur ludikoagoek.

Pertsonaiak ipuin batetik bestera ezberdinak badira ere, zenbait berriz agertzen dira, eta lehenengo ipuinean haurra zena azkenaurrekoan gazte punk bihurtuta sartzen da ostera eszenan. Batasun horiek ipuinei sumatu diedan trinkotasun eta sendotasun falta konpentsatzen dute. Era berean, gustatu zait haurtzaro-gaztaroko giroa irudikatzerakoan garaiko erregistroak eta hitzek (“hermanoen eskola”, “subnormaletako frontoia”, “kafe torero”) sortzen duten hurbiltasun eta sinesgarritasuna. Ipuinek badute arintasun eta umore ukitu bat, narrazioen izenburuetan sarri azpimarratzen dena, eta hein batean testu hauek pretentsio gehiegirik gabeko kontakizun gisa irakurtzera gonbidatzen gaituena. Ni neu ez hau asebete proposamen literario horrek, eta faltan hartu dut pertsonaien eta egoeren deskribapenetan trinkotasun handiagoa edo baliabide narratiboei etekina ateratzea, nahiz eta eskertu dudan neurea ere baden 1980ko haurtzaro haietako “musika” orriotan entzutea.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak